Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

II. SAILA: GARAPENERAKO BALIABIDEAK KONTSERBATZEA ETA KUDEATZEA

 

     


13. ATALA: Ekosistema hauskorren antolaketa: gune menditsuen garapen jasangarria

Sarrera

 

  1. Mendiak uraren, energiaren eta aniztasun biologikoaren iturri garrantzitsu dira. Horrez gain, ezinbesteko baliabideen iturri ere badira, hala nola, mineralen eta basoko eta nekazaritzako produktuen iturri, eta aisialdirako gune.
    Gure planetako ekologia konplexua eta interdependentea ekosistema garrantzitsu honetan ordezkaturik dago, beraz, mendi ingurua ezinbestekoa da munduko ekosistemak bizirik irauteko. Hala ere, mendiko ekosistemak azkar aldatzen ari dira. Lurren higadura bizkortua, luiziak eta aniztasun genetikoaren eta habitataren pobretze azkarra jasateko arriskua dute. Mendiko biztanleen artean pobrezia orokorra da eta tokian tokiko ezagutzak galtzen ari dira. Honen guztiaren ondorio gisa, munduko gune menditsu gehienetako ingurugiroa hondatuta dago. Beraz, berehala hartu behar dira mendiko biztanleen garapen soziala eta ekonomikoa eta mendiko baliabideak behar bezala antolatzeko neurriak.
  2. Gutxi gorabehera munduko biztanleen % 10 mendiko baliabideen menpe bizi da. Ehuneko askoz handiagoak erabiltzen ditu mendiko hainbat baliabide, esate baterako ura. Mendiak aniztasun biologikoaren eta arriskuan dauden espezieen erreserba dira.
  3. Atal honek bi alorretako programak ditu munduko mendi guztiei dagokienean ekosistema hauskorren arazoaren ikerketan sakontzeko. Alorrak ondorengoak dira:

    a)

    Mendiko ekosistemen ekologiari eta beren garapen jasangarriari buruzko ezagutzak sortzea eta sendotzea;

    b)

    Arro hidrografikoen eta beste bizimoduen ustiapen integratua sustatzea.

 


Programa-arloak

 

A. Mendiko ekosistemen ekologiari eta garrapen jasangarriari buruzko ezagutzak sortzea eta sendotzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Giza faktoreak eta faktore naturalak direla eta, mendietako oreka ekologikoa erasotzen erraza da. Mendiak gunerik ahulenak dira atmosferako klima-aldaketen aurrean. Ezinbestekoa da ekologiari, baliabide naturalen indarrari eta jarduera soziekonomikoei buruzko berariazko informazioa izatea. Neurri bertikalak direla eta, mendiek tenperatura-, euri- eta intsolazio-gradienteak sortzen dituzte. Mendi baten hegal batean klima mota desberdinak egon daitezke, esate baterako, tropikala, subtropikala, epela eta alpinoa, eta horietako bakoitzak habitat anitzagoa duen mikrokosmos bat osatzen du. Hala ere, mendiko ekosistemak ez dira behar bezala ezagutzen. Ondorioz, ezinbestekoa da mundu mailan mendiei buruzko datu-basea sortzea, mendiko ekosistemen garapen jasangarriari laguntzeko programak gauzatzeko.

 

Jarduerak:

 

  1. Pograma-arlo honen helburuak hauek dira:

    a)

    Mendiko ekosistemetako zoruen, basoen, uren ustiapenen eta landare- eta animalia-baliabideen ikerketak egitea, lurraldeko eta nazioarteko erakundeen lana kontuan hartuta;

    b)

    Datu-baseak eta informazio-sistemak sortzea eta mantentzea, lurraldeko eta nazioarteko erakundeen lana kontuan hartuta, ingurugiro-ebaluazioa eta mendiko ekosistemen antolaketa integrala errazteko;

    c)

    Munduko lurralde menditsuetan, teknologien eta nekazaritza- eta kontserbazio-jardueren alorretan ezagutza ekologikoen egungo oinarria hobetzea eta garatzea tokian tokiko komunitateen parte-hartzearekin;

    d)

