Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen Zaude:
  1. Hasiera
 

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/02/20
Urdaibaiko iraunkortasun Estrategiaren aurreko diagnostikoak begi bistan ipini du hainbat alorretan hobetu egin beharrra dagoela; esate baterako, gizartean eta ekonomian, lurralde antolamenduan, azpiegituretan eta ingurumena kudeatzen.
Urdaibairen garapen iraunkorrarekin lotuta dauden arloen egoeraren diagnostikoa egiteko, lurraldeko sare sozio-ekonomikoaren adierazgarri diren 50 kide baino gehiagori egin zaie kontsulta, herritarren bi foro egin dira eta kolektibo sozialekin hainbat lan bilera antolatu dira.
  • Eragile sozialez eta ekonomikoez gain, udalek eta Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako inplikatutako sailek ere hartu dute parte egoera definitzen, hortik abiatuta jarraitu beharreko estrategia zehazteko.

  • Hurrengo egunetan, Urdaibai Iraunkorrari buruzko III. Foroa egingo da, eta bertan eskualdeko herritarrak bilduko dira, 2008-2015 aldirako Jarduera Plana egiteko prozesuari hasiera emateko.

Urdaibai Biosfera Erreserbako iraunkortasun parametro nagusien egoeraren gainean egindako diagnostikoak hainbat behar jarri ditu agerian. Prozesuaren hurrengo fasean landuko den jarduera planak ase beharko dituen beharrak atzemateko eta diagnostikatzeko lanean gizarteko, ekonomiako eta erakundeetako ordezkari ugarik hartu dute parte, baita herritarrek oro har ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Esther Larrañagak, prentsaurrekoa eman du gaur goizean Gernikan, diagnostikoaren mamiaren berri emateko. Urdaibairen garapen iraunkorrean aurrera egiteko, diagnostikoak, ondorio nagusi eta oinarrizko premisa gisa, agerian uzten du hainbat alorretan hobekuntzak lehenbailehen sustatu beharra dagoela; hala nola, gizartean eta ekonomian, lurraldearen antolamenduan, azpiegituretan eta ingurumena kudeatzeko moduan.Ekintza horiek guztiek, Larrañagaren esanetan, erakundeen konpromiso handiagoa eskatzen dute, baita administrazio publikoak beren artean hobeto koordinatzea ere.

Ekimen horien artean, lurraldea modu iraunkorragoan antolatzeari dagokiona nabarmentzen da; horretarako, beharrezkoa da legedia argia izatea eta eskualdea antolatzen duten lurralde plangintzak hobeto bateratzea. Horrenbestez, Gernika-Markina eremu funtzionaleko lurralde plangintza partziala aukera bikaina izan daiteke lurraldea antolatzeko, eta eremu guztirako erreferentzia izan daiteke. Hain zuzen ere, erakundeen arteko koordinazio eza izan da Jarduera Sozio-ekonomikoak Harmonizatzeko eta Garatzeko Planean (PADAS) proposatutako ekimen sektorial ugari gauzatu ez izanaren eragilea. Diagnostikoaren arabera, erakundeen arteko lankidetza eskasagatik gelditu da PADAS emaitza positiborik lortu gabe; horregatik, lankidetza hori estutzea ezinbestekoa da proiektu iraunkorretan aurrerapausoak emateko.

Diagnostikoak jasotako alderdi garrantzitsuenen artean, beste behar hauek ere badaude: enpresen lehia eta jarduera hobetzea, zonaldeko irisgarritasuna eta komunikazioak hobetzea, eta basoak kudeatzeko modua aldatzea, bere xedeen artean bioaniztasuna sartzeko.

Ia lantalde guztiek egin dute Urdaibaiko gizartea eta ekonomia dinamizatzeko eskaera. Gehiengoaren ustez, etekina atera behar zaio Urdaibaik ekoindustria, turismo iraunkorra eta nekazaritza ekologikoa bezalako sektore ekonomiko berriak garatzeko duen ahalmenari. Horrez gain, tokiko enpresen eta sektore tradizionalen lehia hobetzeko beharra ere nabarmentzen dute; adibidez, kontserba industriarena edo nekazaritza ekologikoarena. Horretarako, ikerketa, garapena, berrikuntza, asoziazionismoa, lankidetza... sustatu beharko lirateke.

