Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
 
ihitza 28




Begiratokia

KONTSUMOA ETA HEZKUNTZA

Edgar González-Gaudiano
Mexikoko Nuevo León Unibertsitate Autonomoko Gizarte Ikerketarako Institutuko ikertzaile titularra


Edgar Gonzálezen iritziz, azkeneko hamarkadetan geroz eta herrialde gehiago dira ingurumena babesteko neurriak hartzen hasi direnak. Eta, printzipioz, joera positiboa dela uste duen arren, neurriak oso eraginkorrak ez direla izaten ari nabarmendu du, ingurumena kaltetzen duten joerak ez direlako gutxitu.

Egungo kontsumo joerak aldatzeko ohitura areagotzen ari da. Aldaketarekin ingurumen inpaktua, eta soziala, geldiarazi nahi da. Etxeko-andreak dira, bereziki, neurri horiek bultzatzen dituztenak. Besteak beste, taldeka antolatzen dira ingurumena apenas kaltetzen duten kostu baxuko ondasunak bereganatzeko. Joera hori, batez ere, azkeneko bi hamarkadatan gauzatu da eta kostu ekonomikoak arintzeko, bizi kalitatea hobetzeko, ingurumena zaintzeko eta lan aukerak sortzeko bideratu da.

Baina neurriak ez dira izan oso eraginkorrak. Izan ere, apenas aldatu da egitura banatzaile globala eta ingurumena kaltetzen jarraitzen dugu. Herritarren ekintza antolatuak, tokian tokiko instituzioek emandako laguntzak, politika nazionalean antzemandako aldaketak edota enpresek bultzatutako estrategia berritzaileak onuragarriak izan diren arren, eragin eskasekoak izan dira.

"Produktuen kalitatea eta ekoizpen prozesuaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da"

Eta hori gutxi balitz, hartu diren behin behineko neurri desartikulatu eta izaera indibidualekoak aurre-ikusitako ondoriorik ez dute ekarri, alderantziz, kontrako efektuak areagotu direla esan genezake. Neurriak axaleko inpaktu negatiboak gutxitzera bideratu dira soilik, arazoaren jatorria aintzat hartu gabe. Gainera, herritarren artean egin beharrekoa bete izanaren sentsazioa gailendu da. Laburbilduz, hartutako erabakiak onuragarriak badira ere, ez dira nahikoak izan herritar xumeok merkatuaren gaineko kontrola eskuratzeko eta aldaketa kualitatiboa eragiteko. Ikaragarrizko gorakada ezagutu duen kontsumo berdearen –zenbait lekutan biologiko edo organiko bezala ezaguna– gorakada ere ez da nahikoa izan, inplikazio maila oraindik ere ez delako nahikoa, ingurumen kostuak ez dituztelako aintzat hartzen eta nekazaritzako zein abeltzantzako produktu askotan ezkutuko diru-laguntzak bideratzen direlako interes ezkutuen defentsan.

Zer egin dezakegu?
Behar beharrezkoa da herritarren ekintza antolatu, sistematiko eta etengabea, ikuspegi politiko indartsuarekin. Arazoaren aurrean indar taldeek eta Estatuek beste aldera begira ez dezaten lortu behar da. Eta hori da aukera bakarra.

Horrek ahalbideratuko luke gasolinaren, automobilen, abelburu-haragiaren edo detergenteen salmenta murrizteko edo ordezkatzeko jarduerak bultzatzea. Eta ez da broma, produktu horien salmenta dezente igo delakoa azken urteotan. Produktuen kalitatea eta ekoizpen prozesuaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da; beharrak eta nahiak bereiziz eta hezkuntza baliatuz gizartea balore egokietan hazteko. Modu horretan soilik lortuko dugu herritarrok aukera iraunkorren aldeko apustua egitea, bereizketa soziala eragiten duten jarduerak alboratuz.

Era berean, kontsumo arduratsu batek ezin du ez ikusiarena egin. Kontsumo posizionala, desegokia eta luxuzkoa eragiten dituzten enpresen edo herrialdeen aurkako neurriak hartu behar dira; adin txikikoekin lanean ari direnak, hondakinak eta emisioak kontrolatzen ez dituztenak, ekologiari bizkar ematen diotenak, lan istripuak ekiditeko neurriak hartzen ez dituztenak, gutxieneko soldata ordaintzera iristen ez direnak edo lehentasunezko tratua jasotzen dutenak zigortu egin behar dira.

Bizitza estilo globalera bideratu eta erosleak manipulatzen dituzten publizitate kanpainen aurrean ingurumen hezkuntzak zeresan handia izan behar du. Publizitate kanpainek, gainera, errealitatea desitxuratu eta herritarren migrazio nahiak areagotzen dituzte. Bere herrian lortu ezin dituzten ondasunak kanpoan bilatzeko deialdia egiten dutelako. Beste herrialdeetan bizi-maila hobetu dezaketen irudia saltzen dute, eta jendeak sinetsi egiten du.

Gaur egun kontsumoak gizartea mailakatzen du. Kontsumorako zenbat eta ahalmen gehiago izan, orduan eta maila sozial hobea. Ideia hori oso hedatuta dago. Eskolak bakarrik ezin du egoera irauli; behar beharrezkoak dira beste eragile sozial garrantzitsuen inplikazioa. Eta noski, epe luzeko borroka izango dela barneratzea. Egoera iraultzen hasteko garaia da, gure gizarte honetan ez baitaukagu denbora sobran.

Azken eguneratzea: 2009/02/23