Egitekoak
- Erabat Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden arroetako uren plangintza eta haren jarraipena eta berrazterketa burutzea, Uren abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen 13.3, 38.4 eta 39.2 artikuluetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta hainbat erkidego hartzen dituzten arroetako uren plangintzan parte hartzea.
- Zuzendaritzaren jardueren eremuko obra eta instalazioen plangintza eta programazioa burutzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean.
- Uraren administrazio publikoa antolatzeko era proposatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko urak eta obra hidraulikoak arautzeko xedapenen aurreproiektuak taxutzea.
- Jabari publiko hidraulikoen gaineko legezko zortasunak, emakidak eta baimenak eman, aldatu eta iraungitzeari buruzko erabakiak hartzea; erkidegoaren barruko arroetako zortasuna duten eremuen eta ibaietako polizi aldeen gaineko baimenei buruzko erabakiak hartzea; bai eta euskal itsasertzari dagozkion uretan industri hondakin kutsatzaileak isurtzeko baimenak ematea ere.
- Erkidegoaren barruko arroetan isurketak egiteko baimenak eman, aldi baterako eten, aldatu eta iraungitzeari buruzko erabakiak hartzea.
- Erkidegoaren barruko arroetako ur baliabideak Uren Legearen 41., 53., 54. artikuluetan arauturako babes araubide berezien menpe jartzea, bai eta Uren Legean eta hura garatzeko xedapenetan aurreikusitako bestelako araubideen menpe ere, baldin eta Jaurlaritzaren Kontseiluari ez badagokio.
- Uren Erregistroa, ur pribatuen katalogoa eta hondakin-uren isurketen errolda eramatea.
- Erabiltzaileen Elkarteen estatutuak eta ordenantzak eta uren legerian horien inguruan emandako gainontzeko eskumenak onestea.
- Halakorik izanez gero, uren, ustiaketen eta bestelako obra hidraulikoengatiko tasa eta kanonetan sartzen diren osagaien ordaina zenbatekoa izango den proposatzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideko azpiegitura hidraulikoko obrak egiteko proiektuak onartu eta burutzea, ubideak eta ureztaketakoak barne direla; haiek zaindu eta, hala badagokio, ustiatzea, eta obra eta instalazio hidraulikoekin zerikusia duten teknologiak aztertu, ikertu eta egunean jartzea.
- Zuzendaritzak gauzatuko dituen lanei buruzko proiektu teknikoak gainbegiratzea.
- Urak eta obra hidraulikoak direla eta, toki erakundeei, entitate eta partikularrei laguntzak nola eman proposatzea.
- Uren legeria bete dadin beste administrazioekin eta gainontzeko pertsona publiko nahiz pribatuekin behar diren hitzarmen eta lankidetza bideak proposatu eta burutzea
- Itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zorpeko aldea erabili eta bertan jarduerak burutzeko administrazio-baimenak, nahiz itsasertza babesteko behar diren gainerako baimenak kudeatzea eta horien gaineko txostenak egitea.
- Uren gaineko eta kostaldeei buruzko legeria ez betetzeagatik zigor-espedienteak izapidetzea.
- Uren kalitatearen analisia eta kontrola burutzea, ur-baliabide eta ustiapenen plangintza eta kudeaketarako eskumenak erabiltzeko beharrezkoa dena; plangintza hidrologikoa betez, uren kalitatea hobetzeko helburu eta programak proposatu eta haien jarraipena egitea, ukitutako gainontzeko sailekiko elkarlanean.
- Aforoak eta hidrologia azterlanak egitea, eta uhaldien gaineko informazioa jasotzea; jabari publiko hidraulikoa eta uren kalitatea babesteari dagokionez uraren administrazioak dituen aginpideak erabiltzea.
- Estatuko antolaketa hidraulikoan eta ur gaietako koordinazio organoetan parte hartzea.
- Oro har, 1994ko maiatzaren 31ko Hitzarmenak agindutako egitekoak burutzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideko arroetako ur baliabide eta ustiaketen araubidearen ondorio diren gainontzeko eskumenak erabiltzea, eta haiek zaindu ahal izateko behar diren ekintzak proposatu eta gauzatzea, ukituriko gainontzeko sailekiko elkarlanean.
- Zuzendaritzari zuzenean dagozkion gaiei buruzko irizpenak eta txostenak egitea.
|