Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2011/05/26

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euro baino gehiago bideratu ditu, enpresek ingurumena hobetzeko inbertsiaok egin ditzaten

Eskaerak egiteko epea uztailaren 2an amaitzen da Bizkaian eta uztailaren 4an Araban eta Gipuzkoan.

  • Deialdi honetan, arreta berezia jarriko zaie ingurumen-teknologia berritzaileen inbertsio-proiektuei, izapide elektronikoei eta EMAS ezartzeari.

  • Legeak finkatzen duena baino ingurumenaren babes-maila handiagoa lortzera bideratu behar dira inbertsioak.

  • Galdaketaren sektorearentzako irtenbideei berariazko laguntza bat ematea jasotzen da laguntzetan.

  • Aurreko deialdian diruz lagundutako proiektuekin, besteak beste, 14 tona BEG baino gehiago murriztuko dira.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2,3 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu, 2011n, ingurumenaren babesa hobetzeko EAEn enpresek egingo dituzten inbertsioen diru-laguntzetara.

Eskaerak aurkezteko epea diru-laguntzen agindua EHAAn argitaratzen denean hasiko da, datorren ostiralean, ekainak 3, eta uztailaren 2an amaituko da Bizkaian, uztailak 4 astelehena jai delako, eta uztailaren 4an Gipuzkoan eta Araban.

Ingurumen Sailak lehentasunezko zuzeneko helburutzat hartu ditu diru-laguntzan lerro horretan, EAEn enpresek ingurumena hobetzen laguntzea, eta ezartzekoak diren arauetakoa baino ingurumenaren babes-maila hobea eta laguntzarik gabe lortuko litzatekeena baino handiagoa lortzera bideratutako inbertsioak sustatu ditu. Gainera, EAEko ingurumen-politiken garapenari eta ezarpenari laguntzea eta, zeharka, Ingurumeneko Esparru Programan ezarritako helburu estrategikoei ekarpena egitea.

Aurreko deialdiekiko aldaketak

Interesa duten enpresek hainbat berrikuntza izan beharko dituzte kontuan, aurreko deialdiekin alderatuta. 2011ko deialdian, arreta berezia jarri zaie ingurumen-teknologia berritzaileen inbertsio-proiektuei, izapide elektronikoei eta EMAS ezartzeari (Ekokudeaketaren eta Ekoauditoriaren Erkidegoko Sistema).

Aginduan dago jasota, orobat, berariazko laguntza bat emango zaiela EAEn garrantzia berezia duten ingurumen-arazoetarako konponbideak proposatzen dituzten sektoreei. Ingurumen Sailburuordetzak hautatuko du, urtez urte, diru-laguntzak ematean bereziki aintzakotzat hartuko den eta lehentasuna emango zaion sektor bat. 2011ko deialdi honetan, galdaketaren sektorea izango da: bereziki, moldekatze-hondarra balorizatzeko proiektuak. Horrekin, jarduera hori garatzen duten enpresei deialdi honek aparteko aukera bat ematen die, hurrengo aginduetan errepikatuko ez diren baldintzekin, txandaka aldatuko delako lehentasuna beste jarduera-sektore batera.

Diru-laguntzak jasotzeko aukerarik ez duten proiektuak

Desberdintasunak egongo dira, halaber, diru-laguntza jasotzerik ez duten proiektuetan. Lehena da ezartzekoak diren arauek finkatutakoak baino ingurumenaren babes-maila handiagoak lortzera bideratuta egongo direla inbertsioak; hortaz, baztertu egingo lirateke legea betetzera bideratutako inbertsio-proiektuak. Ez dute diru-laguntzarik izango, era berean, diru-laguntza eskatu baino lehen hasitako inbertsio-proiektuek eta enpresak lekuz aldatzera bideratuek.

