Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Lurralde antolamendua. Lurralde egitarauak


Artxandako parkea

Hiri inguruko parkeak

Bilboko metropolialderako lurralde Plan Partzialean zehaztuta dagoen Artxandako parkearen lurralde antolmendua egiteko aldez aurreko azteketari.

Azterketaren sorrera eta arrazoia

Eskualde-parkeak, hiri-inguruko parkeak, azken batean parke handiak, normalean hainbat hiri elkartu direnean sortu dira hirien historian, orduan bakarrik agertzen baitira era honetako eragiketak burutzeko behar den neurria eta izaera duten lur erabilgarriak. Hiri bat bere baitan hazten den bitartean mota jakin bateko espazioen eskala bat eragiten du; nolabait handiak izan daitezkeen errege-dohaintzak edo antzinako komentuak dira, baina hiri-testuinguruaren berezko neurriak gordetzen dituzte. Parke handiak, hiri handietan daudenak bezalakoak, eguneroko erabilera izango ez duten parkeak direla ulertu behar da, hau da, astean behin edo beste aldizkakotasun batekin erabiltzeko parkeak dira. Hiriak hartzen duen eskualde-egituraketa berri horren eskaintza zona horietan agertzen den unean sortuko dira parke horiek hiriburu handien historian. (SOLA-MORALES RUBIO, Manuel, 1979, “Bases para la Planificación Urbanística Comarcal”).

Hiri-inguruko parkeek Naturaren Kontserbaziorako Legerian zehaztuta dauden irudien arabera (Parke Naturala, etab.) babestu eta antolatzeko adinako interes naturalik ez dute, baina inguruko hiri-eremuen aisiarako gune izan nahi dute.

Udal-plangintzan aurreikusitako hiri-inguruko parke handien esperientziak erakusten duenez, gehienetan plangintzan aurreikusitakoa gainditzen ez duten zehaztapenak besterik ez dira, haiek kudeatu eta burutzeko administrazio-baliabideak falta direlako. Azpimarratzeko kasu bakarra Donostiako eskualdean dagoen Lau-Haizetako Parkearen esperientzia da, hainbat udalerriri dagokionez zenbait administrazio desberdinen esku-hartzearekin kudeatu dena.

Lurralde-antolamenduko dokumentuak dagokien udalerri desberdinen borondateak batu ditzaketen eta interesa duten administrazioen arlo-politikak (lurralde-antolamendua eta hirigintza, ingurumena eta nekazaritza) molda ditzaketen erreminta gisa sortu dira.

Artxandako parkea tradizionalki Bilboko inguruneari buruz idatzitako lurralde eta hirigintzako plangintzan aurreikusita egon den parke bat da (Ricardo Bastidaren lehen azterketak, 1946 eta 1964ko Plan Orokorrak, Udal Planak, etab.).

Bilboko Metropolialderako Eskualde Egiturako Lurralde Plan Partzialaren Aurrerapenak Artxandako Parkearen eraketa zehazten du. Agiri honen helburua da Parke horren Lurralde Antolamenduari buruzko Azterketa idazteko oinarriak zehaztea.

Azterketaren xedea

Azterketa hiru atal handitan egituratuta dago:

Informazio Orokorra.
Lurralde Antolamenduaren Aurrerapena: Parkea inguruko lurraldearen antolamenduan kokatzea helburu duena.
Parkearen mugaketa eta antolamendu zehaztua.

Artxandako parkea Bilboko Metropolialderako Lurralde Plan Partzialean.

Bilboko Metropolialderako Lurralde Plan Partzialaren Aurrerapenak ondokoa ezarrita du txostenean:

7.1.2 Parke metropolitanoak

Udalez gaindiko inguru irekiek osatuak, metropoliaren mailakoak; batzuetan hirigunetik kanpo egoteagatik eta duten eragin eremuagatik, beharrezkoa da haietarako irispideek garraio-bideen sarearekiko lotura izatea.

Sare berdeko bigarren maila osatzen dute; metropoli-mailakoak izateagatik hiri-mailakoak baino askoz zabalagoak dira, azken hauek udalerri batekoak baitira, edo udalerri bat baino gehiagokoa den eremu batean daude.

Bilboko Metropolialderako Lurralde Plan Partzialean egun dauden inguruak eta planak berak egindako proposamenak biltzen ditugu:

(…)

Artxandako Parkea (Bilbo, Sondika)

(…)

Halaber, bere Ekimen Estrategikoen barruan OE 27 – Artxandako Parkea honela definitzen du:

2.27 Artxandako Parkea (OE 27)

2.27.1 Ekintzarako Kokalekua eta hasierako egoera

Artxanda mendiko tontorrean zeharko lerroa Bilbo eta Sondikan luzatzen da. Berez, ingurua behatoki aparta da Bilbo, Zabalune eta Txorierri ikusteko, eta aspalditik erabili izan da Bilboko atseden-eremu bezala; horrez gain, era desberdinetako ekipamenduak, zerbitzuak eta hornigaiak ezarri dira inguru horretan (erietxeak, jatetxeak, kirol-instalazioak, etab.)

Ekimen Estrategiko honi begira, Bizkaiko Foru Aldundiak berariazko Plan Berezi bat eskatu zuen, inguruaren osoko antolamendua prestatu nahian. Plan hori 1998an entregatu zen arren, ez da ondoren izapiderik egin.

Plan Bereziaren Ekimen Estrategikoak hartuko lukeen eremuaren azalera ondoko fitxan zehaztuko da, eta aukera dago hegoaldean lurzoru libre eta kalifikatuak ere bereganatzeko.

2.27.2 Ekimenaren helburu eta irizpide egituratzaileak

Ekimen Estrategiko honen bitartez Parke Metropolitano bat lortu nahi da; bertan bilduko lirateke, modu antolatuan, berdeguneak, ekipamenduak eta atseden-hornigaiak (behatokiak, pasealekuak, askaldegiak, jatetxeak, kirol-instalazioak) eta bestelako ekipamenduak (erietxea, ikastetxeak, etab.).

Leku estrategikoetan atseden-eremuak eta behatokiak eraikiko dira, Nerbioi-Ibaizabal eta Txorierriko aranen gaineko ikuspegiak errazteko.

Oinezkoentzako bideak BI-3741etik banandu beharko lirateke, errepide horrek 3741 autoko EBI baitu egunean.

2-27.3 Helburuak eta antolamendurako irizpideak


Lehenik eta behin Bilbotik doazen oinezkoentzako eta garraiobideentzako irispideak hobetuko lirateke.

Alor publikoko ekimenak bateragarriak izango dira izaera pribatukoekin. Lehentasuna izango dute ekipamendu-izaera dutenek, publikoak zein pribatuak izan.

Ingurua parke metropolitano bezala eratuko da Sare Berdearen barnean. Berezko ezaugarri gisa, Artxanda-Ganguren hutsune naturalean zabalduko da, tontor-lerroan eta ibilbide naturaletan zehar. Beraz, Sare Berdeko elementuen arteko pasabideak antolatuko dira.

3.- Lurralde Eremua

Azterketaren lurralde-eremua, Bilbo eta Sondikako udalerriei dagokiena, parkearen esparruak osatzen du. Halere, muga horiek ez dira finkoak eta azterketaren eremua egokitzat hartzen den moduan zabaldu ahal izango da.

Hiri inguruko parkeak
Azken eguneratzea: 2009/08/28