Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

II. SAILA: GARAPENERAKO BALIABIDEAK KONTSERBATZEA ETA KUDEATZEA

 

     


12. ATALA: Ekosistema hauskorren antolaketa: desertifikazioaren eta lehortearen aurkako borroka

Sarrera

  1. Ekosistema hauskorrak sistema garrantzitsuak dira eta ezaugarri eta baliabide bereziak dituzte. Sistema horiek basamortua, lur erdielkorrak, mendiak, padurak, uharte txikiak eta kostaldeko gune batzuk dira. Ekosistema hauek gehienetan lurralde mailakoak dira, muga nazionalak gainditu egiten baitituzte. Atal hau desertuko lurretako, lur elkor eta erdielkorretako eta gune sub-heze lehorretako baliabideei buruzkoa da. Mendien garapen jasangarriari buruzkoa 13. atala da; uharte txikiak eta kostaldeko guneak 17. atalean aztertu dira.
  2. Desertifikazioa gune elkorretako, erdielkorretako eta sub-heze lehorretako zoruen degradazioa da eta hainbat faktoreren ondorioz gertatzen da, besteak beste, aldaketa klimatikoen eta gizakiaren jardueren ondorioz. Desertifikazioak, gutxi gorabehera, munduko populazioaren seirenari eragiten dio eta lur lehorren % 70 hartzen du, 3.600 milioi hektarea inguru eta munduko azalera osoaren laurdena. Pobrezia orokortuaz gain, desertifikazioaren eragin bistakoenak hauek dira: 3.300 milioi hektarea larreren degradazioa, mantenurako ahalmen gutxi duten lur hauen azalera osoaren % 73; lurren emankortasunaren galera eta lehorreko laboreen lur marginalek osatzen dituzten lur lehorren egituraren % 47ren degradazioa; eta biztanle aldetik dentsitate handiko eta nekazaritza-ahalmen handiko lur lehorretan labore ureztatuen lurren % 30en degradazioa.
  3. Desertifikarioaren aurkako borrokan lehentasuna eman behar litzaioke oraindik degradazioak kaltetu gabeko edo maila txikian kaltetutako lurretan neurri prebentiboak aplikatzeari. Hala ere, ezin dira oso degradatuta dauden lurrak ahaztu. Ezinbestekoa da desertifikazioaren eta lehortearen aurkako borrokan, tokian tokiko komunitateek, nekazaritza-erakundeek, gobernuek, gobernuz kanpoko erakundeek eta nazioarteko eta lurraldeko erakundeek parte hartzea.
  4. Atal honetako programa-arloak ondorengoak dira:

    a)

    Ezagutzen oinarriak sendotzea. Desertifikazioa eta lehorteak jasateko joera duten lurraldeei eta sistema horien alde ekonomikoei eta sozialei buruzko informaziorako eta behaketa sistematikorako sistemak sortzea;

    b)

    Lurren degradazioaren aurkako borroka, beste gauza batzuen artean lurren kontserbaziorako jarduerak areagotzearen, baso-sartzearen eta baso-berritzearen bidez;

    c)

    Pobreziari aurre egiteko eta desertifikaziorako joera duten guneen iraupen-sistemen sustapenerako programa integratuak egitea eta sendotzea;

    d)

    Desertifikazioaren aurkako programa zabalak sustatzea eta programa horiek garapenerako plan nazionaletan eta planifikazio ekologiko nazionaletan integratzea;

    e)

    Lehorteak izateko joera duten guneetan, lehorteari aurre egiteko eta lehortea izanez gero laguntzeko plan zabalak eta autolaguntzaren konponketak prestatzea. Errefuxiatu ekologikoen arazoari aurre egiteko programak formulatzea;

    f)

    Herriaren parte-hartzea eta ingurugiroari buruzko hezkuntza sustatzea, desertifikazioaren aurkako borroka eta lehortearen eraginei aurre egiteko jarduerak nabarmenduz.

