Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

I. SAILA: GARRANTZI EKONOMIKO ETA SOZIALA

     


2. ATALA: Garapen bidean dauden herrialdeen garapen jasangarria bizkortzeko nazioarteko lankidetza eta honekin lotutako barruko politikak

Sarrera

 

  1. Ingurugiroaren eta garapenaren arazoei heltzeko, estatuek mundu mailako elkarte berri bat eratzea erabaki dute. Elkarte horren inguruan, estatu guztiek elkarrizketa jarrai eta konstruktiboa izateko konpromisoa hartu dute, munduko ekonomia eraginkorragoa eta justuagoa izan dadin lortzeko beharrean oinarrituta, nazioen komunitateen artean handitzen ari den interdependentzia kontuan hartuta eta garapen jasangarriak nazioarteko komunitateen programen gai nagusia izan beharko lukeela kontuan hartuta. Bestalde, onartuta dago elkarte honek arrakasta izan dezan garratzitsua dela liskarrak gainditzea eta benetako lankidetza eta elkartasun giroa bultzatzea. Halaber, egoera berrietara egokitzeko garrantzitsua da nazio mailako eta nazioarteko politikak eta nazio askoren arteko lankidetza sendotzea.
  2. Herrialdeen politika ekonomikoak eta nazioarteko harreman ekonomikoak garapen jasangarriarekin lotuta daude neurri handi batean.
    Garapena suspertzeko eta bizkortzeko, nazioarteko giro ekonomiko dinamiko eta egokia behar da, baita nazio mailan politika irmoak ere. Baldintza hauetako edozeinen gabeziak zapuztu egingo du garapenaren prozesua. Kanpoko giro ekonomiko egokia erabakigarria izango da. Garapenaren prozesuak ez du bultzadarik jasoko munduko ekonomiak dinamismorik eta egonkortasunik ez badu eta bere ezaugarria ziurgabetasuna bada. Ondorengo baldintza hauek ematen badira ere ez du bultzadarik jasoko: garapen bidean dauden herrialdeek kanpoko zorrak ordaintzen jarraitu behar badute, garapenerako finantzazioa eskasa bada, merkatuetara sartzeko mugak jartzen dituzten oztopoak badaude eta oinarrizko produktuen prezioak baxuak izaten eta garapen bidean dauden herrialdeen trukerako harremanak kontrakoak izaten jarraitzen badute. 80ko hamarkadan atal hauen historia guztiz negatiboa izan zen eta horri buelta eman behar zaio. Beraz, nazioek garapenerako egindako ahaleginak irmotasunez babestuko dituen nazioarteko giroa sortzeko politikak bultzatzea eta neurriak hartzea ezinbestekoa da. Esparru honetan, nazioarteko lankidetza politika ekonomiko nazional egokiak osatzeko eta laguntzeko sustatu behar da, eta ez gutxitzeko edo bakantzeko. Hau garatutako herrialdeetan eta garapen bidean dauden herrialdeetan aplikatu behar da, munduak garapen jasangarrirantz aurrera egin dezan.
  3. Nazioarteko ekonomiak ingurugiroaren eta garapenaren alorreko helburuak lortzeko nazioarteko giro egokia eskaini beharko luke, ondorengo era hauetara:

    a)

    Merkataritzaren liberalizazioaren bidez garapen jasangarria sustatuz;

    b)

    Merkataritzak eta ingurugiroak elkarri lagun diezazioten lortuz;

    c)

    Garapen bidean dauden herrialdeei finantza-baliabideak emanez eta nazioarteko zorraren auziari aurre eginez;

    d)

    Ingurugirorako eta garapenerako mesedegarri diren politika makroekonomikoak aurrera eraman daitezen lagunduz.

  4. Batetik, nazioarteko ekonomia-sistemaren elementuak eta, bestetik, gizateriak inguru natural seguruaz eta egonkorraz gozatzeko duen beharra lotzeko, nazio eta nazioarte mailan geroz eta ahalegin gehiago egiten ari direla onartzen dute gobernuek. Horrenbestez, gobernuek ingurugiroa, merkataritza eta garapena elkartzen diren puntuetan adostasuna lortzeko prozesuari eusteko asmoa dute, bai nazioarteko foroetan, bai herrialde bakoitzaren politika nazionaletan.

