2011(e)ko Abenduak 02
Euskal Autonomia Erkidegoko 110 enpresek guztira 2.319.000,0 euro jasoko dituzte ingurumena babesteko proiektutan inbertitzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2011ko deialdian emandako diru-laguntzei esker.
2010ean argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak ematea arautzen duena. Dekretu horrek diru-laguntzak banatzeko bi prozedura sortu zituen: prozedura arrunta (norgehiagoka eta hainbanaketaren bidezko kuantifikazioa) eta prozedura erraztua (norgehiagokarik gabeko prozedura).
Aurtengo deialdian, 138 euskal enpresek 182 proiektu aurkeztu dituzte ingurumeneko diru-laguntzen programaren barruan. Aurkeztutako eskaerak aztertu eta balioetsi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak 110 enpresatako 137 proiektu diruz laguntzea ebatzi du.
Prozedura arruntari jarraiki, 53 enpresatako 67 proiektu diruz lagundu dira; eta horiek gauzatzeko orotara ia 17 milioi euroko inbertsioa egingo da. Diruz lagundutako enpresen % 64 enpresa txikiak edo ertainak dira. Diru-laguntza horien gaikako banaketari dagokionez, % 41 hogeita bi aire-proiektu diruz laguntzera bideratu da, % 32 hogeita lau hondakin-proiektutara, % 23 hamasei ur-proiektutara eta gainerakoa lurzorua, zarata eta beste esparruetako ingurumen-ikerketetara.
Horrez gain, prozedura erraztuan 67 euskal enpresek eta 70 proiektuk jaso dituzte diru-laguntzak. Tartean, sei proiektu moldekatu burdinurtuzko hondarren balioztapena egiteko aukera ematen duten ekipamenduak ezartzeko eta 47 proiektu ekodiseinuko, ekoetiketatzeko, karbono arrastoko eta baso-egiaztapen jasangarrirako; eta hurrengo helburuak lortzeko beste zenbait proiektu: berotegi efektuko gasen isurketa murriztea, ingurumen-ikerketak egitea, EMAS erregistroan sartzea eta Eusko Jaurlaritzako IKS eeM Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema Integralarekin jarduteko beharrezkoak diren moldaketak egitea.
Hauek dira, besteak beste, diruz lagundutako proiektuen ezarpenarekin lortzea espero diren ingurumen-onuretako batzuk: