|
|
Uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren eranskinean, "Hondakin toxiko eta arriskutsuak (gaur egun hondakin arriskutsuak) identifikatzeko sistema" izenekoan, hondakin arriskutsuak kodetzeari buruzko jarraibideak ematen dira. Kode bakoitzak informazio-MOTA bat ematen du, eta kode baten funtzioari buruzko informazio gehiena ematen duena izango da baliozko kodea.
GARRANTZITSUA DA hondakinaren arriskugarritasunaren eta azken kudeaketaren ezaugarrietan eragin handiena duten osagaiak identifikatzea; ezaugarri horiek zehaztuko dute etiketan zein piktograma jarriko den (ikus uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikulua). Hau kodeetan identifikatzen da:
4. taula: hondakinak arriskutsu bihurtzen dituzten osagaiak (C kodea).
5. taula: hondakin arriskutsuen ezaugarriak (H kodea).
Zenbait hondakinen kasuan, haien kudeaketa arautzen duen araudiak ezarritako arriskugarritasun-irizpideak identifikatu behar dira (esate baterako, "erabilitako olioa" toxiko eta kaltegarri gisa identifikatuko da, "PBC duten hondakinak" toxiko eta kartzinogeno gisa, zenbait "osasun-hondakin" infekzioso gisa, etab.). Baina, oro har, hondakin arriskutsuaren osagaiak aldez aurretik identifikatu beharko dira:
- Zenbait kasutan, hondakinak jatorrizko produktuak duen konposizioaren antzerakoa izan dezake, bai eta haren arriskugarritasun-ezaugarri berak ere. Hala bada, hondakinaren segurtasun-datuen fitxan adierazita egongo da; fitxa hori hornitzaileak eman behar du.
- Kasu askotan, hondakinen arriskugarritasun-ezaugarriak ezartzeko nahikoa izaten da analitika bat egitea honako argibideei jarraituz:
- Hondakinak izan ditzakeen H3tik H8ra bitarteko eta H10 eta H11 ezaugarriak zehazteko, nahikoa izan daiteke hondakinaren konposizioaren analitika egitea, jatorrizko produktuen osagai arriskutsuetan oinarrituz (ikus haien segurtasun-datuen fitxak); emaitzei Batzordeak 2000ko maiatzaren 3an harturiko Erabakiaren 2. artikuluan jasotzen diren irizpideak aplikatu ahal izango zaizkie.
- Hondakinak izan ditzakeen gainerako arriskugarritasun-ezaugarriak zehazteko, "erabateko karakterizazioa" lortzeko ezarritakoari jarraituko zaio.
- Nolanahi ere, agian beharrezkoa izango da erabateko karakterizazioa edo karakterizazio partziala egitea, kasu bakoitzaren arabera; karakterizazio hori 1989ko urriaren 13ko Aginduak, hondakin toxiko eta arriskutsuak karakterizatzeko metodoak zehazten dituenak, ezartzen duen moduan egin beharko da. Halaber, martxoaren 10eko 363/1995 Errege Dekretuak, substantzia berrien jakinarazpenari eta substantzia arriskutsuen sailkapen, ontziratze eta etiketatzeari buruzko araudia onesten duenak, ezartzen duena ere bete beharko da.
Erabilgarria izan daiteke Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren web orria kontsultatzea, bertan konposizioaren analitikak, arriskugarritasun-ezaugarrien analitikak edo hondakin arriskutsuen erabateko karakterizazioak egin ditzaketen laborategien berri ematen baita.
Beste kode batzuei dagokienez, EZINBESTEKOA DA honako hau kontuan hartzea:
- EHK kodea esleitzeko, beharrezkoa izango da Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko Erabakiaren eranskinaren sarrerak ematen dituen jarraibideak betetzea. Hau 2001ko urtarilaren 16ko Batzordearen 2001/118/EB Erabakiaren 1 artikuluak aldatu du. eranskinaren sarrerak ematen dituen jarraibideak betetzea.
- Garrantzitsua da "berreskura edo balia" daitezkeen hondakinak bereiztea; horretarako, dagokion "R" kudeaketa-kodea esleituko zaie (2. taulako kodea), eta ez "D" kodea.
- 3. taulako kodeak (L, P, S, G kodeak) hondakinaren izaerari buruzko informazioa eman behar du, eta bereziki bere egoera fisikoari buruzko informazioa.
- 6. taulako kodea, jarduerari dagokion "A" kodea, bakarra izango da zentro bakoitzerako.

|