 


Programa-arloak

 

A. Garapen jasangarria merkataritzaren bidez sustatzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Alderdi askotako merkataritza-sistema irekia, bidezkoa, segurua, ez diskriminaltzailea eta aurreikusteko modukoa merkataritzako elkartekide guztien onerako izango da; hala ere, sistema horrek garapen jasangarriaren helburuekin bat etorri behar du eta munduko produkzioa, konparaziozko abantailaren oinarriaren gainetik, banaketa egokira bideratu behar du. Bestalde, garapen bidean dauden herrialdeen esportazioen merkatuetara errazago iristeak, makroekonomia- eta ingurugiro-politika egokiekin batera, ingurugiroan eragin positiboa izango luke eta, beraz, garapen jasangarriari ekarpen handia egingo lioke.
  2. Esperientziaren arabera, garapen jasangarriak honakoa eskatzen duela: aurreikusteko moduko administrazio publiko eragingarriarekin eta arrazoizko ekonomia-kudeaketarekin eta -politikekin konpromisoa hartzea; erabakiak hartzeko prozesuetan ingurugiroarekin harremana duten auziak sartzea eta interesatutako alde guztien parte-hartzea onartuko duen gobernu demokratikorantz aurrera egitea, herrialde bakoitzaren baldintza zehatzak kontuan hartuta. Ezaugarri hauek ezinbestekoak dira aurrerago aipatzen diren politiken orientazioak eta helburuak betetzeko.
  3. Oinarrizko produktuen sektoreak garapen bidean dauden herrialde askoren ekonomiak kontrolatzen ditu, produkzioari, lanari eta esportazioaren diru-sarrerei dagokienez. 80ko hamarkadako oinarrizko produktuen munduko ekonomiaren ezaugarri nagusia nazioarteko merkatuetan oinarrizko produktu gehienentzako benetako prezio baxuen nagusitasuna eta beherakada izan zen; ondorioz, oinarrizko produktuak esportatzearekin herrialde produzitzaile askok lortutako diru-sarrerak asko jaitsi ziren. Egoera honek oztopatu egin dezake herrialde horiek, nazioarteko merkataritzaren bidez, garapen jasangarriak eskatzen dituen inbertsioak finantzatzeko behar dituzten baliabideak mugitzeko duten ahalmena; aduanako tarifek sortarazitako oztopoek eta beste hainbat oztopok ere eragin dezakete, muga-zergen gehikuntza barne, esportazio-merkatuetara sartzeko mugak jartzen baitituzte. Ezinbestekoa da nazioarteko merkataritzaren desitxuratzeak deuseztatzea. Helburu hau lortzeko, bereziki, nekazaritza sektorearen laguntzak eta babesak -barruko erregimenak, merkatuetara sarbidea eta esportazioentzako diru-laguntzak barne- progresiboki eta nabarmen gutxitu behar dira; horrez gain, industriaren eta beste hainbat sektoreren laguntzak eta babesak ere murriztu behar dira, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetako produktore eragingarrienei galera handiak ez eragiteko. Horrenbestez, nekazaritzan, industrian eta beste hainbat sektoretan merkataritzaren liberalizariora bideratutako ekimenei eta politikei bidea zabaltzen zaie nekazaritzako produkzioak ingurugiroaren eta garapenaren beharrei hobeto erantzun diezaien. Ondorioz, garapen jasangarriari laguntzeko mundu mailan eta sektore guztietan liberalizatu egin beharko litzateke merkataritza.
  4. Nazioarteko merkataritzak erronka eta aukera berriak sortu dituzten eta ekonomiaren alde askotako lankidetzari garrantzi gehiago eman dioten hainbat gertaeraren eragina jasan du. Azken urteotan munduko merkataritza munduko produkzioa baino azkarrago hazi da. Hala ere, munduko merkataritzaren hazkuntza oso modu desberdinean egon da banatuta eta garapen bidean dauden herrialde gutxi batzuek bakarrik lortu dute beren esportazioak modu nabarmenean gehitzea. Presio protekzionistek eta alde bakarreko neurriek merkataritza-sistema irekiaren funtzionamendua arriskuan jartzen jarraitzen dute eta honek garapen bidean dauden herrialdeen esportazioetan eragina du. Azken urteotan biziagotu egin diren integrazio ekonomikoaren prozesuek dinamismoa eman beharko liokete munduko merkataritzari eta merkataritzaren eta garapenaren esparruetan garapen bidean dauden herrialdeen aukerak gehitu egin beharko lituzkete. Azken urteotan garapen bidean dauden herrialde askok beren politiketan berrikuntza ausartak sartu dituzte eta beren merkataritzen liberalizazio unilateral handizalea eragin dute; Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeak, berriz, garrantzi handiko aldaketak eta berriztapen-prozesu sakonak eramaten ari dira aurrera, munduko ekonomian eta nazioarteko merkataritza-sisteman sartzeko bidea prestatzeko. Enpresen lana bultzatzeko lanari kasu berezia egiten ari dira, eta, gainera, lehiakortasuna nagusi den merkatuak sustatzen ari dira, lehiakortasunaren defentsarako politiken bidez. SGP kanpoko merkataritzaren politikarako bitarteko erabilgarria izan da, oraindik bere helburuak bete ez badira ere; bitartean, datu elektronikoen trukaketaren bidez egindako komertzioa (IED) errazteko estrategiek merkataritzaren alorrean sektore publikoen eta pribatuen eraginkortasuna hobetzen modu eraginkorrean lagundu dute. Ingurugiro-politiken eta merkataritzaren auzien arteko elkarrekintzak ugari dira eta oraindik ez dira guztiz ebaluatu. Merkataritzako alde askotako negoziazioen inguruko Uruguaiko Erronda ahalik eta azkarren, eta emaitza orekatu, zabal eta positiboekin, amaitzea lortzen bada, munduko merkataritza gehiago zabaldu eta liberalizatu ahal izango da, merkataritzaren eta garapenaren alorrean garapen bidean dauden herrialdeen aukerak areagotu egingo dira, nazioarteko merkataritza-sistemari segurtasun gehiago eman ahal izango zaio eta sistema horretan aurreikuspenak egiteko aukera gehiago izango da.

