Toki bat Espazio Natural Babestu izendatzean, Eragin Sozioekonomikoa duten Zonetan teknika, ekonomia eta finantza alorretako hainbat laguntza jarriko dituzte indarrean Lurralde eta Autonomia Erkidegoko Administrazioek ez ezik, Estatukoak eta Europakoak ere. Laguntza horiek hurrengo arloetara bideratzen dira:
- Azpiegiturak sortu eta zerbitzu eta ekipamendu egokiak erdiestera.
- Tradizioko jarduerak hobetzera eta Espazio Natural Babestua kontserbatzeko eskakizunekin uztartzeko modukoak diren beste batzuk ere sustatzera, konpentsaziozko neurriak xedatu eta aplikatuz.
- Espazio Natural Babestua zaintzeko eta kudeatzeko sortarazitako jardueretan tokian tokiko herritarrak txertatzera.
- Baserri giroko etxebizitza birgaitu eta ondare arkitektonikoa kontserbatzera.
- Zientzia, kultura, pedagogia eta jolas alorretako ekimenak sustatu eta bizkortzera.
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatu eta Euskal Herriko Espazio Natural Babestuen Sarean halakotzat sartzeak, dudarik gabe, eskualdera bisitari ugari ekarriko dituenez, erabilera publikoa arautzea premiaz hartu beharreko neurria izango da. Horretarako, herriguneen egokipena sustatuko da eta horiei lotutako jarduerak naturgunea babestearekin uztartzeko modukoak izan daitezela bilatuko da, eta ostalaritzako establezimendu, landaturismoko etxe, landetxe eta antzekoen eskaintza heda dadin neurriak hartuko dira; jarduera horiek lanpostu berrien sortzaile izango dira luze gabe eta, gerora, Eragin Sozioekonomikoa duen Zonako herritarrentzat diru iturri alternatibo bilakatuko dira.
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatzeak, oro har, ez du mugapenik ondorioztatzen tradiziozko nekazaritza, basogintza edota abeltzaintzako erabileretan. Alderantziz, horien mesedetarako neurriak hartzen dira, jarduera edo erabilera horiek elkarren osagarri izan daitezen, eta baliabideen galerarik gerta ez dadin.

|