Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

II. SAILA: GARAPENERAKO BALIABIDEAK KONTSERBATZEA ETA KUDEATZEA

 

     


19. ATALA: Produktu kimikoen kudeaketa ekologikoki arrazionala, nazioartean produktu toxikoen eta arriskutsuen legez kanpoko salerosketa prebenitzea barne

Sarrera

 

  1. Munduko komunitatearen helburu sozialak eta ekonomikoak erdiesteko ezinbestekoa da produktu kimiko pila bat erabiltzea, eta jarduera moderno onenek frogatu dute produktu horiek lasai, eraginkortasun ekonomikoarekin eta segurtasun-maila handiarekin erabil daitezkeela. Hala ere, oraindik gauza asko egin behar da produktu kimiko toxikoen kudeaketa ekologikoki arrazionala garapen jasangarriaren printzipioen bidez eta gizateriarentzako bizi-kalitatea hobetzearen bidez hedatzeko. Bi arazo nagusiak, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan, ondorengoak dira:

    a)

    Produktu kimiko kopuru handia erabiltzeak dakarren arriskua ebaluatzeko informazio zientifikoaren gabezia; eta

    b)

    Produktu kimikoen datuak eskura dauden kasuetan, produktu horiek ebaluatzeko baliabide falta.

  2. Azken garaiotan, munduko gune industrial garrantzitsu batzuetan kutsadura kimiko handia produzitzen jarraitu dute eta kutsadura horrek, batetik, osasunean, egitura genetikoetan eta giza ugalketan eta, bestetik, ingurugiroan kalte handiak eragin ditu. Birgaitzeak inbertsio handiak eta teknika berrien garapena eskatzen ditu. Oraindik kutsadura oso urrutira hedatzearen garrantzia ulertzen eta ezagutzen bakarrik hasi dira; kutsaduraren eragina atmosferaren funtsezko prozesu kimikoetan eta fisikoetan eta Lurraren kliman ere nabaritu daiteke.
  3. Nazioarte mailako erakunde asko produktu kimikoen segurtasunarekin harremana duten gaietan ari dira lanean. Herrialde askotan segurtasun hori sustatzeko programak daude. Jarduera horiek nazioartean ondorioak dituzte, izan ere, arrisku kimikoek ez dituzte nazioen mugak errespetatzen. Hala ere, produktu kimikoen kudeaketa ekologikoki arrazionala lortu nahi bada, ezinbestekoa da nazio eta nazioarte mailako ahalegina nabarmen areagotzea.
  4. Sei programa-arlo proposatu dira:

    a)

    Produktu kimikoen arriskuen nazioarteko ebaluazioa hedatzea eta bizkortzea;

    b)

    Produktu kimikoen sailkapena eta etiketatua bateratzea;

    c)

    Produktu kimiko toxikoei eta produktu kimikoen arriskuei buruzko informazioa trukatzea;

    d)

    Arriskuak gutxitzeko programak antolatzea;

    e)

    Produktu kimikoak kudeatzeko nazio mailako gaitasuna eta bitartekoak sustatzea;

    f)

    Produktu toxikoen eta arriskutsuen legez kontrako nazioarteko zirkulazioa prebenitzea. Horrez gain, G atala programa-arlo batzuekin harremana duen nazioarteko lankidetza sendotzeari buruzkoa da.