Gainera, diru-laguntzen etekina ahalik eta handiena izateko, eta ekonomiaren aldetik bideragarri laguntza honekin bakarrik bilaka daitezkeen hobekuntzetara doazela ziurtatzeko, Ingurumen Sailburuordetzak irizpide berri bat sartu du, eta horrekin baztertu egingo dira neurria ezartzean enpresak aurrezten duenarekin 5 urtean bere burua amortiza dezaketen inbertsioen proiektuak.

Ingurumen Sailetik ohartarazi da eskaera egitean kontuan hartu behar dela irizpide berriak ezarri direla, eta horregatik, ingurumenean izango den hobekuntza ongi kuantifikatzea aholkatzen du, eta nahikoa datu ematea eta ongi kalkulatu eta justifikatutako aurrekontua ere bai, sailka banakatua, etab. Izan ere, erreferentzia horiek bakarrik edukiko dira, aldeko edo aurkako txostena emateko.

Prozedura bikoitza

Aurreko deialdietan bezala, bi prozedura-eredu daude, inbertsioaren zenbatekoaren arabera. Ohikoa, ohiko ebaluazio-prozedurarekin; eta sinpletua, inbertsioa diruz lagundu daitekeela egiaztatzean datzana.

Karbono-lorratzaren neurketaren edo/eta basogintza-ziurtagiriaren gaietako ETEen aholkularitza-zerbitzuek eta isurien merkataritza-araudiak eragiten ez dien instalazio finkoetan berotegi-efektua eragiten duten gasen isuriak murriztera bideratutako inbertsioek markatzen dituzte diruz lagundu daitezkeen lerroen berrikuntzak. Gainera, aurreko deialdien ildotik, diruz lagundu ahal izango dira Batasuneko araua gainditzeko inbertsioak, ETEentzako ingurumenaren arloko aholkularitza-zerbitzuak, hondakinak kudeatzeko eta kutsatutako orubeak saneatzeko laguntzak, arauak gainditzera bideratutako inbertsioei zuzenean lotutako ingurumen-azterlanak, galdategietako moldekatze-hondarrak balorizatu ahal izatera bideratutako ekipoetan egindako inbertsioak (bereziki moldekatze kimikokoak), ekodiseinu edo/eta ekoetiketa proiektuak, IKS eeM sistemari egokitzea edo/eta E3S 2.3.1 edo E3S 3.0 negozio-zerbitzuak eta EMAS erregistroa garatzea eta ezartzea.

Aurkezpen jardunaldia

Laguntzen esparrua ezagutarazteko Ingurumen Sailak deialdiaren xehetasunak aurkeztu die enpresarien ordezkariei, elkarte sektorialei eta agente desberdinei Lakuan izandako jardunaldi batean.

Laguntzak eskatzeko inprimakiak eskuragarri egongo dira Ingurumen Sailburuordetzaren interneteko helbidean, EHAAn argitaratzen direnetik. Azaroan ezagutaraziko dira aurkeztutako proiektuen ebazpenak.

 

Ingurumen Esparru Programaren helburuei 2010ean egindako ekarpena

Aurreko deialdian (2010) diru-laguntza eman zitzaien proiektuek Ingurumeneko Esparru Programako helburuei egiten zieten ekarpena hau izan zen: atmosferara isuritako gas kutsatzaileen isuriaren murrizketa, 152 tona SO2, 61 tona NOx, 24 tona partikula eta 11 tona KOHtan; 82.000 m3 ur aurreztea eta ia 14 tona zama organiko eta 40 tona partikula murriztea industriako isuri likidoetan; kutsatuta egon zitezkeen 6.410 m2 lurzoru ikertzea; 115 tona hondakin arriskutsu eta industriako 5.889 tona hondakin ez-arriskutsu gutxiago sortzea, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko jarduerak gehitzea 3.224 tona hondakin arriskutsutan eta 13 tona hondakin ez-arriskutsutan; eta 14 tona BEG berotegi-efektua eragiten duten gas baino gehiago murriztea.

 

 

Argibide gehiago jasotzeko bulego-orduetan dei dezakezue:

Saioa Ferro Galardi (945.01.98.75, s-ferro@ej-gv.es)