Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
 
ihitza 28


 



Baliabideak eskura
 
 
EKIPAMENDUAK


PADURA ETA HEGAZTIEN MUNDUA EZAGUTZEKO
Ikasleak Txingudiko hezegunean dagoen hegaztien behatokian
Txingudi Ekoetxea Ingurumen Interpretazio Zentroa Plaiaundi Parke Ekologikoan kokatuta dago, Irunen (Gipuzkoa). Bertan, padura eta hegaztien mundua ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dituzte Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako. Talde edo maila bakoitzaren arabera programa ezberdinak izaten dira, baina beti ere curriculum proiektuari egokituta. Bisita gidatuen programa 2000. urtean abiatu zuten, eta orduz geroztik, urtean bataz beste 6.000 bisita jasotzen dituzte, horietako gehienak ikastetxeetako neska-mutilenak.

Txingudi Ekoetxeko arduradunek jakinarazi digutenez, bisitaren helburu orokorrak lau puntutan banatzen dituzte: padurako ezaugarri nagusiak ezagutzea; padura inguruneko garrantzia, aberastasuna eta bioaniztasuna baloratzea; inguruko fauna eta flora ezagutzea eta identifikatzea, hegaztiak bereziki, eta azkenik, gizakiak ingurunean egiten duen esku sartzeaz ohartzea eta ingurunea zaintzeko ohiturak bereganatzea.

Bi orduko bisita

Bisitaren iraupena bi ordu ingurukoa izaten da eta paisaia, ekosistema, padura, itsasadarra, bioaniztasuna edo migrazioa bezalako kontzeptuak lantzen dituzte. Hiru jarduera nagusi burutzen dituzte. Taldearen harrerarekin hasten dira; taldea talde txikiagotan banatzen da eta talde bakoitzari begirale espezializatu bana egokitzen zaio. Jarraian, Ekoetxearen aurkezpena egiten dute: “Bisitan ikusiko dituzten kontzeptuen azalpena ematen zaie. Gaztetxoenekin marrazkiak, tailerrak eta argazkiak lantzen ditugu, eta helduagoekin, berriz, bideo eta kamerak erabiltzen ditugu”, azaldu digute arduradunek.

Ikasleak Plaiaundi Parke Ekologikoan marrazten
Amaitzeko, parkean zehar ibilaldia egiten dute bertako paisaia, flora eta fauna ezagutzeko. Ibilaldian zehar, helduenek fitxa bat bete edota hegaztien tailerrean parte hartzeko aukera dute, eta gaztetxoenek, berriz, hegaztiak identifikatzeko jokoan aritzeko aukera dute.

Hegaztien gida

Arestian aipatu dugun bezala, hegaztiena bereziki lantzen duten gaia da. Horren harira, aipatu beharra dago 2008ko uztailean argitaratu zuten Hegaztien gida txikia. Erabilgarritasun handiko diptikoa da, berrogeita lau hegaztiren ezaugarriak (espeziea ikus daitekeen hilabetea, habitata, tamaina, ugaritasuna, ikusteko zailtasuna...) jasotzen dituena. Gida bisitari guztien eskura dago.

 


BISITAK EGITEKO:

943 619389 telefono zenbakia edo txingudiekoetxea@hotmail.com
Ordutegia:
Udaberria-Uda: 10:00-13:30 eta 16:00-18:30.
Udazkena-Negua: 10:00-13:30 eta 16:00-18:00.

 
ELKARTEA

 

Urdaibaien aldeko bolondresen plataforma

Urdaibaiko erreserba
Urdaibai Biosfera Erreserbaren defentsan ari den taldea da Galtzagorri Bolondresak-Urdaibairen Aldeko Bolondresen Plataforma. Urdaibai berria eraikitzeko ari da lanean plataforma eta bost talde diferentek osatzen dute: Gernika-Lumoko Ekologi Lan Taldeak, Agiri Arkeologia Taldeak, Aizerreku Urdaibaiko Natura-Gidariakek, Zain Dezagun Urdaibaik eta Urdaibai Txikik.

Urdaibairekin lotutako edozein ekimenetarako edo proiektutarako bilgunea izan nahi du plataforma honek. Beraz, Urdaibai baikorra eta pozgarria eraiki nahi duten guztiei dei egin nahi diete, plataformara gertura daitezen.


 
FILMA

 

UNA VERDAD INCÓMODA


Una verdad incómoda dokumentalaren kartela
Davis Guggenheimek 2006. urtean zuzendutako dokumentalak, Al Gore AEBetako lehendakari-orde ohiak klima aldaketak eragin ditzakeen kalteez ohartzeko egindako ahalegina jasotzen du. 2000. urteko hauteskundeak galdu ondoren, politika utzi eta planeta salbatzeari ekin zion. Al Goreren helburua bere mezua ahalik eta jende gehienari helaraztea izan da, “planeta salbatzeko” hartu behar ditugun neurriak lehenbailehen har ditzagun.

 
IRAKURKETAK

EUSKAL HERRIKO HEZEGUNEAK

Euskal Herriko hezeguneak liburuaren azala
Euskal Herriko hezegune interesgarrienen inguruko berriez osatu du Mikel Estonbak bere lana. Hezeguneen ezaugarri eta funtzionamendu orokorrak aztertu ditu, alde batetik, beren egoera mundu osoan zein den adierazi, eta era berean, bertako hezeguneak ezagutzen eta baloratzen jardun du hamar urtez. Behaketa horren ondorioak azaldu ditu liburuan. Gainera, gure ingurunea ezagutzea ahalbideratuko diguten hainbat ibilbide egitea proposatzen digu. Liburua irakurriz, besteak beste, hezeguneetako bizia, gizakia eta hezeguneak, itsasadarrak eta padurak, itsasertzeko urmaelak, zohikaztegiak eta lintzurak ezagutzen ikasiko dugu.

Egileak: Mikel Estonba
Argitaratzaileak: Elhuyar
Orrialde kopurua: 156

 

HEZEGUNEEN INGURUKO INFORMAZIOA

Euskal Herria aldizkaria, 10. zenbakiaren azala
Euskal Herriko hezeguneez idatzitako materiala urria bada ere, tarteka altxorraren balioa daukaten hainbat argitalpen aurki genitzake. Euskal Herria aldizkarian eta Gara egunkariko igandeetako Zazpika aldizkarian topatutakoak horren adierazle dira. Euskal Herria aldizkariko 10. zenbakian (2004 urteko ekaina-uztaila) gure inguruan ditugun hezeguneen txosten osatua daukazue; bertan, ehun bat guneren inguruko datuak biltzen dituzte. Era berean, sei ibilbide proposatzen dizkigute.

Zazpika aldizkarian, berriz, Ritxi Hernandezek eta Jon Benitok Euskal Herriko hezeguneen inguruan idatzitako erreportajea daukazue. Hain zuzen, 2008ko urtarrilean kaleratutako 470. zenbakian daukazue aipatu informazioa.


 
IKASMATERIALA

NAFARROAKO HEZEGUNEAK

Nafarroako hezeguneak ikasmaterialaren azala
Nafarroako Gobernuak irakasleentzako argitaratu zuen Nafarroako hezeguneak Gida Didaktikoak hiru helburu ditu: Nafarroako eskola-umeek bertako ekosistema hezeak hobeto ezagutzea, horien ingurugiro arazo bereziez jabetzea eta gizarte, ekonomia, ekologia eta kulturarentzat zenbateko garrantzia daukaten ohartzea. Era berean, Pitillas eta Las Cañas aintzirak ezagutzeko gonbitea egiten da.

Material didaktikoa argitaratu duten arduradunen hitzetan, Gida Didaktikoan Hezegune Babestuak ikusteko irtenaldiak antolatzeko orduan lagungarri izan daitezkeen aholkuak jasotzen dira.


 
MULTIMEDIA

KLIMA ALDAKETA

Klima aldaketa DVDaren azala
Klima aldaketari buruzko DVD interaktibo berezia kaleratu dute EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak. Klima Aldaketa izeneko DVD honek ingurumen arazoen aurka borroka egiteko tresna izan nahi du, eta proiektuaren helburuak hauexek dira: klima aldaketari aurre egiteko herritarrak sentsibilizatzea, haren ondorioak jasateko prestatzea, berrikuntzaren kultura sustatzea, eta Euskal Autonomia Erkidego iraunkor bat ahalbidetzea.

Infografiek, irudiek, bideoek, hiru dimentsiotako grafikoek, testuek eta bi ibilaldi interaktibo birtualek osatzen dute DVDa. Klima aldaketaren inguruan informatzea helburu duen multimedia berezi hau lau hizkuntzatan dago: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Joan den uztailean aurkeztu zuten ekimena, eta irailetik aurrera DVDa eskuragarri dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe nahiz kultur etxeetan, eta baita EITBren webgunean ere (www.eitb.com/infografia-multimedia/klima-aldaketa.html).


 
WEBGUNEAK

WWW.CMS.INT

www.cms.int web orrialdea
Web orrialdea ingelesez dagoen arren –sarrera gazteleraz irakur daiteke–, fauna basatiko migrazio-espezien berri ematea egoki iritzi diogu. Hori da, hain zuzen, gomendatzen dugun web orrialdean aurkituko duzuen informazioa. Animali horiek babesteko hitzarmena 1983an sartu zen indarrean eta egun 109 herrialdeak onartzen dute. Guztira 117 espezie daude babestuta, tartean kurrilo zuria, Carey dortoka, mediterraneoko itsas zakurra edo dama gazela.

 

WWW.PROHUMEDALES.COM.PE

www.prohumedales.com web orrialdea
Web orrialde honetan Peru kostaldeko hezeguneen informazioa aurkituko duzue. Peruko hezeguneak urrun egon arren, interesgarria iruditu zaigu web orrialdeak eskaintzen duen informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneetarako aplikagarria izan daitekeelako. Besteak beste, hezeguneak kudeatzeko aholkuak ematen dituzte, ingurumen hezkuntzaren garrantzia azpimarratzen dute edo baliabideen erabilera arduratsua egiteko deia luzatzen dute.

 

Azken eguneratzea: 2009/02/23