  5. Sei programa-arloak eragingarritasunez aplikatzeko, ezinbestekoa da nazioartean lan handia egitea, nazioartean martxan dauden jarduerak hobeto koordinatzea eta teknika-, zientzia-, hezkuntza- eta finantza-bitartekoak zehaztea eta aplikatzea, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan. Hein handiagoan edo txikiagoan, programa-arloen barruan ondorengo atalak sartuko lirateke: gai kimikoen berezko ezaugarrietan oinarritutako arriskuak ebaluatzea, esposizio maila zehatzaren inguruko arriskuak ebaluatzea eta arriskuen maila onargarria eta kudeaketa zehaztea.
  6. Produktu Kimikoen aurrean Babesteko Nazioarteko Programaren (PKBNP) barruan, segurtasun kimikoaren inguruan Nazio Batuen Ingurugiro Programaren (NBIP), Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) eta Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) artean elkarri lagundu beharko liekete eta laguntza horrek produktu kimiko toxikoen kudeaketa ekologikoki arrazionalaz arduratzeko nazioarteko lankidetzaren ardatz izan beharko luke. Horrez gain, beste programekin lankidetza ere sustatu beharko litzateke, esate baterako, Ekonomi Lankidetza eta Garapeneko Erakundearen (ELGE) eta Europako Batasunaren programekin eta produktu kimikoei buruzko lurraldeko eta gobernuarteko beste programekin.
  7. Produktu kimikoen ebaluazioaz eta kudeaketaz arduratzen diren nazioarteko erakundeen eta Nazio Batuen organismoen artean koordinazioa gehiago sustatu beharko litzateke. PKBNPren barruan, 1991ko abenduan gobernuarteko bilera egin zen Londresen. Bilera hori NBIPren zuzendari exekutiboak deitu zuen gai honen inguruko azterketekin jarraitzeko (ikus 75 eta 76 paragrafoak).
  8. Segurtasun kimikoa lortzeko ezinbesteko baldintza bat produktu kimikoen arriskuen inguruan ahalik eta ulermenik handiena egotea da. Komunitateak eta langileek informaturik egoteko duten eskubidea onartu egin beharko litzateke. Hala ere, gai arriskutsuen identitatea jakiteko eskubideak orekatuta egon beharko luke industriak ezkutuko informazio komertziala babesteko duen eskubidearekin (atal honetan industria aipatzen denean, enpresa transnazional handiei eta nazio mailako enpresei buruz ari da).
    Produktuak behar bezala zaintzeko eta ikuskatzeko sektore industrialaren ekimenak sustatu beharko lirateke. Industriak arau operatibo egokiak aplikatu beharko lituzke herrialde guztietan, giza osasunean eta ingurugiroan kalteak ekiditeko.
  9. Nazioarte mailan produktu toxikoen eta arriskutsuen zirkulazioaren zati bat nazioko legeria eta nazioarteko agiri juridikoak hautsiz egiten den susmoa dago. Honek ingurugiroari eta herrialde guztietako, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetako, osasun publikoari kalte egiten die.
  10. Batzar Nagusiaren 1989ko abenduaren 22ko 44/226 ebazpenean, lurralde mailako batzordeei eskura dituzten baliabideekin produktu eta hondakin toxikoen eta arriskutsuen legez kanpoko zirkulazioa prebenitzen lagun dezatela eskatzen zaie. Horretarako, lurralde mailan, legez kanpoko zirkulazio horri eta lurraldeko ingurugiroan eta osasunean dituen eraginei buruzko ebaluazioak egin eta behatu beharko lituzkete etengabe. Batzarrak besteekin hitzartuta jarduteko eta Nazio Batuen Ingurugiro Programarekin elkarlanean aritzeko ere eskatu die lurralde mailako batzordeei, produktu eta hondakin toxikoen eta arriskutsuen legez kanpoko zirkulazioaren zaintza eta ebaluazioa eragingarria eta koordinatua izan daitezen.

 


 

Programa-arloak

 