 

Jarduerak:

 

  1. Datozen urteetan eta merkataritzako alde askotako negoziazioen Uruguaiko Erronden emaitzak kontuan hartuta, gobernuek honako helburu hauek lortzen saiatzen jarraitu beharko lukete:

    a)

    Alde askotako merkataritza-sistema ez diskriminatzailea eta bidezkoa sustatzea, herrialde guztiek eta batez ere garapen bidean dauden herrialdeek, garapen ekonomiko jasangarriaren bidez, beren ekonomiaren egiturak eraldatzeko eta biztanleen bizi-maila hobetzeko aukera izan dezaten;

    b)

    Garapen bidean dauden herrialdeen esportazioen merkatuetara sartzeko bidea erraztea;

    c)

    Oinarrizko produktuen merkatuen funtzionamendua hobetzea eta nazio eta nazioarte mailan oinarrizko produktuen politika egokiak, bateragarriak eta koherenteak onartzea, ingurugiroarekin harremana duten iritziak kontuan hartuta, oinarrizko produktuen sektoreak garapen jasangarriari egindako ekarria optimizatzeko;

    d)

    Hazkunde ekonomikoak eta ingurugiroaren babesak batak besteari laguntzeko nazioko eta nazioarteko politikak sustatzea eta laguntzea.

 

Jarduerak:

a)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 

Garapen bidean dauden herrialdeen beharrak kontuan hartuko dituen nazioarteko merkataritza-sistema sustatzea.


 

  1. Beraz, nazioarteko komunitateak hauxe egin beharko luke:

    a)

    Protekzionismoa geldiaraztea eta atzera eginaraztea, herrialde guztien eta batez ere garapen bidean dauden herrialdeen onerako munduko merkataritzaren liberalizazio eta hedapena handiagoa lortzeko;

    b)

    Bidezkoa, segurua, ez diskriminatzailea eta aurreikusteko modukoa izango litzatekeen nazioarteko merkataritza-sistema ezartzea;

    c)

    Herrialde guztiak munduko ekonomian eta nazioarteko merkataritza-sisteman behar bezala sar daitezen erraztea;

    d)

    Garapen jasangarria lortzeko, ingurugiro-politikak eta merkataritza-politikak elkarri lagun diezaioten arduratzea;

    e)

    Nazioarteko merkataritza-sistema sendotzea, merkataritzako alde askotako negoziazioen Uruguaiko Errondan emaitza orekatu, zabal eta positiboak ahalik eta azkarren lortzeko.

