Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

III. SAILA: TALDE NAGUSIAK INDARTZEA

 

     


29. ATALA: Langileen eta beren sindikatuen papera indartzea

Programa-arloak

Ekintzarako oinarriak:

  1. Garapen jasangarria aurrera eramateko jardueren barruan nazio eta enpresa mailako akordioak eta aukerak sartzen dira eta interesdun nagusien artean langileak daude. Sindikatuek, langileen ordezkari direnez, funtsezko lana betetzen dute garapen jasangarria lor dadin errazteko, industriaren aldaketekin duten harremana, lan-inguruaren eta ingurugiroaren babesari ematen dioten lehentasuna eta garapen ekonomiko eta sozialki arduratsuaren aldeko sustapena kontuan hartuta. Sindikatuen eta beren bazkide kopuru handiaren arteko lankidetza-sarea bide garrantzitsua da garapen jasangarriaren aldeko kontzeptuak eta jarduerak babesteko neurriak bideratzeko. Hiru alderdiko kudeaketa ezartzeko printzipioak garapen jasangarriarekin harremanetan langileen eta beren ordezkarien eta gobernuen eta nagusien arteko lankidetza sendotzeko oinarri dira.

Helburuak:

  1. Helburu nagusia pobrezia desagertaraztea da eta guztientzako lan jasangarria eskaintzea, inguru seguruak, garbiak eta osasuntsuak lortzen lagundu dezan: lanerako giroa, komunitatearen giroa eta ingurugiro naturala. Langileek Agenda 21ekin lotura duten jarduerak gauzatzeko eta ebaluatzeko lanetan guztiz parte hartu beharko lukete.
  2. Asmo hau 2000 urterako betetzeko, ondorengo helburuak proposatzen dira:

    a)

    LANEren hitzarmenak berretsi daitezen sustatzea eta nazio mailan dagokion legeria promulgatzea;

    b)

    Segurtasunaren, osasunaren eta garapen jasangarriaren alorretan, bi eta hiru aldertitako mekanismoak eratzea;

    c)

    Garapen jasangarria lortzea bideratutako ingurugiro-hitzarmen kolektiboen kopurua areagotzea;

    d)

    Estatistika-metodo onartuen arabera zenbatutako laneko istripuak, lesioak eta gaixotasunak gutxitzea;

    e)

    Langileen hezkuntzaren eta trebakuntzaren eta langileak lanean berriro heztearen inguruko neurriak areagotzea, bereziki laneko osasunaren eta segurtasunaren eta ingurugiroaren alorretan.

Jarduerak:

a)

Elkartzeko askatasuna sustatzea:

 

 

  1. Langileek eta beren sindikatuek erabateko lana eta garapen jasangarrian babestutakoa egin dezaten, gobernuek eta nagusiek langileek elkartzeko duten eskubidea sustatu beharko lukete eta erakundeak sortzeko eskubidea babestu beharko lukete, LANEren hitzarmenetan aurreikusitakoaren arabera. Gobernuek hitzarmen horiek berretsi eta aplikatu egin beharko lituzkete, oraindik hala egin ez badute.

 

b)

Parte-hartzea eta kontsulta sendotzea:

 

 

  1. Gobernuek, merkataritzak eta industriak ingurugiroari eta garapenari buruzko nazioko eta nazioarteko politikak eta programak formulatzearen, gauzatzearen eta ebaluatzearen inguruko erabakiak hartzeko unean langileek eta beren sindikatuek aktiboki parte har dezaten bermatu beharko lukete, baita lanaren, industria-estrategien, lana adosteko programen eta teknologien transferentzien inguruko politiken inguruan ere.
  2. Sindikatuek, nagusiek eta gobernuek elkarlana egin beharko lukete garapen jasangarriaren kontzeptuak zuzen aplika daitezen behatzeko.
  3. Lantokietan eta komunitate eta nazio mailan bi alderditako (nagusien eta langileen artean) edo hiru alderditako (nagusien, langileen eta gobernuen artean) lankidetzarako mekanismoak sustatu beharko lirateke, segurtasunaren, osasunaren, ingurugiroaren eta zuzentasunaren inguruko kontuez aritzeko, lantokietan emakumeek dituzten eskubideei eta baldintzei erreferentzia berezia eginez.
  4. Gobernuek eta nagusiek langileek eta beren sinkikatuek erabakiak hartzeko prozesuetan eragingarritasunez parte hartzeko behar duten informazio osoa izan dezaten arduratu beharko lukete.
  5. Sindikatuek garapen jasangarriaren alde guztiei buruzko politikak definitzen, garatzen eta sustatzen jarraitu beharko lukete.
  6. Sindikatuek eta nagusiek erreferentzia-eremua eratu beharko lukete ingurugiro-politika bateratua formulatzeko eta, horrez gain, lehentasunak finkatu beharko lituzkete lanaren esparrua eta enpresak ingurugiroaren inguruan duen portaera hobetzeko.
  7. Sindikatuek ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Langileek lantokietako ingurugiro-ikuskapenetan eta ingurugiro-inpaktuaren ebaluazioetan parte hartzeko duten aukera segurtatzen saiatzea;

    b)

    Tokian tokiko komunitateetan ingurugiroarekin eta garapenarekin lotura duten jardueretan parte hartzea eta interes komuneko arazo posibleei buruzko jarduera bateratuak bultzatzea;

    c)

    Garapen jasangarriari buruzko lurraldeko eta nazioarteko erakundeen jardueretan aktiboki parte hartzea, bereziki Nazio Batuen sisteman.

 

c)

Trebakuntza egokia ematea:

 

 

  1. Langileek eta beren ordezkariek beren ingurugiro-kontzientzia areagotzeko, beren osasuna babesteko eta beren segurtasunaz arduratzeko eta beren ongizate ekonomiko eta soziala hobetzeko behar adina trebakuntza jasotzeko eskubidea eduki beharko lukete. Trebakuntzak bizimodu jasangarriak sustatzeko eta laneko ingurua hobetzeko behar dituzten ezagutzak eman beharko lizkieke. Sindikatuek, nagusiek, gobernuek eta nazioarteko erakundeek beren jardueren barruan dauden trebakuntzako beharrak ebaluatzeko garaian elkarrekin lan egin beharko lukete. Langileek eta beren ordezkariek ere parte hartu beharko lukete nagusiek eta gobernuek langileentzako antolatutako trebakuntza-programak formulatzeko eta gauzatzeko lanetan.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 300 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Gaitasuna areagotzea:

 
  1. Kasu berezia egin beharko litzaioke hiru alderdiko elkarteetako kide bakoitzaren (gobernuak eta patronalen eta langileen elkarteak) gaitasuna sendotzeari, garapen jasangarriaren alde lankidetza erraztu ahal izateko.
Azken eguneratzea: 2011/05/18