A. Produktu kimikoen arriskuen nazioarteko ebaluazioa hedatzea eta bizkortzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Produktu kimikoek giza osasunean eta ingurugiroan arrisku asko sor ditzakete eta arrisku horien ebaluazioa beren erabilera probetxugarria eta arriskurik gabea planifikatzeko ezinbesteko baldintza da. Merkatuan dauden 100.000 gai kimikoen artean eta jatorri naturala duten eta gizakiarekin kontaktuan dauden milaka gairen artean, askok elikagaiak, merkataritzako produktuak eta ingurugiroaren hainbat sektore kutsatzen dituzte. Zorionez, produktu kimiko gehienenen aurreko esposizioa (1.500 produktu inguruk munduko produkzioaren % 95 osatzen dute) oso mugatua da, izan ere normalean kantitate oso txikitan erabiltzen dira. Baina arazo larri bat badago: askotan ez daude arriskuak ebaluatzeko ezinbestekoak diren datuak; kantitate handitan produzitzen diren produktu kimiko askoren inguruko datuak ere ez daude askotan. ELGEren produktu kimikoen programaren inguruan, gai kimiko batzuen inguruko datu horiek biltzen hasiak dira.
  2. Arriskuak ebaluatzeko baliabide asko erabili behar dira.
    Nazioarteko lankidetza sendotuko balitz eta koordinazio hobea lortuko balitz merkeagoa izango litzateke ebaluazioa, izan ere eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien erabiliko lirateke eta jarduerak behin baino gehiagotan egitea ekidingo litzateke. Hala ere, herrialde bakoitzak langile-talde teknikoa eduki beharko luke toxikotasun-probak egiteko eta esposizioen analisia egiteko. Bi elementu horiek dira arriskuen ebaluazioan garrantzitsuenak.

 

 

Helburuak:

 

  1. Programa-arlo honen helburuak ondorengoak dira:

    a)

    Arriskuen nazioarteko ebaluazioa sendotzea.
    2000 urte inguruan, uneko aukeraketa- eta ebaluzio-irizpideak erabilita, lehentasuna duten ehunka produktu edo produktu-multzo kimiko ebaluatu beharko lirateke mundu mailan kutsatzaile nagusien artean;

    b)

    Gai kimiko toxiko gehiagoren inguruan esposizio-maila onargarriei buruzko gidalerro gehiago prestatzea, adituen azterketa eta zientzialarien adostasuna oinarri hartuta. Gidalerro horietan osasunarekin eta ingurugiroarekin eta faktore sozioekonomikoekin harremana duten esposizio-maila altuenen arteko bereizketa egin beharko litzateke.

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokienaren arabera eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Arriskuak ebaluatzeko programak sendotzea eta zabaltzea Nazio Batuen (NBIP, LANE, OME) sistemaren PKBNPn eta FAOn, beste erakunde batzuekin -adibidez, Ekonomi Lankidetza eta Garapeneko Erakundearekin- batera. Horretarako, beharrezkoak diren ardurak kontuan hartuta, ondorengoei buruzko hitzartutako irizpidea hartu behar da abiapuntu gisa: datuen bermeei eta kalitateari buruzkoa, ebaluazio-irizpideen aplikazioari buruzkoa eta arriskuak kontrolatzeko jarduerekin lotura duten azterketei eta adituen azterketei buruzkoa;

    b)

    Mekanismoak sor daitezen sustatzea, produktu kimikoen eta prozesu konexuen arriskuen ebaluazioaren inguruko hainbat puntuz arduratzen diren gobernuen, industrien, hezkuntzako goi mailako erakundeen eta gobernuz kanpoko erakunde eskudunen arteko lankidetza areagotzeko. Bereziki ikerketako jarduerak sustatu eta koordinatu behar dira, produktu kimiko toxikoen ekintza-mekanismoak hobeto ulertzeko helburuarekin;

    c)

    Herrialdeek produktu kimikoei buruzko ebaluazioen txostenak trukatzeko prozedurak era ditzaten sustatzea, produktu kimikoen nazio mailako ebaluazio-programetan erabiltzeko.

 

b)

Datuak eta informazioa:

 

 

  1. Gobernuek, dagokienaren arabera eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Produktu kimikoen arriskuak, hau da, barruko ezaugarriak, ebaluatzeari lehentasuna ematea, arriskuen ebaluaziorako oinarri egoki gisa;

    b)

    Ebaluazioak egiteko beharrezkoak diren datuak sortzea, besteak beste, PKBNP (NBIP, OME, LANE), FAO, ELGE eta Europako Batasuna eta programa zehatzak dituzten lurralde eta gobernuak baliatuz. Industriak ere aktiboki parte hartu beharko luke.