    Komunikazio-sarea eta informazioa trukatzeko zentroa sortzea eta sendotzea gaur egun mendien arazoaz arduratzen diren erakundeentzako;

    e)

    Mendiko ekosistema hauskorrak babesteko lurraldeko jardueren koordinazioa hobetzea; horretarako lurraldeko baliabide juridikoak barne hartzen dituzten mekanismo egokiak aztertu behar dira;

    f)

    Informazio-sistemak eta datu-baseak ezartzeko informazioa sortzea, ingurugiroko arriskuen eraginaren eta mendiko ekosistemetan hondamendi naturalen eraginaren ebaluazioa errazteko.

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Aurretik dauden erakundeak sendotzea edo erakunde berriak sortzea, herri, nazio eta lurralde mailan, mendiko ekosistemetako lurren eta uren inguruko ezagutza ekologikoen diziplinarteko oinarria sortzeko helburuarekin;

    b)

    Tokian tokiko biztanleei pizgarriak eskaintzen dizkieten politika nazionalak sustatzea, ingurugiroari kalterik egiten ez dieten laborantzako eta kontserbazioko teknologiak eta jarduerak aplikatzeko;

    c)

    Ezagutzen eta analisien oinarria hedatzea, ekosistema hauskorrez arduratzen diren nazio eta lurralde mailako erakundeen arteko lankidetzarako eta informazioa trukatzeko mekanismoak sortuz;

    d)

    Nekazariei eta tokian tokiko biztanleei pizgarriak eskaintzen dizkieten politikak sustatzea kontserbazio- eta birsorkuntza-neurriak aplika ditzaten;

    e)

    Gune menditsuetako ekonomiak dibertsifikatzea, beste batzuen artean mendiko inguruaren antolaketa integralaren printzipioak kontuan hartuta turismoa sartuz edo garatuz;

    f)

    Basoarekin, larreekin eta basoko faunarekin eta florarekin harremana duten jarduera guztiak integratzea, berariazko mendiko ekosistemei eusteko;

    g)

    Espezie adierazgarri asko dituzten guneetan eta lekuetan erreserba natural egokiak ezartzea.

 

b)

Datuak eta informazioa:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Munduko lurralde menditsuen analisiak egitea eta gune horien aniztasun klimatikoa barne hartzen duen zaintza meteorologikorako, hidrologikorako eta fisikorako eta uren banaketarako azpiegiturak sortzea eta mantentzea;

    b)

    Batetik, zoruen, basoen eta uren erabilera mota desberdinen eta, bestetik, landareen, animalien eta landu daitezkeen landareen baliabide genetikoen inbentarioa prestatzea; inbentario honetan lehentasuna eman behar zaie desagertzeko arriskuan dauden espezieei. Baliabide genetikoak in situ babestu beharko lirateke gune babestuak sortuz, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera tradizionalak hobetuz eta baliabideen balio posiblea ebaluatzeko programak sortuz;

    c)

    Higaduraren, uholdeen, luizien, lurrikaren, elur-jausien eta beste arrisku natural batzuen aurrean ahulenak diren eta arriskuan dauden guneak zein diren adieraztea;

    d)

    Industrialdeetatik edo aldameneko hiriguneetatik datorren airearen kutsadurak mehatxaturik dauden gune menditsuak zein diren adieraztea.

 

c)

Lankidetza nazioarte eta lurralde mailan:

 

 

  1. Gobernuek eta gobernuarteko erakundeek ondorengoa egin behar lukete:

    a)

    Nazioarteko lankidetza koordinatzea eta erakunde espezializatuen artean informazioa eta esperientzia trukatzea, esate baterako erakunde hauen artean: Munduko Bankua, NGNF eta lurralde eta nazioarte mailako beste erakunde batzuk, gobernuak, ikerketa-erakundeak eta mendiko guneen garapenaz arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeak;

    b)

