|
Dekretu honen bidez lortu nahi dena da, Aizkorri-Aratzeko natura-balio eta –baliabide garrantzitsuak babestu, eta kanpotiko inpaktuak ekologian eta paisaian eragin ditzaketen kalteak saihestea. Halaber, Naturaren eta paisaiaren ekosistemek duten aniztasuna gorde nahi da, baita garrantzi geologikoa duten eremuak babestu ere.
Parke Naturalak helburu du, besteak beste, oinarrizko prozesu ekologikoei eusteaz gain, egoera basatian bizi diren fauna eta florako espezieen habitatei ere eustea.
Aizkorri-Aratz aldea Gipuzkoa eta Arabako lurralde historikoen arteko mugan dago, eta bi lurralde historikoak banatzen dituen mendi-kordala hartzen du; gutxi gorabehera Arlaban eta Otzaurte portuen arteko eremua. Alde hori, berriz, lau arabar udalerrik (Asparrena, Zalduondo, Durruma eta Barrundia) eta zazpi gipuzkoarrek (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi, Zerain eta Zegama) osatzen dute.
16/1994 Legeak, Euskal Herriko natura babesteari buruzkoak, exijitu egiten du Aizkorri-Aratz aldea Parke Natural deklaratu baino lehen, Natur Baliabideak Antolatzeko Plana landu eta onartzea.
Hartara, Jaurlaritzaren Kontseiluak aldi berean onartu du Esther Larrañagak zuzentzen duen Sailak aurkeztutako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana. Behin plana onartuta, Aizkorri-Aratz aldea osatzen duten udalerrietan eragina duten lurralde-antolamenduko edota antolamendu fisikorako baliabideak Planak ezarritako arauetara egokituko dira.
Parkea administratu eta kudeatu, berriz, Arabako eta Gipuzkoako organo eskudunek egingo dute. Dekretuak oinarrizko jotzen du, gainera, patronatu bat eratzea Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalerako aholkularitza- eta lankidetza-organo gisa.
Gaur onartutako dekretuek Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen-Estrategiak jasotakori erantzuten die. Izan ere, Estrategiak lehentasunezko helburuetako du, EAEko natura eta biodibertsitatea babestu eta zaintzea.
|