  2. Industriak berak sortzen dituen gaien inguruko datuak eman beharko lituzke. Datu hauek giza osasunaren eta ingurugiroaren aurrean gai horrek sor dezakeen arriskua ebaluatzeko behar dira. Datu horiek nazioko agintari eskudunen esku eta arriskuak ebaluatzeaz arduratzen diren nazioarteko erakundeen esku utzi beharko lirateke. Ahal den neurrian, jendearen esku ere utzi beharko lirateke eta horretarako konfidentzialtasunaren eskubide legitimoa hartu beharko litzateke kontuan.

 

c)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 

 

  1. Gobernuek, dagokienaren arabera eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Mundu mailako interesa duten produktu kimiko batzuek ebaluatzeko lehentasunak zehazteko irizpideak erabakitzea;

    b)

    Esposizio-maila eta ingurugiro-behaketa ebaluatzeko estrategiak aztertzea, ondorengoa egiteko: eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, datuen bateragarritasuna ziurtatzeko eta esposizio-mailak ebaluatzeko nazio eta nazioarte mailako estrategia koherenteak onar daitezen bultzatzeko.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Produktu kimikoen arriskuak ebaluatzeko datu eta metodo gehienak garatutako herrialdeetakoak dira. Ebaluatzeko lana zabaltzeko eta bizkortzeko ezinbestekoa da ikerketaren industriak eta eta institutuek segurtasunerako beren ikerketak eta saioak asko areagotzea. Gastuen barruan Nazio Batuen organo eskudunen gaitasuna sendotzeko beharra agerian geratu da eta gastu horiek PKBNPren egungo esperientzian oinarrituta daude. Askotan zenbatu ezin diren gastu handiak ez direla sartu nabarmendu behar da. Horrez gain, kontuan hartu behar da ondorengoa egiteko gastuak sartuta daudela: batetik, industriarako eta gobernuentzako ebaluazioak oinarritzeko segurtasun-datuak sortzeko gastuak; eta, bestetik aurrekarien dokumentuak eta ebaluazioko behin-behineko txostenak PKBNPri, Potentzialki Toxikoak diren Produktu Kimikoen Nazioarteko Erregistroari (PTPKNE) eta ELGEri emateko gobernuentzako gastuak. Nazio Batuen sistematik kanpo dauden organoen –adibidez, ELGEren eta Europako Batasunaren– barruan lan horiek azkartzeko gastuak ere sartzen dira.
  2. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 30 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

 

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologikoak:

 

 

  1. Ikerketetarako ahalegin berezia egin beharko litzateke produktu kimikoen ebaluazio-metodoak hobetzeko. Hori arriskuak ebaluatu ahal izateko eta datu toxikologikoen eta epidemiologikoen aplikaziorako prozedurak hobetu ahal izateko erreferentzia-eremu komuna finkatzeko egin beharko litzateke. Horren helburua produktu kimiko horiek gizakien osasunean eta ingurugiroan duten eragina aurreikustea da; honela erabakiak hartu behar dituztenek produktu kimiko batzuek sorrarazten dituzten arriskuak murrizteko politikak eta neurriak hartu ahal izango dituzte.
  2. Jardueren barruan ondorengoa sartuko litzateke:

    a)

    Ingurugirorako edo giza osasunerako arrisku handia edo kontrolaezina sortzen duten produktu kimiko toxikoak edo toxikoak, iraunkorrak eta bioakumulatiboak diren produktuak ordezkatzeko ikerketak sendotzea;

    b)

    Animaliak erabiltzean oinarritzen diren ikerketak eta metodoak ordezkatzeko berriak sustatzea (probatarako animalien erabilera gutxitzeko);

    c)

    Azterketa epidemiologiko egokiak egin daitezen sustatzea, produktu kimikoen aurreko esposizioaren eta gaixotasun batzuen arteko kausazko harremana finkatzeko;

    d)

    Toxikologia ekologikoko azterketak sustatzea produktu kimikoek ingurugiroan sor dezaketen arriskua ebaluatzeko.

