Mugapenak, norentzat mugapen?
Espazio Natural Babestuaren izendapena xedatzen duen Arautegiak ez die jarduera tradizionalei kasu bakoitzean aplikatu beharreko legerian jasotzen ez den mugapenik ezartzen, oro har. Nolanahi ere, debekua edo onespena nahitaezkoa izatea bezalako mugapenak ezartzen zaizkie inpaktua eragiten duten jarduerei baldin eta Parkeari arrotz zaizkion beharrak bakarrik asetzen badituzte, hala nola harrobiak, erabilera publikoa, eraikuntzak, bide azpiegiturak, hari edo lineak, etab. Espazio osoan edo zona jakin batean jarduera tradizional bat eta Espazio Natural Babestuaren helburuak elkarrekin uztartzeko modukotzat jotzen ez direnean, jarduera hori apaltzeko edo arintzeko konpentsazio edo ustiatze neurriak bilatuko dira.
Erabilera publikoa
Erabilera publikoaren antolamendua ezinbestekotzat hartzen da Espazio Natural Babestuaren balioak zaintzeaz ari garela. Horregatik Antolamendu eta Kudeaketa Planek errealitate horri aurre egin behar izaten diete Espazio Natural Babestua izendatu den unean bertan (areago, lehenagotik ere). Erabilera publikoaren ondoriozko ohiko mugapen bat, Espazio Natural Babestuan barrena doazen bide gehienak ixtea eta bertako trafikoa zorrotz arautzea izaten bada ere, kontuan hartu behar da helburua ez dela gizakien pasabidea galaraztea, ibilgailuen trafikoa debekatzea baizik, eta, edonola ere, nekazaritzan edo basogintzan ari diren jabe eta langileei bertan ibiltzeko baimena den-denetan beti emango zaiela.
Ehiza
Espazio Natural Babestua izendatuz gero, esparru horretako lur guztiak Berariazko Ehiza Erregimen baten arabera arautuko dira. Horrek ez du esan nahi ehizan aritzea debekatuta dagoela, baizik eta ehizazko aprobetxamenduak Espazio Natural Babestuko fauna zaindu eta kontserbatzeari egokituko zaizkiola eta bertako erabilera publikoa ez urratzeko ahaleginak egin beharko direla. Horretarako, Ehiza Ordenatzeko Plan berariazkoak idatziko dira.

|