www.libroverde.cl
El libro verde de los niños Txileko Fundación Casa la Paz elkarteak kudeatzen duen web orrialdea da. Herrialde guztietan ingurumen arazoak areagotzen ari direla ikusita, eta helduok irtenbide egokiak emateko gai ez garela sinetsita, haurrei zuzendutako web orrialdea osatu du Fundazioak, "haurrak direlako etorkizunean ingurumen arazoak konpon ditzaketen bakarrak".
BIODIBERTSITATEAREN ALDE LANEAN
Fundación Biodiversidad irabazi asmorik gabeko elkartea da. Bere lan esparru nagusiak hiru dira: biodibertsitatearen kontserbazioa, ikerketa eta erabilera iraunkorra. Era berean, nazioarteko lankidetza eta garapena sustatzen ditu.
Fundazioaren helburua biodibertsitatearen kontserbazioan eta berreskurapenean erreferente bihurtzea da, nola Espainian hala atzerrian. Bere jardunarekin garapen iraunkorra, eta gizartea bera, sustatu nahi ditu.
Fundazioaren printzipioak eta baloreak lau puntutan laburbildu daitezke:
1. Parte-hartzea: Biodibertsitatearen kontserbazioan eta babesean ahalik eta eragile gehien inplikatu nahi ditu.
2. Gardentasuna: Printzipio hori errespetatzeaz gain gizarte ekimenak jasotzen ditu.
3. Berrikuntza: Biodibertsitatearen, ingurumenaren eta garapen iraunkorraren aldeko neurri berritzaileak sustatzeaz gain, formazioa bultzatzen du.
4. Integritatea, konpromisoa eta ardura: Iraunkortasuneko printzipioak errespetatzeko jarrera adierazten du.
Fundazioa hobeto ezagutu nahi baduzue, bisita ezazue www.fundacion-biodiversidad.es helbidea.
EGUZKIAREN UHARTEA
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ekoitzi duen jokoa da. 2112. urtea heldu da, ozono-geruzak kalte larriak ditu, eta munduko herrialde guztiak urpean geratu dira. Uharte bat besterik ez da geratzen, Eguzkiaren uhartea. Zure betebeharra uhartearen agintea hartzea eta ozono-geruza sendatzea da. Horretarako herritarren beharrak ase eta ingurumena zaindu behar duzu. Agintea hartzera ausartzen al zara?
CUÉNTAME EL AGUA
Liburua 3 eta 12 urteko ikasleei zuzendutakoa da, baina gurasoek eta irakasleek informazio interesgarria topa dezakete. Bertan, uraren gaia lantzen duten materialak, batez ere liburuak, aurki ditzakezue. Liburuaren egileek zabaldu nahi duten mezua argia bezain zehatza da: uraren kontsumo arduratsua egitea ezinbestekoa dela.
Bilduman hainbat liburu eta bestelako material proposatzen dituzte, eta bakoitzaren alboan hainbat datu argigarri eskaintzen dituzte: izenburua, egilea, haurrek eta hezitzaileek zer aurkituko duten edo zein adineko ikasleei dagoen zuzenduta.
Egilea: Cermelo Marcén eta Maria Teresa Guillén
Argitaletxea: Zaragozako Udala
PDFa: www.sol-e.com/bancorecursos/guias/Cuentame_el_agua.pdf
RÍOS, LAGUNAS Y COSTAS (DESCUBRE LA NATURALEZA)
Naturaren mundua ezagutzeko sarrera moduko bat da liburu hau. Modu alai eta dibertigarrian aurkezten zaie zientzilari gazteei natura. Hiru kapitulu ditu liburuak, eta kapitulu bakoitzean izenburuan agertzen diren hiru natur-inguruneetariko bat lantzen da: errekak, urmaelak eta kostaldeak, hurrenez urren. Liburuan proposatzen diren proiektuak errazak dira. Esate baterako, ikasleari erreka bat miniaturan eraikitzeko eskatzen zaio, edota ur-putzu bateko ekosistema irudikatzeko.
Egileak: Rally Hewitt
Argitaletxea: Panamericana Editorial
PDFa: www.gandhi.com.mx/index.cfm/id/Producto/dept/libros/pid/276651
URDAIBAI ETA URETAKO HEGAZTIAK
Urdaibai Biosfera Erreserbak bere paisaia-aniztasunaren ondare natural izugarria du, eta gida-liburu honek naturaren maitaleei ornitologiaren aparteko mundu honetan erraz sartu eta laguntzeko oinarrizko materiala eskaintzen du bertan jasotzen diren testuekin, argazkiekin eta marrazkiekin. Beste modu batean esanda, ekosistemaren funtzionamendua eta konplexutasuna ezagutzeko ikerketa dela esan genezake.
Liburua lau kapitulu hauetan banatzen da: Urdaibai eta uretako hegaztiak –gidaliburua erabiltzeko gomendioak eskaintzen dira–, espezien katalogoa, bibliografia eta aurkibidea espezieka.
Egilea: Jon Hidalgo eta Joseba del Villar
Argitaletxea: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
PDFa: www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-6172/es/contenidos/libro/guia_aves_acuaticas/eu_1525/indice.html
DVD honetan bost umek urarekin daukaten harremana kontatzen da. UNESCO Etxeak, Uraren Euskal Agentziaren eta EITBren laguntzaz, argitaratutako DVDa da eta 50 minutu irauten du. Bost kapitulu ditu Uraren ametsa DVDak:
1.“Ura garbitzen”: Benineko aintziraren kutsaduraz ari da.
2.“Naturaren legeak”: Herbeheretako haur batek bere etxea nola utzi behar duen kontatzen du.
3.“Ur bila”: Indiako familia batek ura etxera eramateko egin behar duen prozesua kontatzen du.
4.“Gatazken iturria”: Palestinan edateko ura banatzerakoan sortzen diren istiluak kontatzen ditu.
5.“Lainozaleak”: Txileko basamortuan lehorteari nola egiten dioten aurre kontatzen du.
Iturria: Uraren ametsa DVDa. UNESCO etxea; Bausan Films, 2008.
ERAKUSKETA:
AZTERKOTAKO ERAKUSKETA BERRIA
Azterkosta programak erakusketa ibiltari berria estreinatu du ikasturte honetarako. Erakusketa osatzen duten panelek formatu berria daukate, roll up itxurakoa, ikusgarriagoa eta erraz maneiatzekoa.
Erakusketak zortzi panel ditu (geologia, ageriko eta babestuko kostaldea, ingurumen arazoak kostan, gizakiaren aztarnak, natura aldetik leku interesgarriak...) eta Euskal Herriko kostaldea aztertzen laguntzen du.
Erakusketa astebete egoten da ikastetxeetan. Garraioa eta instalazioa doakoak dira eta eskaerak aztertu@ej-gv.es posta helbidera bideratu behar dira.
PUNTTU BERDEA
Gizakia, industria
ta hainbat almazen,
hegaztia noizbaiten
zoriontsua zen,
orain leku gutxitan
bizi dira zuzen,
denon ardura denez
kontura gaitezen,
hezeguneak inoiz
lehor ez daitezen.
Egilea: Aramaixoko Bertso Eskola (A.R.B.E.)
Neurria: 10eko txikia
Doinua: Maisu Ruanda zer da