Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen Zaude:
  1. Hasiera
 

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/01/24
Gaur inauguratu dute Ibarretxe lehendakariak eta Larrañaga sailburuak
URA, Uraren Agentzia jaio da EAEko ur-ekosistemek 2016 ureta baino lehen baldintza ekologiko onak lortu ditzaten
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua URA Ur Agentzia-Agencia Vasca del Agua-ren aurkezpen ofizialeko buru izan dira gaur Miñanon. Eurek azpimarratu dutenez, agentziak uraren kudeaketan aro berri bat inauguratzen du Euskadin ekosistemaren ingurumen eta jasangarritasun ikuspegitik. Eraginkortasun, jasangarritasun eta partaidetza irizpideetan oinarritutako uraren politika berri bat, adierazi zuten.

Ekitaldian Carlos Fernández Jauregui Nazio Batuetako Uraren Dekadako Zuzendariak hartu du parte eta URA agentzia berriak bere sorrerarako erreferentzia bezala mundu mailako ur kudeaketa jasangarri eredu hoberenak hartu dituela azpimarratu du.

URA-REN FUNTZIOAK

URA Ur Agentzia-Agencia Vasca del Agua Europar Batzordeko Uraren Esparru Zuzentaraua eta Legearen eskakizunak betetzeko helburuarekin sortu da. Hauen arabera lurrazaleko nahiz lurpeko ur masa guztiek egoera ekologiko egoki bat lortu beharko dute 2015eko abenduaren 31 baino lehen. Hau guztia espainiar Estatuak Europar Zuzentarauaren transposizioa egin aurretik adostua izan zen Uraren Euskal Legearen testuinguruan, zeinaren helburua ingurune urtarraren babeserako politika osoa ahalbidetzea da.

Horretarako Agentziak foru administrazioek eta autonomoak uraren kudeaketa eta administrazioan dituzten eskuduntzak batzen ditu, orain arte baimen, kontzesio eta diziplina hidraulikoaren alorrean zegoen eskumen sakabanatzea ekidinaz.

Agentziaren egitekoetako bat arroetako saneamendu sarea osatzea da. URAk baita ere, baldintza egokiak betetzen dituen ur-hornikuntza bermatu beharko du. Agentziaren beste eginbeharretako bat uholde arriskuak gutxitzea da.

 URAk arroen leheneratzea lortzeko obrak finantzatuko ditu, estaldurak eta hormigoizko lubakiak ezabatuz eta elementu begetalekin horren agresiboak ez diren bideratzeengatik ordezkatuz.

URA, baita ere, euskal herritarrak eta kontsumitzaile handiak, uraren kontsumo arrazionalagoa egiteko beharraz kontzientziatzeaz arduratuko da. Agentziak irizpide argiak markatuko ditu hornikuntza, saneamendu eta ingurumen-leheneratze kostuei dagokienez eta horrek eragina izango du baita ere salneurrien bateratzean eta zerbitzua bere kostu errealera gerturatzeko ahaleginean, Uraren Esparru Zuzentarauak derrigortzen duen bezala.

Azkenik, URAk eginkizun solidarioa izango du ur eskasia duten herrialdeekin kolaboratuko baitu alderdi tekniko nahiz finantzarioan euren hornikuntza hobetu eta hain urria den baliabide honen kudeaketa jasangarria aurrera eramateko.

URA-REN EGITURA

URA Ur Agentzia-Agencia Vasca del Agua, Euskal Legebiltzarrak 2006ko ekainaren 23an adostu zuen Uraren Euskal Legeak sortutako zuzenbide pribatuko ente publiko bat da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari atxikita dago eta igaro urtarrilaren 1etik Ur Zuzendaritza bere zati izatera pasa da. Azken hau, 1994. urtean transferentzia jazo zenetik, arlo hidraulikoan esku hartzen aritu izan da. URA politika hidraulikorako baliabide bat da baina ez Eusko Jaurlaritzarentzat soilik, baizik eta baita hiru Foru Aldundientzat, alor honetan ere eskuduntzak dituztelako eta gainera bere Administrazioa Kontseilua osatzen dute modu paritario batean.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko eta hiru Foru Aldundietako ordezkaritza paritario batez osatuta egongo den Administrazio Kontseiluaz gain, URAk beste bi kudeaketa eta aholkularitza organo izango ditu. Horietako bat Erabiltzaileen Batzarra da, Eusko Legebiltzarreko, Eusko Jaurlaritzako, hiru Foru Aldundietako eta erabiltzaileen (partzuergo eta mankomunitateak) ordezkaritzarekin. Bestea Uraren Kontseilua da. Bertan Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Eudel, Estatua, erabiltzaileak (partzuergo eta mankomunitateak) eta naturaren defentsarako elkarteak egongo dira.

Uneotan, Ur Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ur Zuzendaritzatik datozen 120 langile ditu. Urte honetarako aurrekontua 91 milioi eurokoa da.

URAren bulego nagusiak Arabako Teknologi Parkean daude, Miñaon, eta Agentziak Ur Zuzendaritzak hiru hiriburuetan zituen hiru lurralde-bulegoak izaten jarraituko du. Bulego hauek aurrerantzean ondoko izendapena jasoko dute: Mendebaldeko Kantauriar Arroetako Bulegoa (Bilbo), Ekialdeko Kantauriar Arroetako Bulegoa (Donostia) eta Mediterraneoko Arroetako Bulegoa (Gasteiz).

Uraren Euskal Agentzia
Argazkiak