Programa-arloak

A. Ezagutzen oinarriak sendotzea. Desertifikazioa eta lehorteak jasateko joera duten lurraldeei eta sistema horien alde ekonomikoei eta sozialei buruzko informaziorako eta behaketa sistematikorako sistemak sortzea

Ekintzarako oinarriak:

  1. Nazio Batuen Erakundeko Ingurugiro Programak (NBIP) desertifikazioa areagotzearen munduko egoerari eta erritmoari buruzko azterketak egin zituen 1977an, 1984an eta 1991n, eta azterketa horiek frogatu dute desertifikazioaren prozesuaren inguruan oinarrizko ezagutzak falta direla. Munduko behaketa sistematiko egokirako sistemek desertifikazioaren aurkako programa eragingarriak formulatzea eta programa horiek gauzatzea errazten dute.
    Informazio egokia sortzeko eta banatzeko nazioarteko, lurraldeko eta nazioko erakundeen ahalmena ez da nahikoa, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan. Desertifikazioaren eta lehortearen prozesuen dinamika ulertu ahal izateko ezinbestekoa da informaziorako eta behaketa sistematikorako sistema integratua eta koordinatua izatea; sistema hauek teknologia egokian egon beharko lukete oinarrituta eta mundu, lurralde, nazio eta herri mailakoak izan beharko lukete. Hori desertifikazioari eta lehorteari aurre egiteko neurri egokiak hartzeko eta baldintza sozioekonomikoak hobetzeko garrantzitsua da.

Jarduerak:

  1. Programa-arlo honetako helburuak ondorengoak dira:

    a)

    Ingurugiroari buruzko informazioa koordinatzeko zentro nazionalak sortu edo sendotu daitezen sustatzea; zentro horiek gobernu bakoitzeko ministerioak koordinatzeko gune izan beharko lukete eta normalizaziorako eta babeserako behar diren zerbitzuak eskaini beharko lituzkete. Gainera, desertifikazioari eta lehorteari buruz informatzeko sistema nazional guztiek azpilurralde, lurralde eta lurraldearte mailan lotura izan dezaten arduratu beharko lukete;

    b)

    Behaketa sistematikorako lurraldeko eta munduko sareak sendotzea eta klimaren gorabeherek eta gizakiaren jarduerek eragindako lurren degradazioa eta desertifikazioa behatzeko sistema nazionalak ezartzea, horrez gain, neurriak hartzeko lehentasuna duten alorrak zehaztea;

    c)

    Nazio eta nazioarte mailan desertifikazioa eta lurren degradazioa behatzeko sistema iraunkorrak ezartzea kaltetutako guneetan bizi-baldintzak hobetzeko.

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Nazio mailan ingurugiroari buruzko informazio-sistemak sortzea edo sendotzea;

    b)

    Nazio, lurralde edo probintzia eta herri mailan ebaluazioak sendotzea eta dagoeneko martxan dauden ingurugiroari buruzko informazio- eta behaketa-sistemen artean lankidetza izan dadin eta sareak sor daitezen arduratzea. Martxan dauden sistema horietako batzuk hauek dira: Ingurugiroaren Zaintzarako programa eta Saharako eta Sahelgo Behatokia;

    c)

    Ingurugiroari buruzko datuak aztertzeko nazioko erakundeen ahalmena sendotzea, aldaketa ekologikoez arduratu ahal izateko eta nazio mailan ingurugiroari buruzko informazioa etengabe eskuratu ahal izateko.

b)

Datuak eta informazioa:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Desertifikazioaren eta lurren degradazioaren ondorio ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak zehazteko bitartekoak aztertzea eta ikertzea eta nazioarte mailako ikerketa horien emaitzak desertifikazioaren eta lurren degradazioaren ebaluazioan sartzea;

    b)

    Klimaren, lehortearen eta desertifikazioaren eragin sozioekonomikoen arteko lotura aztertzea eta ikertzea eta ikerketa horien emaitzak neurri zehatzak hartzeko erabiltzea.

  2. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Desertifikazioaren eta lehortearen arazoarekin harremana duten programen inguruan egindako datu-bilketen eta ikerketen lan integratua babestea;

    b)

    Datu-bilketarako eta ikerketarako sare integratuak sortzeko nazio, lurralde eta mundu mailako programak babestea; horretarako zoruen eta lurren degradazioaren inguruko ebaluazioak egin beharko dira;

    c)

    Meteorologia eta hidrologia alorretan nazioko eta lurraldeko behaketa sistematikorako sareak eta sistemak sendotzea, oinarrizko nahiko informazio bil dadin arduratzeko eta nazioko, lurraldeko eta nazioarteko zentroen artean komunikazioa izan dadin arduratzeko.

c)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lurraldeko programak eta nazioarteko lankidetzarako jarduerak sendotzea; esate baterako, ondorengo erakunde hauek sendotzea: Sahelen lehortearen aurka borroka egiteko Estatuarteko Batzorde Iraunkorra (CILSS), Lehorteari eta Garapenari buruzko Gobernuarteko Autoritatea (AISD), Hego Afrikaren garapena koordinatzeko biltzarra (CCDAM), Magreb arabiarraren Batasuna eta lurralde mailako beste erakunde batzuk eta Saharako eta Sahelgo Behatokia eta antzeko erakundeak;

    b)

    Osagai zabal gisa, desertifikazioari, lurren degradazioari eta giza baldintzei buruzko datu-basea sortzea edo garatzea; datu-base honetan parametro fisikoak eta sozioekonomikoak gehitu beharko lirateke.

    Datu-base horrek aurretik dauden zerbitzuetan oinarrituta egon beharko luke eta, behar den neurrian, zerbitzu osagarrietan, hala nola Ingurugiroaren Zaintzan eta helburu honekin sendotutako nazioarteko, lurraldeko eta nazioko beste informazio-sistema batzuetan;

    c)

    Erreferentzia puntuak zehaztea eta progresurako adierazleak definitzea, desertifikazioaren aurkako borrokan egindako behaketa sistematikoko eta aurrerapenaren ikuskapenerako herri eta lurralde mailako erakundeen lana errazteko. Herri mailako parte-hartzearen adierazleei arreta berezia jarri beharko litzaieke.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 350 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango dituen 175 milioi dolar inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta desertifikazioaz eta lehorteaz arduratzen diren nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Baliabide naturalen inbentarioak egitea eta daudenak eguneratzea, esate baterako, baliabide hauen ingurukoak: energia, ura, zorua, mineralak, landareak eta animaliak; eta beste baliabide hauenak ere bai: elikadura, etxebizitza, lana, osasuna, hezkuntza eta populazioaren denbora- eta espazio-banaketa;

    b)

    Informazio-sistema integratuak sortzea, behaketa sistematikorako, kontabilitaterako eta ingurugiroan eraginak ebaluatzeko;

    c)

    Nazioarteko organoek gobernuekin elkarlanean aritu beharko lukete ingurugiroaren behaketa sistematikorako eta lehortearen eta desertifikazioaren aurkako borrokarako teknologia egokiak eskuratu eta garatu daitezen errazteko.

c)

Giza baliabideen garapena:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta desertifikazioaren eta lehortearen arazoez arduratzen diren nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunekin elkarlanean, behaketa sistematikoaz eta desertifikazioaren eta lehortearen ebaluazioaz arduratzen diren langileen gaitasun profesionalak eta teknikoak sustatu behar lituzkete.

d)

Gaitasuna areagotzea:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta desertifikazioaren eta lehortearen arazoez arduratzen diren nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunekin elkarlanean, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Herri eta nazio mailako erakundeak sendotzea. Honela, behaketa sistematikorako eta desertifikazioaren ebaluaziorako langileak, taldeak eta finantza-baliabideak eman beharko lizkiekete;

    b)

    Ingurugiroari buruzko informazioa biltzeko eta erabiltzeko tokian tokiko biztanleen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena eta gazteena, hezkuntzaren eta informazioaren zabalkuntzaren bidez.

 

B. Lurren degradazioaren aurkako borroka, beste gauza batzuen artean lurren kontserbaziorako jarduerak areagotzearen, baso-sartzearen eta baso-berritzearen bidez

Ekintzarako oinarriak:

  1. Desertifikazioak 3.600 milioi hektarea ingururi eragiten dio, hau da, lur lehorren % 70eri eta munduko azalera osoaren laurdenari. Larreen, lehorreko laboreen lurren eta labore ureztatuen desertifikazioari aurre egiteko, oraindik desertifikazioak kaltetu ez dituen edo gutxi kaltetu dituen guneetan prebentzio-neurriak hartu beharko lirateke; erdi desertifikatutako lurretako produktibitateari eusteko neurri zentzatzaileak aplikatu beharko lirateke eta larriki edo oso larriki desertifikatutako lur lehorrak errekuperatzeko birgaitze-neurriak onartu beharko lirateke.
  2. Landare-estalkia handitzeak lur lehorrak dauden guneetan oreka hidrologikoa bultzatuko eta egonkortuko luke eta lurraren kalitateari eta produktibitateari eusten lagunduko luke. Oraindik degradatu gabeko lurretan prebentzio-neurriak aplikatzeak eta lur erdi lehorretan edo oso degradatuetan –horien artean dunen mogimenduek kaltetutakoetan– neurri zentzatzaileak edo birgaitzeak aplikatzeak lurren mantenurako gaitasuna eta ekosistema ahuletako baliabide biotikoen kontserbazioa bultzatuko lituzkete. Neurri horiek lurraren erabilera ekologikoki arrazionala, sozialki onargarria eta bidezkoa eta ekonomikoki bideragarria onartzearen bidez aplikatu beharko lirateke.

Jarduerak:

  1. Programa-arlo honetako helburuak ondorengoak dira:

    a)

    Oraindik desertifikazioaren eragina jasan ez duten guneetan edo oso gutxi jasan dutenetan, eraketa naturalak (basoak barne) era egokian antolatzea, aniztasun biologikoa kontserbatzeko, arroak babesteko, bere produkzioaren jasangarritasunerako eta nekazaritzaren garapenerako eta beste helburu batzuetarako. Herrialde indigenek ere parte hartu beharko lukete helburu hau lortzeko jardueretan;

    b)

    Erdi desertifikatutako edo oso desertifikatutako lur lehorrak birgaitzea, nekazaritzarako erabiltzeko. Horrez gain, bere produktibitateari eustea, beste gauza batzuen artean zoruaren eta uraren kontserbazioaren bidez, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza garatzeko;

    c)

    Landare-estalkia areagotzea eta antolakuntza-jarduerak egitea, desertifikazioak edo lehorteak kaltetutako edo desertifikaziorako edo lehorterako joera duten lurraldeetako baliabide biotikoak babesteko, batez ere ondorengo jardueren bitartez: baso-sartzea eta baso-berritzea, komunitatearen agrosilbikultura eta basogintza eta landaretza mantentzeko planak;

    d)

    Basoko baliabideen antolaketa hobetzea, horien artean egurraren antolaketa. Egurraren kontsumoa gutxitzea erabilera eta kontserbazio eragingarriagoaren bidez eta beste energia-iturri batzuen, horien artean ordezko energia-iturrien, ustiapena eta erabilera sustatzea.

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin behar lukete:

    a)

    Oraindik kaltetu gabeko edo gutxi kaltetutako lur lehor ahuletan prebentziozko neurri zuzenak aplikatzea berehala, ondorengoa aurrera eramanez: i) lurraren erabileraren politika eta jarduera hobeak, produkzio jasangarria areagotzeko; ii) nekazaritzako eta abeltzaintzako teknologia egokiak, ekologikoki arrazionalak eta ekonomikoki bideragarriak; eta iii) lurren eta uren baliabideen antolaketarako teknika hobeak;

    b)

    Baso-sartzeko eta baso-berritzeko programa bizkortzaileak egitea, lehortea jasaten duten eta berehala hazten diren espezieak erabiliz; bereziki tokian tokiko espezieak erabili beharko lirateke, leguminosoak eta antzekoak barne. Programa hauek komunitatean oinarritutako agrosilbikultura-planekin batera garatu beharko lirateke. Gai honen inguruan, eskala handiko baso-sartzeko eta baso-berritzeko planak gauzatzea kontuan hartu beharko litzateke, bereziki ingurubide berdeak sortuz, neurri horien onura anitzak kontuan hartuta;

    c)

    19. paragrafoko a) tartean adierazitako neurriez gain, berehala neurri zentzatzaile zuzenak aplikatzea guztiz desertifikatutako eta erdi desertifikatutako gune lehorretan produktibitatea berrezartzeko eta mantentzeko;

    d)

    Lurren, uren eta laboreen antolaketa hobetuen sistemak sustatzea, ureztatutako soro landuen gatzitzearen aurka borroka egin ahal izateko; lehorreko laboreen lurrak egonkortzea eta lurren erabilera-motetan lurren eta laboreen antolaketa-sistema hobetuak sartzea;

    e)

    Komunitatearen parte-hartzearekin baliabide naturalen, horien artean larreen, antolaketa sustatzea. Hori teknologia berritzaileak edo bertako teknologia egokituak kontuan hartuta nekazaritzako herrien beharrak asetzeko eta kontserbazioaren helburuak aintzat hartzeko egin beharko litzateke;

    f)

    Legeen eta beste bitarteko batzuen bidez gune ekologiko berezien babesa eta in situ kontserbazioa sustatzea, desertifikazioaren aurka borroka egiteko eta, era berean, aniztasun biologikoa babes dadin zaintzeko;

    g)

    Lur lehorretako basoen garapenean inbertsioak egin daitezen sustatzea, hainbat pizgarriren, esaterako legezko neurrien, bidez;

    h)

    Zurezko baliabideengan egindako presioa gutxitzen duten energia-iturriak, horien artean ordezko energiak eta hobetutako sukaldeak, ustiatu eta erabili daitezen sustatzea.

b)

Datuak eta informazioa:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Tokian tokiko jarduerak hobetzeko ekintzetan oinarrituta, lurren erabilerarako ereduak lantzea, lurren degradazioa ekiditeko. Eredu horiek desertifikazioa eragiten duten giza jardueren faktore naturalen eta eratorritako faktoreen aniztasuna ulertzen lagundu beharko lukete. Era berean, eredu horiek jarduera berrien eta ohiko jardueren arteko elkarreragina adierazi beharko lukete, lurren degradazioa ekiditeko eta sistema ekologikoak eta sozialak errekuperatzeko duten gaitasuna islatzeko;

    b)

    Ingurugiroaren segurtasunaren inguruko iritziak kontuan hartuta, lehortea jasaten duten, berehala hazten diren, produktiboak diren eta lurraldeko ingururako egokiak diren landare espezieak prestatzea, probak egitea eta sartzea.

c)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 
  1. Nazio Batuen erakundeek, nazioarteko eta lurraldeko erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek eta alde biko erakunde eskudunek ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lurren degradazioaren aurkako borrokan beren funtzioak koordinatzea eta kaltetutako herrialdeetan baso-berritzeko, agrosilbikulturako eta lurren antolaketarako sistemak sustatzea;

    b)

    Teknologiak garatzeko eta hedatzeko, trebakuntzarako eta programak gauzatzeko lurraldeko eta azpilurraldeko jarduerak babestea, lur lehorren degradazioa geldiarazteko.

  2. Gobernu interesdunek, Nazio Batuen erakunde eskudunek eta alde biko erakundeek lur lehorren degradazioaren aurkako jardueren koordinazioa sendotu beharko lukete, jarduera horietaz arduratzeko gobernuarteko edo lurraldeko erakundeak dauden kasuetan, esaten baterako, CILSS, AISD, CCDAM eta Magreb Arabiarraren Batasuna.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 6.000 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango dituen 3.000 milioi inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Gobernuek dagokien mailan eta tokian tokiko komunitateek, nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Basoen, basoko lurren, larreen eta landaretza naturalaren inguruko bertako ezagutzak desertifikazioari eta lehorteari buruzko ikerketetan erabiltzea;

    b)

    Posible den lekuetan, metodo tradizionaletan zentratutako ikerketa-programa integratuak sustatzea honako gaien inguruan: uren eta lurren baliabideen babesa, errekuperazioa eta kontserbazioa eta lurren erabileraren kudeaketa.

c)

Giza baliabideen garapena:

 
  1. Gobernuek dagokien mailan eta tokian tokiko komunitateek, nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lurren erabiltzaileak, bereziki emakumeak, lurren erabilerarako sistema hobeak aplikatzeko eragile nagusi izan daitezen mekanismoak ezartzea lurren degradazioari aurre egiteko; agrosilbikulturako lurrak ere hartu beharko lirateke kontuan;

    b)

    Desertifikaziorako eta lehorterako joera duten guneetan hedatze-zerbitzuak sustatzea, batez ere gune elkorretan lurren eta uren baliabideak hobeto antolatu ahal izateko nekazariak eta abeltzainak trebatzeko.

d)

Gaitasuna areagotzea:

 
  1. Gobernuek dagokien mailan eta tokian tokiko komunitateek, nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Nazioko legedi egokiaren bidez, lurraren erabilera-politika berriak instituzionalizatzeko hartu beharreko neurriak prestatzea eta onartzea; lurraren erabilerak ekologikoki arrazionala eta garapenera bideratutakoa izan beharko luke;

    b)

    Komunitatean oinarritutako herri mailako erakundeei, bereziki nekazarien eta abeltzainen erakundeei, babesa ematea.

 

C. Pobreziari aurre egiteko eta desertifikaziorako joera duten guneen iraupen-sistemen sustapenerako programa integratuak egitea eta sendotzea

Ekintzarako oinarriak:

  1. Desertifikaziorako eta lehorteetarako joera duten guneetan, baliabideen egungo iraute- eta ustiaketa-sistemek ez dute bizi-baldintza egokiei eusten uzten. Gune elkor eta erdielkor gehienetan, nekazaritzan eta artzaintzan oinarritutako iraute-sistema tradizionalak, lehortearen eta demografiaren presioa areagotzearen efektuak kontuan hartuta, urriak eta eutsiezinak izaten dira. Pobrezia faktore oso garrantzitsua da degradazio- eta desertifikazio-tasak bizkortzeko garaian. Ondorioz, ordezko iraute-sistemekin batera, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako sistemak hobetzeko neurriak hartu behar dira larreen antolaketa jasangarria lortzeko.

Helburuak:

  1. Pograma-arlo honen helburuak hauek dira:

    a)

    Nekazaritzako komunitateak eta artzainen taldeak trebatzea, sozialki bidezkoa eta ekologikoki arrazionala den oinarria eredu gisa hartuta beren garapenaz eta lurren baliabideen antolaketaz ardura daitezen;

    b)

    Produkzio-sistemak hobetzea, nekazaritzaren garapenaren ikuspegi osoa hartuta baliabide naturalen kontserbaziorako onartutako planaren barruan produktibitate gehiago lortzeko;

    c)

    Iraute-sistema desberdinak eskaintzea, lurreko baliabideengan egindako presioa murrizteko; era berean, diru-iturri osagarriak ematea, bereziki nekazaritzako populazioari, eta, ondorioz, beren bizitza-maila hobetzea.

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Nazio mailan, lurren baliabideen antolaketaren ikuspegi deszentralizatuarekin harremana duten politikak onartzea; politika horien bidez nekazaritzako erakundeetan ardurak delegatu egin beharko lirateke;

    b)

    Herrixken eta artzainen lurretako antolaketaz arduratzeko nekazaritzako erakundeak sortzea edo sendotzea;

    c)

    Herri eta nazio mailan sektorearteko mekanismoak prestatzea eta garatzea, erabilerari eta lurren jabetzari dagokienean lurrak edukitzeko erregimenak ingurugiroan eta garapenean sortutako ondorioez ardura daitezen. Nekazaritzako guneetan bizi diren emakumeen, artzain-taldeen eta nomaden jabetza-eskubideak babesteari kasu berezia egin beharko litzaioke;

    d)

    Herrixka mailan bereziki artzainen interes komuneko jarduera ekonomikoez arduratuko diren elkarteak sortzea edo sendotzea (helburu komertzialak dituen baratzezaintza, nekazaritzako produktuen transformazioa, abelazkuntza, artzainak eta abar);

    e)

    Nekazaritzako guneetan maileguak eta aurrezkiaren mobilizazioa sustatzea, gune horietan banku-sistemak ezarriz;

    f)

    Herri mailan produkziorako eta merkaturatzeko azpiegiturak eta gaitasuna garatzea, herriko biztanleek iraute-sistema desberdinen promozio-jardueretan eta pobreziari aurre egiteko jardueretan parte har dezaten bultzatuz;

    g)

    Nekazaritzako enpresarioentzako eta herriko taldeentzako txandakako mailegu-funtsa sortzea, familiarteko industria eta enpresa komertzialak sor daitezen eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretarako maileguak eman daitezen errazteko.

b)

Datuak eta informazioa:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Programa-arlo honetako egoera hobeto ulertzeko, erreferentziazko azterketa sozioekonomikoak egitea, bereziki baliabideekin eta lurren jabetzarekin, lurrak antolatzeko era tradizionalekin eta produkzio-sistemen ezaugarriekin harremana duten alorretan;

    b)

    Baliabide naturalen (zoruak, ura eta landaretza) eta beren degradazio-egoeraren inbentarioa prestatzea, bereziki tokian tokiko biztanleen ezagutza oinarri hartuta (esate baterako, nekazaritzako guneen ebaluazio azkarra);

    c)

    Herrialdearen baldintza sozial, ekonomiko eta ekologikoetara egokitutako teknologia-sistemei buruzko informazioa zabaltzea;

    d)

    Iraute-sistema desberdinen garapenari buruzko informazioa lurralde agroekologikoen artean trukatu eta hedatu dadin sustatzea.

c)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lur elkorren eta erdielkorren tekniken eta metodoen inguruko ikerketak egiten dituzten erakundeen arteko informazio trukaketa eta lankidetza sustatzea, lurren, lanaren eta produkzio-sistema bideragarrien produktibitatea hobetzeko;

    b)

    Nazioarteko eta gobernuz kanpoko erakundeen komunitateak finantzatutako programak eta proiektuak eta pobrezia arintzeko eta iraute-sistema desberdinak sustatzeko programak eta proiektuak gauzatzeko ekintzak koordinatzea eta bateratzea.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa-arlo honetako kostuak 3. atalean (Pobreziaren aurkako borroka) eta 14. atalean (Nekazaritza eta landa-garapen jasangarriak sustatzea) sartu ditu.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lurren erabileraren inguruko ikerketa aplikatuak egitea, tokian tokiko ikerketa-erakundeen laguntzarekin;

    b)

    Informazioaren eta esperientziaren aldizkako komunikazioa eta trukaketa erraztea, nazio, lurralde eta lurraldearte mailan eta dibulgazioaz arduratzen diren funtzionarioen eta ikertzaileen artean;

    c)

    Teknologien sarrera eta erabilera babestea eta sustatzea diru-sarreren ordezko iturriak sortzeko.

c)

Giza baliabideen garapena:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Nekazaritzako erakundeetako kideak antolakuntza-tekniketan trebatzea eta nekazariak eta artzainak teknika berezietan trebatzea, esate baterako, zoruen eta uraren kontserbazioan, ur-bilketan, agrosilbikulturan eta eskala txikiko ureztaketan;

    b)

    Dibulgazioaz arduratzen diren eragileak lurren antolaketa integratuan komunitateak parte-hartzeko tekniketan trebatzea.

d)

Gaitasuna areagotzea:

 
  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, desertifikaziorako joera duten lurretako biztanleen pobrezia arintzeko estrategiak garapenerako plan eta programa sektorialetan eta nazionaletan sartzeaz arduratzeko mekanismoak sortu eta mantendu beharko lituzkete.
Azken eguneratzea: 2011/05/18