 

c)

Giza baliabideen garapena:

 

 

  1. Nazioarteko erakundeek, gobenuen eta gobernuz kanpoko erakundeen parte-hartzearekin, emakumeek eta haurrek esku hartzeko trebakuntza- eta hezkuntza-proiektuak jarri beharko lituzkete martxan, berek baitira esposizioan gehien egoten direnak. Honela, herrialdeek, batez ere garapen bidean dauden herrialdeek, nazioartean arrisku kimikoei buruz egiten diren ebaluazioak ahalik eta gehien erabiltzeko aukera izango lukete.

 

d)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Nazioarteko erakundeek nazioartean arriskuak ebaluatzeko egin diren, egiten ari diren eta egingo diren lanak aprobetxatu beharko lituzkete. Honela, herrialdeei, batez ere garapen bidean dauden herrialdeei, nazio eta lurralde mailan arriskuak ebaluatzeko gaitasuna sortzen eta finkatzeko lagunduko liekete. Horren helburua produktu kimiko toxikoak eta arriskutsuak egitean eta erabiltzean dauden arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko eta, hala behar denean, ekiditeko aukera izatea da. Arrisku kimikoen nazio eta nazioarte mailako fiskalizazioa eta ebaluazioa hedatzeko eta bizkortzeko jarduerak bideratzeko lankidetza teknikoa eta finantza-babesa edo espezieetan laguntza aurreikusi beharko lirateke, produktu kimikoak hobeto aukeratu ahal izateko.

 

 

 

B. Produktu kimikoen sailkapena eta etiketatua bateratzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Produktu kimikoei etiketa egokia jartzea eta segurtasunari buruzko datuekin orri bat banatzea produktu kimikoak segurtasunez manipulatzen eta erabiltzen ikasteko erarik sinpleenak eta eragingarrienak dira. Esate baterako, produktu kimikoen nazioarteko segurtasun-txartelak edo osasunean eta ingurugiroan sorrarazten dituzten arriskuen ebaluazioan oinarritutako antzeko idatziak egin daitezke.
  2. Merkantzia arriskutsuak, horien artean produktu kimikoak, seguru garraiatzeko, gaur egun Nazio Batuen esparruan landutako sistema nagusia aplikatzen da. Sistema horretan, batez ere produktu kimikoek sortzen dituzten arrisku larriak hartzen dira kontuan.
  3. Oraindik mundu mailan ez dago bateratutako sailkapen- eta etiketatu-sistemarik, produktu kimikoak lanean, etxean eta beste hainbat lekutan arriskurik gabe erabil daitezen laguntzeko. Produktu kimikoen sailkapena helburu askorekin egin daiteke eta etiketatu-sistema finkatzeko bitarteko garrantzitsua da. Ezinbestekoa da martxan dagoen lanean oinarrituta sailkapen- eta etiketatu-sistema normalizatuak lantzea.

 

Helburuak:

 

  1. 2000 urterako, ahal den neurrian, mundu mailan bateratutako sailkapen- eta etiketatu-sistema eduki beharko litzateke, eta barruan hainbat produktu kimikoren segurtasunari buruzko eta erraz uler daitezkeen ikurrei buruzko datu-orria izan beharko luke.

