Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

I. SAILA: GARRANTZI EKONOMIKO ETA SOZIALA

1. ATALA: Hitzaurrea

  1. Gizateria historiaren une erabakigarrian dago.
    Nazioen arteko eta nazio barruko desberdintasunak handitzeari; txirotasuna, gosea, gaixotasunak eta analfabetismoa areagotzeari eta gure ongizatea baldintzatzen duen ekosistemaren etengabeko okertzeari aurre egin beharko diegu. Hala ere, kezkak ingurugiroan eta garapenean integratzen baditugu eta arreta gehiago jartzen badugu, oinarrizko beharrak ase ahal izango dira, guztion bizi-maila igo ahal izango da, ekosistemen babes eta kudeaketa hobea lortuko da eta etorkizuna ziurragoa eta oparoagoa izango da. Nazioek ezin dituzte helburu hauek beren kasa lortu, baina guztiok elkarrekin egin dezakegu garapen jasangarrirako mundu-elkartean.

  2. Mundu-elkarte honek 1989ko abenduaren 22ko Batzar Nagusiko 44/228 ebazpenaren premisetan oinarritu behar du. Ebazpen hau munduko nazioek Nazio Batuen Ingurugiro eta Garapenari buruzko Biltzarra antolatzeko eskatu zutenean onartu zen. Elkarte honen oinarriak ere ingurugiroaren eta garapenaren inguruko auziak era orekatu eta integralean bideratzeko beharra onartzea izan behar du.

  3. Agenda 21ek gaur egungo presazko arazoei heltzen die eta, gainera, mundua mende berriaren desafioei aurre egiteko prestatzen ahalegintzen da. Ingurugiroaren alorrean, garapenaren eta lankidetzaren mailarik goreneko konpromiso politikoaren eta munduko adostasunaren isla da. Agenda arrakastaz gauzatzea batez ere gobernuen betebeharra da.
    Estrategia, plan, politika eta prozesu nazionalek berebiziko garrantzia dute hau lortu ahal izateko. Nazioarteko lankidetzak ahalegin nazional horiek babestu eta osatu behar ditu. Egoera honetan, Nazio Batuen sistemaren funtsezko eginbeharra izango da.
    Nazioarte, lurralde eta azpilurralde mailako beste erakunde batzuek ere lagundu behar dute ahalegin honetan. Halaber, gobernuz kanpoko erakundeen eta beste hainbat talderen parte-hartze aktiboa bultzatu behar da eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea bultzatu behar da.

  4. Garapenari eta ingurugiroari buruzko Agenda 21en helburuak lortzeko, garatzen ari diren herrientzako finantza-baliabide berriak eta osagarriak beharko dira, garapen jasangarria azkartzeko eta munduko ingurugiroaren arazoei aurre egiteko sortuko diren gastu gehigarriak ordaintzeko. Nazioarteko erakundeek Agenda 21 aplikatzeko unean beren gaitasuna areagotzeko ere finantza-baliabideak behar dituzte.


    Agendaren arlo bakoitzean gastuen araberako ebaluaketa bat gehitu da. Gauzatzeaz arduratuko diren organismo eta erakundeek ebaluazio hori aztertu eta egokitu egin beharko dute.

  5. Agenda 21en agertzen diren programa-arloak gauzatzeko unean, trantsizioan dauden ekonomiei sortzen zaizkien egoera bereziei arreta berezia jarri beharko litzaieke. Horrez gain, onartu beharra dago herrialde hauek beren ekonomiak transformatu ahal izateko aurrekaririk ez duten zailtasunei aurre egin behar dietela; kasu batzuetan, zailtasun hauek erraz ikus daitezkeen tentsio sozial eta politikoetan islatzen dira.

  6. Agenda 21 osatzen duten programa-arloekin harremanetan ekintzarako oinarriak, helburuak, jarduerak eta gauzatzeko bideak deskribatzen dira. Agenda 21 programa dinamikoa da. Eragileek herrialde eta lurralde bakoitzaren egoeraren, gaitasunaren eta lehentasunen arabera gauzatuko dute, Rioko Ingurugiroari eta Garapenari buruzko Adierazpenean agertzen diren printzipioak kontuan hartuta. Denborarekin, Agenda 21 garatu egin daiteke, beharrak eta egoerak aldatzearekin batera. Prozesu honek garapen jasangarrirako mundu-elkarte berriaren hasiera finkatu du.

    * "Gobernuak" hitzaren barruan Europako Ekonomia Erkidegoa ere sartzen da, eskuduntza duen alorren barruan. Agenda 21 osoan, "ekologikoki arrazoizkoa" "ekologikoki bidegabea eta arrazoizkoa" da, batez ere "energia-iturriak", "ekologikoki bidegabea eta arrazoizkoa", "sistema energetikoak" eta "teknologia" edo "teknologiak" hitzekin agertzen denean.

 

Azken eguneratzea: 2011/05/18