Prozesuaren fase honetan parte-hartze handia izan dute gizartearen, ekonomiaren eta erakundeen izenean aritutako eragileek, bai eta herritarrek oro har ere. Eta guztiek adierazi dute beharrezkoa dela Urdaibairako garrantzia duten proiektuak abian jartzea, diagnostiko honetan jasotako hamaika ataletako bakoitzean identifikatutako beharrei erantzuna emateko.

Azterketa honetatik ateratako ondorioak izango dira atzemandako beharrei erantzuteko jarduera plana lantzeko oinarria; plan hori, gainera, herritarren partaidetzarekin zehaztuko da. Fase hori hurrengo egunetan jarriko da abian, Urdaibaiko biztanleak bilduko dituen Herritarren III. Foroarekin.

INFORMAZIO OSAGARRIA

AZTERTUTAKO JARDUERA ARLO BAKOITZEKO ONDORIO NAGUSIAK

Egoeraren diagnostikoa egiteko, hamaika arlo aztertu dituzte lantaldeek. Lantaldeetan Urdaibaiko lurraldeko gizartearen, ekonomiaren eta erakundeen ordezkariak izan dira parte hartzen. Aztertutako arloak lau multzo nagusitan bildu dituzte: natur ingurunea – bioaniztasuna; gizartea – bizitza kalitatea; dinamizazio ekonomikoa; eta azpiegiturak – lurraldearen antolamendua. Hona hemen lau multzoetan eta hamaika arloetan ateratako ondorio nagusiak:

I.- NATUR INGURUNEA ETA BIOANIZTASUNA

1. Ingurune fisikoa eta bioaniztasuna

  • Urdaibaiko ekosistemak oso aberatsak dira bioaniztasunaren aldetik, baina oso kalteberak. Gainera, gizakion jarduerak sortutako hainbat arriskuri egin behar diete aurre; adibidez, gero eta espezie exotiko inbaditzaile gehiagori, iraungaitzak diren baso sail intentsiboen eraginari eta hirigintzaren presioari.

  • Biosfera Erreserba izendatuta egotea, ekosistemak kontserbatzeko elementu positiboa ez ezik, lurraldea modu iraunkorrean garatzeko aukera ere bada.

  • Positiboa da Urdaibaiko ondarea eta ekosistemak kontserbatzeko eta lehengoratzeko jarduerak egitea, baita iraunkortasuna sustatzeko esperientziak probatzea ere.

2. Ura

  • Urdaibaik herritarrak hornitzeko funtsezkoak izan daitezken urpeko baliabideak ditu (akuiferoak). Hala ere, hainbat hornikuntza arazo izaten dira, bereziki udako hilabeteetan.

  • Nahiz eta Urdaibai saneatzeko Lurralde Jarduera Plana tresna egokia izan uren kalitatearen oro har hobetzeko, oraingoz konpontzeke daude hainbat isurketa industrialek eragiten dituzten arazoak.

  • Gernikako ibarreko akuiferoa babesteko perimetroa onartuta dagoen arren, kezka eragiten du baliabide horren ustezko kutsadurak, bere garrantzi estrategikoa dela-eta. Busturialdeko Ur Partzuergoak eskualdeko ura kudeatzen du, eta eredu hori eskualdeko udalerri guztietara hedatzen ari da.

3. Hondakinak

  • EAEko gainontzeko eskualdeetan adina hondakin sortzen dira Urdaibain. Hemen ere, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gizarteak eta erakundeek orduan eta sentsibilizazio handiagoa izaten dute birziklatzeko, hondakinak bereizteko eta azpiegiturak hobetzeko. Horri esker, gaikako bilketa gero eta hedatuagoa dago, eta edukiontzi kopurua ere nabarmen ugaritu da.

  • Urdaibain, udako hiletan, gainerako urtaroetan baino askoz ere hiri hondakin solido gehiago sortzen dira.

  • Kontsultatutako taldeek begi onez ikusten dute kudeaketan eta azpiegituretan izandako hobekuntza, eta garrantzia ematen diete Bizkaiko hiri hondakin solidoak kudeatzeko planei, Urdaibaiko hegoaldeko industrien hondakinak gutxitzeko eta kudeatzeko planari, Gernikan transferentzia instalazioa jartzeari eta eskualde osoan zehar garbiguneak ipintzeari.

4. Atmosfera

  • Urdaibaiko airearen kalitatea ona da, eta hala irizten dute EAEko gainontzeko eskualdekoarekin alderatuta. Dena den, hobea ere izan liteke. Balizko arriskuak mugez gaindiko fenomenoetatik eratortzen dira normalean, eta, zenbaitetan, eskualdeko enpresetatik edota ibilgailuen zirkulaziotik.