 

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 

 

  1. Nazioarteko erakunde eskudunen eta, hala dagokienean, industriaren laguntzaren bidez, gobernuek produktu kimikoei etiketak jartzeko sailkapen-sistema bateratua eratzeko eta lantzeko proiektua jarri beharko lukete martxan. Etiketa hauek Nazio Batuetako hizkuntza ofizial guztietan idatzita egon beharko lukete eta piktograma egokiak izan beharko lituzkete. Era honetako etiketatu-sistemak ez luke justifikatu gabeko murrizketa komertzialen inposizioa sorrarazi behar. Sistema berria zatika egin beharko litzateke, egungo sistemak ahalik eta gehien aprobetxatu beharko lituzke eta edozein aplikaziotarako behar diren etiketak izango lituzke barruan.

 

b)

Datuak eta informazioa:

 

 

  1. Nazioarteko organoek –besteak beste, PKBNPk (NBIP, OIT, OMS), FAO, Itsasoaren Nazioarteko Erakundeak (INE), Salgai Arriskutsuak Garraiatzeko Nazio Batuen Adituen Batzordeak eta ELGEk– sailkapen-sistemak, etiketatu-sistemak eta informazioa hedatzeko beste sistema batzuk dituzten lurraldeetako eta nazioetako agintarien laguntzarekin, koordinazio-taldea eratu beharko lukete eta talde horrek ondorengoaz arduratu beharko luke:

    a)

    Egun indarrean dauden arriskuen sailkapen-sistemak eta informazioa ebaluatzeaz eta, behar izanez gero, egiteaz, mundu mailan bateratutako sistema osatzeko printzipio orokorrak ezartzeko abiapuntu gisa;

    b)

    Mundu mailan arriskuen sailkapen-sistema sortzeko lan-plana egiteaz eta martxan jartzeaz. Plan horren barruan ondorengo atalak sartu beharko lirateke: egin beharreko lanen azalpena, plana amaitzeko epea eta koordinazio-taldeko partaide bakoitzak egin beharreko lanaren banaketa;

    c)

    Arriskuen sailkapen-sistema bateratua egiteaz;

    d)

    Arriskuen inguruko terminologia eta ikurrak estandarizatzeko proposamenak lantzeaz, produktu kimikoen arriskuak hobeto kontrolatzeko, nazioarteko merkataritza errazteko eta informazioa erabiltzaileen hizkuntzara errazago itzultzeko;

    e)

    Etiketatu-sistema bateratua egiteaz.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa honekin lotutako laguntza teknikoko gastuak E programa-arloko gastuen barruan sartu ditu. Idazkaritzak nazioarteko erakundeak sendotzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 3 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

 

b)

Giza baliabideen garapena:

 

 

  1. Gobernuek eta erakundeek eta gobernuz kanpoko erakundeek, Nazio Batuen erakunde eta programa eskudunen laguntzarekin, trebakuntza-ikastaroak eta informazio-kanpainak antolatu beharko lituzkete. Ikastaro eta kanpaina horiek produktu kimikoen sailkapen-sistema bateratu berrien eta etiketatu-sistemen erabilera eta ulermena sustatu beharko lituzkete.

 

c)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Produktu kimikoak kudeatzeko nazio mailako gaitasuna sendotzeko, baita sailkapen- eta etiketatu-sistema berriak lantzeko, martxan jartzeko eta egokitzeko ere, oztopo komertzialak sortzea ekidin beharko litzateke eta guztiz kontuan hartu beharko lirateke herrialde askok gaitasunaren eta baliabideen aldetik dituzten mugak, bereziki garapen bidean dauden herrialdeek sistema horiek aplikatzeko dituzten mugak.

 

 

 