    Mendiko guneen garapenaz arduratzen diren nazioarte, lurralde eta herri mailako gobernuz kanpoko erakundeen jarduerak eta herri-ekimenak koordinatzea lurralde, nazio eta nazioarte mailan. Besteak beste, erakunde hauen jarduerak koordinatzea: Nazio Batuen Unibertsitatea, Woodland Mountain Institute (WMI), Mendien ustiapen integraturako nazioarteko zentroa (ICIMOD), International Mountain Society (IMS), Afrikako Mendien Elkartea eta Mendiak babesteko Andeetako elkartea. Horrez gain, erakunde horiei informazioa eta esperientzia truka ditzaten laguntzea;

    c)

    Mendiko ekosistema ahulak babestea, mekanismo egokiak aztertuz, horien artean lurraldeko baliabide juridikoak aztertuz.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 50 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien araberakoak izango dira.

 

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko programak sendotu beharko lituzkete, baita lurraldeko eta nazioko erakundeen arteko hedapen-lana ere, bereziki meteorologia, hidrologia, silbikultura, edafologia eta fitologia alorretan.

 

c)

Giza baliabideen garapena:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Trebakuntza- eta hedapen-programak gauzatzea, mendiko ekosistementzako egokiak izango liratekeen teknologia eta jarduera ekologikoki arrazionalen inguruan;

    b)

    Bekak eta diru-laguntzak emanez goi-mailako hezkuntza babestea, mendietan eta muinoetan ingurugiro-azterketak egiteko. Laguntza hauek bereziki mendietako herrialde indigenetako pertsonei zuzenduta egon behar lukete;

    c)

    Nekazariei, bereziki emakumeei, ingurugiroaren alorrean heziketa eskaintzea, nekazaritzako guneetako herrialdeei mendietako garapen jasangarriarekin harremana duten ekologiaren auziak hobeto uler ditzaten laguntzeko.

 

d)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ekosistema hauskorretako ekonomien garapen jasangarriaren inguruko ikerketarako, trebakuntzarako eta informazioaren hedapenerako beharrezkoak diren oinarri instituzionalak sortu beharko lituzkete, bai nazio mailan, bai lurralde mailan.

 

 

B. Arro hidrografikoen eta beste bizimoduen ustiapen integratua sustatzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Gutxi gorabehera munduko biztanleen erdiari eragiten dio modu batera edo bestera mendiko ekologiak eta arro hidrografikoen degradazioak. Munduko biztanleen % 10 mendietako hegal garaietako guneetan bizi da eta % 40 behealdeko eta erdialdeko ondoko guneez arduratzen da. Arro hauek narriadura ekologikoaren aldetik arazo larriak dituzte. Esate baterako, Hego Ameriketako Andeen inguruetan, nekazaritzako populazioaren zati handi batek lurren narriadura azkarrari egin behar dio aurre gaur egun. Halaber, populazioaren hedapena dela eta, nekazaritzaren produkzioari asko laguntzen dioten Himalaiako mendiak eta gune altuak, hego-ekialdeko Asia eta ekialdeko eta erdialdeko Afrika lur marjinalen laborantzek mehatxaturik daude. Gune askotan arazo horri gehiegizko artzaintza, baso-soiltzea eta biomasa-estalkiaren pobretzea gehitu behar zaizkio.
  2. Lurren higaduraren eraginak suntsitzaileak izan daitezke mendi-hegaletan lehorreko nekazaritzaren menpe bizi diren nekazaritzako guneetako biztanle askorentzat. Pobrezia, langabezia eta osasunaren eta saneamenduaren egoera txarra arazo orokorrak dira. Arro hidrografikoen ustiapen integraturako programak tokian tokiko biztanleen parte-hartze eragingarriaren bidez sustatzea ezinbestekoa da desoreka ekologikoak larriagotzen jarrai ez dezan. Lurren, uren, landareen eta animalien baliabide naturalen oinarria kontserbatzearen, hobetzearen eta erabiltzearen ikuspegi integratua beharrezkoa da, baita giza baliabideena ere. Horrez gain, beste bizimodu batzuk sustatzeak mendiko ekosistemetan bizi den nekazaritza-populazio handiaren bizi-maila hobetzen lagunduko du, bereziki produkzioaren oinarria areagotzeko lan planak eginez.

 

Helburuak:

 

  1. Pograma-arlo honen helburuak hauek dira:

    a)

    2000 urterako, mendiko arroetan, bai laborantza-lurren, bai landu ezin daitezkeen lurren ustiapenaren planifikazio- eta antolaketa-sistema egokiak sortzea, lurraren higadura ekiditeko, biomasaren produkzioa areagotzeko eta oreka ekologikoari eusteko;

    b)

    Diru-sarrerak sortzeko jarduerak –esate baterako, arrantza eta turismo orekatuak eta ingurugiroari kalterik egiten ez dion meatzaritza– sustatzea eta azpiegitura eta zerbitzu sozialak hobetzea, batez ere tokian tokiko komunitateen eta herrialde indigenen bizimodua babesteko;

    c)

    Kaltetutako herrialdeentzako xedapen teknikoak eta instituzionalak egitea, hondamendi naturalen eragina arintzeko, arriskuen prebentzio- eta zonifikazio-neurriak, alerta goiztiarreko sistemak eta ebakuazio-planak aplikatuz eta larrialdietarako erreserbak sortuz.

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Lurren higadura ekiditeko neurriak hartzea eta sektore guztietan higadura gutxitzeko jarduerak sustatzea;

    b)

    Arro hidrografikoen ustiapenerako lan-taldeak edo batzordeak sortzea, erakundeen lanaren osagarri izan daitezen eta maila administratibo guztietan tokian tokiko ekimenak –bereziki abeltzaintzakoak, basogintzakoak, baratzegintzakoak eta nekazaritza garatzeko direnak– babesteko zerbitzu integratuak martxan jar ditzaten;

    c)

    Herriko baliabideen kudeaketan, legeria egokiaren bidez, biztanleen parte-hartzea sustatzea;

    d)

    Tokian tokiko erakundeei eta komunitateei herriaren parte-hartzean oinarritutako garapena sustatzeko proiektuak prestatzen laguntzen dieten gobernuz kanpoko erakundeak babestea;

    e)

    Basoko flora eta fauna eta aniztasun biologikoa babestu daitezkeen edo parke nazional bihur daitezkeen gune mehatxatuak kontserbatzeko mekanismoak martxan jartzea;

    f)

    Nekazariei eta tokian tokiko biztanleei pizgarriak eskaintzen dizkien politika nazionalak formulatzea, kontserbaziorako neurriak har ditzaten eta ekologiari kalterik egiten ez dioten teknologiak erabil ditzaten;

    g)

    Familiako industrietan eta nekazaritza-prozesatzeetan diru-sarrerak sortzeko jarduerei ekitea, esate baterako sendabelarrak eta landare usaintsuak landatuz eta prozesatuz;

    h)

    Orain arte aipatutako jarduerak garapenean emakumeen, herrialde indigenen eta tokian tokiko komunitateen parte-hartze osoa lortzeko beharra kontuan hartuta gauzatzea.

 

b)

Datuak eta informazioa:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Nazio, estatu edo lurralde mailan, behaketa sistematikorako eta ebaluaziorako azpiegiturak mantentzea eta sortzea, eguneroko jardueretarako informazioa osatzeko eta proiektuek ingurugiroan eta sozioekonomian izango duten eragina zehazteko;

    b)

    Nekazaritzako komunitateen mailan, beste bizimoduen eta produkzio-sistema dibertsifikatuen inguruko informazioa sortzea honako gaien inguruan: urteko laboreak eta zuhaitzen laboreak, abelazkuntza, hegazti-hazkuntza, erlezaintza, arrantza, industria komunitarioak, merkatuak eta garraioa. Diru-sarrerak izateko aukeren inguruan ere sortu beharko litzateke informazioa, emakumearen papera guztiz kontuan hartuta eta planifikazio- eta gauzatze-prozesuan sartuta.

 

c)

Lankidetza nazioarte eta lurralde mailan:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Honako talde hauen barruan dauden eta ikerketez eta trebakuntzaz arduratzen diren nazioarteko institutuen funtzioak indartzea: Nazioarteko Nekazaritza Ikerketari buruzko Kontsulta Taldea (NNIKT), Lurrak Ikertzeko eta Antolatzeko Nazioarteko Batzarra (LIANB) eta arroetako antolaketei aplikatutako lurraldeko ikerketa-zentroak, esate baterako Woodland Mountain Institute eta Mendien ustiapen integraturako nazioarteko zentroa (ICIMOD);

    b)

    Mendikateak eta ibai-arroak elkarren artean dituzten herrialdeen artean, lurralde mailako lankidetza eta datuen eta informazioaren trukea sustatzea bereziki hondamendiek eta uholdeek kaltetutako herrialdeetan;

    c)

    Arroen ustiapenaz arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzarako lotura ezartzea eta lotura horri eustea.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 13.000 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango dituen 1.900 milioi inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.
  2. Mendiko ekosistemetan beste bizimodu mota batzuk sustatzeko funtsen banaketak pobreziaren aurkako programaren zati ere izan behar luke edo herrialde bakoitzean ordezko bizimoduak bilatzeko programaren zati. Gai hauek ondorengo atal hauetan aztertu dira: 3. atala (Pobreziaren aurkako borroka) eta 14. atala (Nekazaritza eta landa-garapen jasangarriak sustatzea).

 

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Ingurugiroaren babesa eta garapenaren funtzioa batzen dituzten proiektu pilotuak martxan jartzeko aukera aztertzea. Horretarako ingurugiroaren antolaketarako ohiko sistemak edo jarduerak kontuan hartu beharko lirateke, bereziki ingurugiroan eragin onuragarriak dituztenak;

    b)

    Arro hidrografikoen eta nekazaritzako ustiapenen berariazko baldintzetara egokitzeko teknologiak sortzea, tokian tokiko gizonen, emakumeen, ikertzaileen eta eragileen partaidetzan, bereziki nekazaritzako guneetan esperimentuak eta entseguak egiten dituztenen partaidetzan oinarritutako ikuspegiaren bidez;

    c)

    Landaretza kontserbatzeko teknologiak sustatzea, higadura ekiditeko, hezetasuna in situ erregulatzeko eta laborantza-teknologiak, zuhainen produkzioa eta agrosilbikultura hobetzeko, batez ere tokian tokiko biztanleen artean sartzeko merkeagoak, arruntagoak eta errazagoak diren produkzio-motak hobetzeko.

 

c)

Giza baliabideen garapena:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin behar lukete:

    a)

    Hainbat gairen inguruan tokian tokiko biztanleen trebakuntzaren eta ezagutzen hedapenaren diziplina anitzeko eta sektorearteko ikuspegia sustatzea. Besteak beste, gaiak ondorengoak izango lirateke: etxeko produkzio-sistemak, landu daitezkeen eta ezin daitezkeen lurren kontserbazioa eta erabilera, drainatze-kanalen tratamendua eta lur azpiko uren birkarga, abelazkuntza, arrantza, agrosilbikultura eta baratzegintza;

    b)

    Giza baliabideak garatzea, hezkuntza, osasuna, energia eta azpiegitura eskura izateko aukerak emanez;

    c)

    Herri mailan hondamendiei aurre hartzeko eta ondorioak arintzeko ulermena eta prestakuntza sustatzea, alerta goiztiarreko eta iragarpenak egiteko teknologiarik berrienekin batera.

 

d)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Gobernuek, dagokien mailan eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, arroak antolatzeko zentro nazionalak sortu eta sendotu beharko lituzkete, alde sozioekonomikoen, teknologikoen, legislatiboen, finantzarioen eta administratiboen eta ingurugiro-aldeen ikuspegi integrala bultzatzeko eta organo arau-emaileei eta administratiboei, lursailetako langileei eta nekazariei arroen ustiapenean babesa emateko.
  2. Sektore pribatuak eta tokian tokiko komunitateek, gobernuekin elkarlanean, herri mailako azpiegituraren garapena sustatu behar lukete –komunikazio-sareak eta eskala txikiko eta ertaineko proiektu hidroelektrikoen gauzatzea barne– familiako industriari babesa emateko eta merkatuetara sarbidea errazteko.

 

Azken eguneratzea: 2011/05/18