Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo

Gaia zabaltzen

Hezkuntza motela? Hezkuntza!

niños

Hezkuntzan zergatik da horren garrantzitsua denborari buruzko hausnarketa egitea? Filosofia grekoak denbora ulertzeko bi modu daudela planteatu zuen lehen aldiz, eta bi jainko definitu zituzten horretarako. Horietako bat Cronos zen, jarduera bat gauzatzeko genuen denbora ordezkatzen zuena, gertakari batek irauten zuen denbora, alegia. Bigarrena Kairos zen. Kairosek gertakari bat, besteak beste, aurrera eraman ahal izateko behar zen denbora ordezkatzen zuen. Desberdintasun txiki horrek hezkuntzari buruz pentsatzeko neurri zehatza eskaintzen digu: ikasteko denbora behar dugu, eta ez dugu, besterik gabe, eskura dugun denbora ikasi behar ditugun ikasgaien artean banatu eta horietara egokitu behar.

Gure programak eta curriculumak kargatuegiak daude, eta horrek azaleko ikaskuntza iragankorretara eramaten gaitu, testuliburuetan edo irakasleen hitzetan jasotzen diren edukien ekoizpen hutsalak betetzeko helburuarekin. Curriculum horietan abiadura nagusitzen da: zenbat eta ikasgai gehiago eta azkarrago, orduan eta hobeto. Hezkuntzan zatikatu egiten da denbora eta ahaztu egiten zaigu jakintzaren izaera globala eta ekologikoa. Gainera, haren protagonistek eta modu burokratikoan -goitik behera- kontrolatutako eta kolonizatutako denbora dela esan genezake, eta horrek izugarri zailtzen du ikasleek beren hezkuntza-prozesuetan duten inplikazioa.

Hezkuntza motela denbora horri erantzuten saiatzen da, hezteko eta ikasteko murriztu ezin daitekeen denbora behar dela pentsatzen duten ehunka irakasleren esperientziarekin bat etorriz. Hezkuntza, haren aktore nagusien esku hartzea ezinbestekoa den prozesu organiko bat den neurrian, Kairos jainkoan inspiratzen da, eta behar bezala ulertzeko helburuarekin sortu diren ikaskuntzetan oinarritzen da. Esanahia duen hezkuntza, hau da, zalantzak, interesak eta erronka pertsonalak ikasgelan gertatzen denarekin eta ikasteko helburuarekin antolatu diren jarduerekin lotuko dituen hezkuntza.

Hezkuntza prozesu motela da, bere izaera dela eta. Momentu zehatzean gauzatu behar den eta ikasle bakoitzaren erritmo eta interesetara egokitu behar duen prozesu bat da. Oinarrizkotzat jotzen diren ikaskuntzak bizkortzen saiatzen garenean, gure jarduketak emaitza baliagarriak eman ditzake, baina epe motzera bakarrik. Hori da erritmo naturalak errespetatzen ez dituzten proposamen askoren drama: nolabaiteko arrakasta lortzera eraman gaitzakete, baina arrakasta horrek azterketa bati erantzuteko edo jarduera jakin bat egiteko bakarrik balio izatea gerta liteke.

Krisi ekologikoan ere izugarrizko aldea dago naturak baliabideak ekoizteko behar duen denboraren eta gizarteak horiek kontsumitzen dituen denboraren artean, eta gure hezkuntza-krisiaren ustezko interpretazio bat irakasten dugun abiaduraren eta ikasleek ikasten duten erritmoaren artean dagoen etengabeko desoreka izan daitekeela uste dut. Oinarrizko ideia horietako batzuk gure ikastetxe eta institutuetako egunerokotasunean ulertu eta aplikatu ahal izango bagenitu, beharrezkoa ez den presio kaltegarri bat murriztuko genuke, eta beharbada, gure gizarteak gaur behar duen hezkuntza-mota zein den modu koherenteagoan definitu ahal izango genuke.

Hezkuntza prozesu motela da, bere izaera dela eta. Momentu zehatzean gauzatu behar den eta ikasle bakoitzaren erritmo eta interesetara egokitu behar duen prozesu bat da.
Joan Domènech Francesch

Joan Domenech Francesch

Maisu-ikastuntzat hartzen du bere burua, eta bizitzaren eta hezkuntza geldoaren aldarrikatzailetzat. Filosofia eta letretan lizentziatua da, eta 1972az geroztik, irakasle aritu da Kataluniako zenbait ikastetxe publikotan. Santa Coloma de Grameneteko Casal del Mestre pedagogia-berrikuntzarako zentroko eta Kataluniako Pedagogia Berrikuntzarako Mugimenduen Federazioko kidea izan da.
Irakaslea izateaz gain, prestakuntza iraunkorreko jarduerak ere egin ditu, baina pedagogia-aldizkarietan egindako artikuluengatik eta beste aditu batzuekin batera edo banaka argitaratutako liburuengatik nabarmentzen da. Hona hemen horietako batzuk: "Elogio de la educación lenta", "La educación primaria: Retos, dilemas y propuestas", "La organización del espacio y el tiempo educativo", "La Pissarra" eta beste lan kolektibo batzuk.

Blog de Joan Domenech Francesch