C. Produktu kimiko toxikoei eta produktu kimikoen arriskuei buruzko informazioa trukatzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Ondorengo jarduerek produktu kimikoak erabiltzearekin harremana duten etekinei eta arriskuei buruzko informazioa trukatzearekin dute harremana eta beren helburua informazio zientifikoa, teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa trukatzeren bidez produktu kimikoak behar bezala kudeatzea da.
  2. Nazioarteko merkataritzaren helburu diren produktu kimikoei buruzko informazioa trukatzeko Londresko Gidalerroa gobernuek onartutako orientazio-multzoa da. Bere helburua produktu kimikoei buruzko informazioa trukatuz produktu horiek erabiltzeko garaian segurtasuna areagotzea da. Gidalerroek produktu kimiko debekatuen edo gogor mugatuen inguruko informazioa trukatzeari buruz xedapen bereziak dituzte.
  3. Garapen bidean dauden herrialdeetara herrialde ekoizleetan debekatuta dauden edo herrialde industrializatu batzuetan gogor mugatu diren produktu kimikoak esportatzen dira, eta honek kezka sortzen du, izan ere herrialde inportatzaile batzuek ez dute produktu horiek segurtasun-baldintza egokiekin erabiltzeko behar adina gaitasun, ez baitute produktu kimiko horien erabilgarritasuna, biltegiratzea, formulazioa eta deuseztapena kontrolatzeko behar den azpiegitura.
  4. Arazo horri aurre egiteko, 1989an jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren prozedura sartu zen, batetik, nazioarteko merkataritzaren helburu diren produktu kimikoei buruzko informazioa trukatzeko Londresko Gidalerroetan (NBIP) eta, bestetik, Plagizidak Banatzeko eta Erabiltzeko Nazioarteko Jokabide-kodean (FAO). Gainera, NBIPren eta FAOren arteko programa jarri da martxan produktu kimikoei jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren prozedura aplikatzeko. Prozedura horren barruan bai prozeduraren helburu diren produktuen aukeraketa, bai prozeduraren arabera erabakiak hartzeko orientazio-dokumentuen prestaketa sartzen dira. Laneko segurtasun edo osasun arrazoiengatik produktu kimiko arriskutsuen erabilera debekatu egin den kasuetan, LANEren produktu kimikoei buruzko hitzarmenak herrialde esportatzaileen eta inportatzaileen artean harremanak egon daitezela eskatzen du. Muga-zergei eta Merkataritzari buruzko Hitzarmen Orokorraren (GATT) barruan negoziazioak egin ziren barruko merkatuan debekatutako produktuekin edo gogor mugatutakoekin lotura duten bitarteko lotesleak sortzeko. Horrez gain, GATTen Kontseiluak, C/M/251 agirian adierazten den erabakiaren arabera, lan-taldearen agintaldia luzatzea erabaki zuen, taldearen hurrengo bileraren egunetik hasita hiru hilabeteko epean. Halaber, bilera horren deialdia egiteko, lehendakariari egutegiari buruzko kontsultak egiteko baimena eman dio.
  5. Hala ere, jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren prozedurak garrantzi handia du eta ezinbestekoa da potentzialki toxikoak diren produktu guztiei buruzko informazioa trukatzea.

 

Helburuak:

 

  1. Programa-arlo honen helburuak ondorengoak dira:

    a)

    Interesa dutenen artean informazioaren trukea areagotu dadin sustatzea. Informazio hori produktu kimikoak segurtasunez erabiltzeko baldintzei, produktuen erabilerari eta beren emisioei buruz izango litzateke;

    b)

    2000 urterako, ahal den neurrian, jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren prozeduran guztiz parte hartzea eta gauzatzea. Honen barruan, zuzendutako Londresko Gidalerroetan eta FAOren Nazioarteko Jokabide-kodean agertzen diren eta juridikoki lotesleak diren bitartekoen derrigorrezko aplikazio posibleak sartuko lirateke. Hori aurrera eramateko, jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren prozedurarekin lortutako esperientzia kontuan hartu behar da.