  • Petrolioarekiko eta bere eratorriekiko mendekotasun handiegia.

  • Hobetu beharreko arlo nagusiak hurrengo hauek dira: ibilgailuen zirkulazioak sortutako zarata, industriagune jakin batzuetako zarata, argi kutsadura eta argiztapen sistema publikoko energia kostua.

5. Energia

  • Sare elektrikoak zein gas sareak eskualdeko hornidura beharretara egokitzeko lanetan aurrera egitea eskatu dute, nahiz eta hainbat arlotan hasiak diren alderdi horiek hobetzen.

  • Nahiz eta lurraldean berri samarra den iturri berriztagarrietatik eratorritako energia ekoizpena, energia berriztagarrien aprobetxamendua handiagoa da Urdaibain (% 10), EAEko gainontzeko eskualdeetan baino (% 5,2). Horrez gain, energia berriztagarriak zabaltzeko neurriak hartzen ari dira (garraioan gehiago erabiltzea, udalei zein gizabanakoei diru-laguntzak ematea...).

  • Etxeetako energia kontsumoa oso altua da Urdaibain, bertan familia bakarreko etxe asko daudelako, eta horietako kontsumoa handiagoa izaten delako etxebizitza eredu konpaktuagoena baino.

II. GIZARTEA ETA BIZI KALITATEA

6. Gizarte eta bizi-kalitatea

  • EAEko gainontzeko eskualdeetan bezala, Urdaibain ere biztanleak gero eta zaharragoak dira, eta nagusiki bi nukleotan daude bilduta: Gernikan eta Bermeon.

  • Immigrazioak azken urteotako hazkunde demografikoa bultzatu du, eta handitu egin du herritar gazteen kopurua. Horretan guztian zerikusia izan dute erakundeek sustatutako zerbitzuek eta integrazio politikek.

  • Gazteek apenas dute aisialdirako eskaintzarik, bereziki herri txikietan. Era berean, gabeziak atzeman ditugu medikuntza espezialitateetan eta gizarte zerbitzuetan aritzen diren erakundeen arteko koordinazioan.

  • Edonola ere, eskualde honetako kideek bertako izatearen sentimendu indartsua dute; hots, oso pozik daude Urdaibain bizitzeagatik.

  • Herritarren gehiengo handia euskalduna da (% 75 baino gehiago), eta horien alfabetizazio eta hezkuntza maila EAEko gainontzeko eskualdeetakoa baino altuagoa da. Horrez gain, belaunaldien artean elkartasun handia ikusten da, eta kultura jarduerak antolatzeko ohitura handia daukate.

7. Kultura eta ondasuna

  • Eskualdeak aberastasun arkeologiko eta ondare historiko garrantzitsuak ditu, baina pixkanaka degradatzen ari dira behar bezala ez kontserbatzeagatik, berreskuratzeko lanik ez egiteagatik eta daukaten balioa ez emateagatik.

  • Hala ere, azken urteotan gizartean areagotu egin da kultura ondarea babesteko eta berreskuratzeko kezka, bereziki turismoa eta kultura enplegu iturri direla ikusitakoan. Horrez gain, kontuan izan behar dira finantzazio bideak (diru-iturriak, laguntzak eta inbertsio pribatua), eta asozianismoak, borondatezko lanak eta sektore pribatuak zein instituzioek egindako ekarpenak.

8. Partaidetza

  • Nahiz eta herritar askok hartzen duten parte PADAS moduko planetan, Tokiko Agenda 21ean edota Urdaibaiko Patronatuko Lankidetza Batzordean, biztanleek oro har ez dute argi ikusten zertarako balio duten partaidetza horiek; izan ere, herritarrei iruditzen zaie euren ekarpenak ez direla plangintzetan eta estrategietan modu eraginkorrean jasotzen. Konfiantza eza eragiten du, bestalde, herritarren foroetan planteatutako proiektuetatik oso gutxi gauzatzen direla ikusteak -PADASen jasotako ekimen asko dira horren adibide–.

  • Edonola ere, Urdaibain herri mugimenduek duten tradizioak eta azken urteotan ingurumen hezkuntzara, sentsibilizaziora eta informaziora bideratutako bitartekoak lagungarriak izan daitezke belaunaldi berriak mobilizatzeko, eta Urdaibai EAE barruan zein kanpoan erreferente bihurtzeko.

III. DINAMIZAZIO EKONOMIKOA

9. Ekonomia

  • Urdaibaiko jarduera tasa Bizkaikoa eta EAEkoa baino zertxobait handiagoa da. Bertako lehen sektorea oraindik ere esanguratsua da eskualdean, industrian eta zerbitzuen sektorean enplegua sortzen ari da, eta ekonomia oso dibertsifikatuta dago.

  • Azken urteotan etengabe atzera egin badu ere, lehen sektorea oraindik ere oso garrantzitsua da enpleguari, ustiapenei eta azalerari dagokienez. Sektore honen etorkizuna hurrengo arloek baldintzatzen dute: berrikuntzarako gaitasunak (nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa), I+G+B sustatzeak, kontserba industria bezalakoen lehia hobetzeko, eta produktuen kalitatea aprobetxatzeak, Biosfera Erreserbaren izendapenak ematen duen marka irudia lagun.

  • Industriari dagokionez, garrantzitsua da lurraldeko jarduera. Hala ere, kontzentratuegia dago, eta deslokalizatzeko arriskua dauka.

  • Eskaintza turistikoa urtaro bakar batera mugatzen da, apenas dago egituratuta, eta gutxi dira ingurune naturalarekin bateragarriak diren azpiegiturak. Hala ere, badira enpresen arteko asozianismoa eta lankidetza sustatzeari lotutako aukerak. Era berean, natur baliabideez gain, historiko-artistikoak eta kulturalak indartzeko eskaintzak sortzea aurreikusi dute.

IV. AZPIEGITURAK ETA LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA

10. Mugikortasuna eta garraioa

  • Urdaibain asko erabiltzen da ibilgailu pribatua, hainbat faktorek bultzatuta: geografiak, etxebizitzen motak (bakartuak, familia bakarrekoak, bigarren etxebizitzak...), garraiobide askoren irregulartasunak, trenbidearen modernizazio ezak, etab. Gainera, egun ezinezkoa da zenbait salgai trenez garraiatzea. Egoera hori aldatzeko dauden zailtasunak direla-eta, zaila da mugikortasun iraunkorrerantz jotzea.

  • Hala ere, Urdaibaiko herritarrak jabetuta daude garraio eta mugikortasun iraunkorra sustatzearen garrantziaren inguruan; horren erakusle, garraio publikoa aukeratzen duten eskualdeko herritarren % 83ak trena erabiltzen duela.

  • Abian dira sentsibilizazio programak eta komunikazio azpiegitura iraunkorragoak izateko programak, jarduera ekonomikoko nukleoen lehia hobetzeko; horietako batzuk PADAS planekoak dira (eskualdearen irisgarritasuna hobetzeko 9. jarduera lerroa) eta beste batzuk, 2003-2016 aldirako Bizikleta Plana kasu, mugikortasun ohiturak aldatzea dute xede.

  • Beharrezkoa da trenbide bidezko garraioa hobetzeko (maiztasunak, salgaien garraioa...) proiektuak bultzatzea, bai eta garraio publikoen intermodalitatea hobetzea ere.

11. Lurraldearen antolamendua

  • Urdaibaiko lurraldearen egungo antolamendua bi faktorek baldintzatzen dute: batetik, herritar ugari Gernikan eta Bermeon kontzentratuta egoteak (% 75), eta, bestetik, eskualdean bigarren etxebizitza ugari egoteak. Horiek horrela, Urdaibai da etxebizitza huts gehien dituen eskualdeetako bat (% 11; Bizkaian, berriz, % 9,4), eta ondorioz garestitu egin dira nekazaritzara, abeltzaintzara zein kontserbaziora bideratutako lurren prezioak.

  • Eskualde osoaren gaineko ikuspegia izateko eta eredu iraunkorragoetarantz bideratzeko, hainbat bitarteko daude: Biosfera Erreserba guztia erabiltzeko eta kudeatzeko Plana; Gernika, Bermeo eta udalerri gehienetako Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak (lantzen ari dira); eta Gernika-Markina eremu funtzionaleko Lurralde Plangintza Partziala (hori ere lantzen).

Urdaibain bada etxebizitzak egiteko eta jarduera ekonomikoak gauzatzeko lurzorurik (40 hektarea, 8 udalerritan banatuta). Horrek hainbat aukera ematen ditu etorkizunari begira, baina era egokian planifikatu behar da, lurraldea modu iraunkorrean garatzeko.

Urdaibai Biosfera Erreserbako Garapen Iraunkorreko Estrategia (2008-2015)