Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2006/09/01
Wangari Maathai bakearen nobel sariduna Euskadin izango da datorren astean, CO2 emisioen konpentsazioko hitzarmena sinatzeko Eusko Jaurlaritzarekin
Esther Larrañagak zuzentzen duen Sailak gonbidatuta, ingurumenari buruzko hitzaldia eskainiko du, ingurumena giza eskubidetzat eta bakearen funtsezko oinarritzat hartuta.

2004. urtean jaso zuen Bakearen Nobel Saria Kenyako Wangari Muta Maathai andrea datorren astean Euskadin izango da, Esther Larrañagaren zuzendaritzapean dagoen Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak gonbidatuta, hitzarmen bat sinatzeko; hitzarmen horren bitartez, Jaurlaritzaren berezko jarduerak eragiten dituen CO2 emisioak konpentsatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, Afrikan basoak berritzeko proiektuen bitartez.

Wangari Maathai profesoreari 2004an eman zioten Bakearen Nobel Saria, Green Belt Movement Fundazioaren bitartez garapen iraunkorraren, demokraziaren eta bakearen alde egindako lanarengatik. Maathai bera da fundazioaren presidente; hiru hamarkada daramatzate Afrikako emakumeak mobilizatzen eta dagoeneko 30 milioi zuhaitz inguru landatu dituzte.

Irailaren 4an, astelehena, helduko da Maathai Euskal Herrira; Esther Larrañaga sailburuak egingo dio harrera, eta Gernikako arbola eta Batzar Etxea ikustera joango dira.

Hilaren 5ean, asteartea, Maathaik hitzaldia emango du Bilboko Guggenheim Museoko Auditoriumean, arratsaldeko 19:30ean; ingurumenari buruzko hitzaldia izango da, ingurumena giza eskubidetzat eta bakea eraikitzeko funtsezko oinarritzat hartuta.

Irailaren 6an, asteazkena, goizeko 9etan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Ajuria Enea jauregian hartuko du Wangari Maathai profesorea. Bilkura horren ostean, lehendakariak, Nobel saridunak eta Larrañaga sailburuak agerraldia egingo dute hitz egindakoaren berri emateko, eta gobernu-ekintzan ezinbestean sortzen diren CO2 emisioak konpentsatze aldera Eusko Jaurlaritzak Green Belt Movement Fundazioarekin eta Ekopass erakundearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren xehetasunak aditzera emango dituzte.

Esther Larrañagaren Sailak zenbait bilera ere hitzartu ditu euskal erakunde, Unibertsitate, GKE eta mugimendu ekologisten ordezkarien eta Maathai profesorearen artean, gure erkidegoan nahiz mundu osoan ingurumen-egoerari buruzko ikuspegiak elkarri adierazteko.