Biltegiratze-baldintza egokiak ezartzeko erreferentziako lege-esparrua Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Araudia da; araudi hori Ingurugiro Organoak (erkidego honetan, Ingurugiro Sailburuordetzak) hondakin arriskutsuak biltegiratzeak ingurugiroan eragin ditzakeen kalteak saihesteko ezartzen dituen neurriekin osatzen da. Izan ere, hondakin horien ezaugarri fisiko eta kimikoek nahiz hondakinak gordetzeko ontzietan gerta litezkeen hausturek kalte handiak eragin ditzakete. Hona hemen aipaturiko neurrien laburpena:
- Euriak edo elurrak substantzia poluitzaileak arrasta ditzaten saihestea, eta hondakin arriskutsuek (likidoak, oretsuak edo solido inpregnatuak direlarik ere) eragin dezaketen lurzoru-poluitzea ekiditea. Horretarako, lurzoru estankoaren gainean metatuko dira, bai eta leku itxietan edo lixibiatuak biltzeko sistema duten kanpoko kokalekuetan ere.
- Ustekabeko isurtzeek eragindako poluzioa saihestea, likidoak edo oretsu jariakorrak diren hondakin arriskutsuen kasuan; horretarako, lurzoru estankoaren gainean metatuko dira, eta euspen-kubeta indibidualak edo sistema baliokideak erabiliko dira, ustekabeko isurtzeen konfinamendua ziurtatuko dutenak.
- Hauts-itxurako hondakin arriskutsuen ondorioz, haizeak arrastatu eta lurzorua poluitu dezan saihestea; lurzoru estankoaren gainean metatuko dira, behar bezala ontziratu ondoren (ontzi hermetikoetan) edo/eta leku itxi egokian konfinatuko dira.
Betiere, biltegiratze-guneak saneamendu-saretik bereizita egongo dira, inoiz isuririk gertatuz gero, poluziorik gerta ez dadin.
Biltegiratze-gune hauek bereizi egin beharko dira hondakin arriskutsuen tipologia bakoitzerako, batez ere fisikoki eta kimikoki bateraezinak baldin badira, baloriza daitezkeen hondakinak eta, ustekabeko isuriak edo egoerak gertatuz gero, hondakin horiek balorizatzea zaildu dezaketen hondakinak nahastu ez daitezen.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eta maneiatzeko, lanean aplikatu beharreko segurtasun eta higieneko arauak betetzeko behar diren neurriak eta metodoak ezarriko dira.
Gainera, beharrezkoa da hondakin-sorrera kuantifikatzea, beharko diren biltegiratze-baliabideak aurreikusteko. Horrez gain, kudeatzaileari hondakinak zein maiztasunekin entregatuko zaizkion ere finkatu beharko da. Betiere, biltegiratzeko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da hondakin arriskutsuen produktoreen instalazioetan, baldin eta legez hori baino epe laburragoak ezartzen ez badira, hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak 3.n artikuluan xedatzen duenaren arabera.
Hondakin arriskutsuen kudeaketa eta biltegiratzea kontrolatzeko erregistroa erabiliko da, eta erregistro horrek gutxienez "erregistroaren edukiari" buruzko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duen edukia izango du (Errege Dekretu hori ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).
|