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketa-jarduerak:

 

 

  1. Gobernuek, dagokienaren arabera eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Produktu kimiko toxikoei buruzko informazioa trukatzeaz arduratzen diren nazio mailako erakundeak sendotzea eta ez dauden lekuetan nazio mailako zentroak sor daitezen sustatzea;

    b)

    Produktu kimiko toxikoei buruzko informazioa trukatzeaz arduratzen diren nazioarteko erakundeak eta sareak, adibidez PTPKNE, sendotzea;

    c)

    Beste herrialde batzuekin, bereziki nahiko gaitasun tekniko ez duten herrialdeekin, lankidetza teknikoko jarduerak gauzatzea eta informazioa ematea, dagozkien datu teknikoak interpretatzeko trebakuntza-jarduerak barne. Esate baterako, ondorengoetan azaltzen direnak: ingurugiro-higienearen irizpideei buruzko dokumentuetan, osasunari eta segurtasunari buruzko orientazio-dokumentuetan eta produktu kimikoak segurtasunez erabiltzeko nazioarteko fitxategietan (Produktu Kimikoen aurrean Babesteko Nazioarteko Programan –PKBNPn– argitaratutakoak); produktu kimikoek gizakiengan sorraraz ditzaketen arrisku kartzinogenikoen ebaluazioari buruzko monografikoetan (Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Organismoak –MINOk– argitaratutakoa); erabakiak hartzeko orientazio-dokumentuetan (FAO/NBIPk elkarrekin sortutako programak –jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren inguruko programak– banatzen ditu) eta industriak eta beste iturri batzuek aurkeztutako datuetan;

    d)

    Jakinaren gainean egonda aldez aurreko baimenaren araberako prozedurak aplikatzea eta, lortutako esperientzia kontuan hartuta, nazioarteko erakunde eskudunek –adibidez, NBIPk, GATTek, FAOk, OMEk eta beste batzuek–, beren eskuduntza esparruen barruan, baliabide juridikoki lotesleen ondorio libreei ekin diezaieten bultzatzea.

 

b)

Datuak eta informazioa:

 

 

  1. Gobernuek, dagokienaren arabera eta nazioarteko eta lurraldeko erakunde eskudunen babesarekin, ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Garapen bidean dauden herrialdeetan produktu kimikoei buruzko informazio-sistema nazionalak sortzeko laguntza ematea eta nazioarteko sistemetan sar daitezen erraztea;

    b)

    Produktu kimikoei buruzko datu-baseak eta informazio-sistemak hobetzea, isurpenei buruzko inbentarioa prestatzeko programak barne. Hori sistema horien aplikazioaren inguruko trebakuntzaren bidez eta ekipo eta programa informatikoen eta beste zerbitzu batzuen horniketaren bidez egin beharko litzateke;

    c)

    Herrialde inportatzaileei debekatuta dauden edo murrizketa handiak dituzten produktu kimikoei buruzko ezagutza eta informazioa ematea, herrialde horiek inportazio horien inguruan eta produktu horien manipulatzeko moduaren inguruan beren iritzia emateko aukera izan dezaten eta erabakiak har ditzaten. Horrez gain, herrialde inportatzaileen eta esportatzaileen artean, produktu kimikoen merkatuan ardura bateratuko sistemak ezartzea;

    d)

    Debekatuta dauden edo murrizketa handiak dituzten produktu kimikoak ordezkatzeko erabili daitezkeen produktuek ingurugiroan eta giza osasunean zein arrisku sor ditzaketen ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa zabaltzea.

  2. Nazio Batuen erakundeek, ahal duten neurrian, nazioarteko mailako mota guztietako informazio-materiala eskura jarri beharko lukete. Informazio hori produktu kimiko toxikoei buruzkoa izango litzateke eta Nazio Batuen barruan ofizial diren hizkuntza guztietan kaleratu beharko litzateke.

 

c)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 

 

  1. Gobernuek eta nazioarteko erakunde eskudunek, industriaren laguntzarekin, produktu kimikoei buruzko informazioa trukatzeaz arduratuko diren nazioko agintarien sarea, behar denaren arabera, sortzeko, sendotzeko eta hedatzeko lanean lagundu beharko lukete. Gainera, truke teknikorako programa ere eratu beharko lukete herrialde partaide bakoitzean langile adituen taldea sortzeko.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 10 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta beste bestekoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

 

Azken eguneratzea: 2011/05/18