  2. Nazioarteko komunitateak honako hau lortzeko bideak aurkitzen saiatu beharko luke: batetik, oinarrizko produktuen merkatuek gardentasun gehiagorekin eta hobeto funtzionatzea; bestetik, garapen bidean dauden ekonomietan oinarrizko produktuen sektorea gehiago dibertsifikatzea, herrialde bakoitzaren ekonomiaren egitura, herrialde horrek dituen baliabideak eta aukera komertzialak kontuan hartuko lituzkeen makroekonomiaren barruan, eta, azkenik, garapen jasangarriaren beharrak kontuan hartuta, baliabide naturalak hobeto administratzea.
  3. Beraz, herrialde guztiek dagoeneko hartuak dituzten konpromiso guztiak protekzionismoa geldiarazteko eta atzera eginarazteko eta merkatuetara sarbidea gehiago zabaltzeko aplikatu beharko lituzteke, batez ere garapen bidean dauden herrialdeei interesatzen zaizkien sektoreetan. Merkatuetara sartzeko modu hau erraztu egingo da garatutako herrialdeetan, egiturazko doikuntza egokia aurrera eramaten bada. Garapen bidean dauden herrialdeek beren merkataritza-politikak eraberritzen eta hasitako egiturazko doikuntza aurrera eramaten jarraitu behar dute. Beraz, premiazkoa da oinarrizko produktuek merkatuetara sartzeko dituzten baldintzak hobetzea, batez ere oinarrizko produktu primario eta landutakoen garrantzia murrizten duten oztopoak pixkanaka-pixkanaka gainbegiratuz, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan. Lehiakorra ez den produkzioa bideratzen duten laguntza mota guztiak pixkanaka murriztea ere beharrezkoa da, batez ere produkziorako eta esportaziorako diru-laguntzak gutxitzea.

 

b)

Kudeaketarekin harremana duten jarduerak:

 

Garapen jasangarrirako merkataritzaren liberalizazioaren onurak ahalik eta gehien areagotuko dituzten politika nazionalak lantzea.


 

  1. Garapen bidean dauden herrialdeek merkataritza-sistemaren liberalizazioaren etekinak eskura ditzaten honako politika hauek aplikatu beharko lituzkete, hala dagokienean:

    a)

    Barruko merkaturako produkzioaren eta esportatzeko merkaturako produkzioaren artean oreka ezin hobea lortzeko barruko bitarteko egokia ezartzea eta esportazioaren aurkako joerak deuseztatzea eta eragingarriak ez diren inportazioen ordezkapenak geldiaraztea;

    b)

    Esportazio- eta inportazio-merkatuen eragingarritasuna hobetzeko beharrezkoak diren esparru politikoa eta azpiegitura eta barruko merkatuen funtzionamendua bultzatzea.

  2. Garapen bidean dauden herrialdeek oinarrizko produktuen inguruan honako politika hauek bideratu beharko lituzkete, merkatuaren eragingarritasunarekin bat:

    a)

    Oinarrizko produktuen sektorearen lanketa eta banaketa hedatzea eta merkaturatzearen praktikak eta lehiakortasuna hobetzea;

    b)

    Oinarrizko produktuen esportazioen menpekotasuna murrizteko dibertsifikatzea;

    c)

    Oinarrizko produktuen prezioak finkatzeko garaian, produkzioaren faktoreen erabilera eragingarria eta jasangarria islatzea, ingurugiro- eta gizarte-gastuen eta baliabideek gastuen isla barne.

 

c)

Datuak eta informazioa:

 

Datuen bilketa eta ikerketa sustatzea.


 

  1. GATT, UNCTAD eta beste erakunde eskudun batzuek merkataritzaren inguruko datuak eta informazioa biltzen jarraitu beharko lukete. Nazio Batuen idazkari nagusiari UNCTADek administratzen duen merkataritzaren kontrol-neurriei buruzko informazio-sistema indartu dezala eskatu diote.
    Oinarrizko produktuen merkataritzarako nazioarteko lankidetzaren hobekuntza eta sektorearen dibertsifikazioa.
  2. Oinarrizko produktuen merkataritzari dagokionez zuzenean edo dagokien nazioarteko erakundeen bidez, gobernuek honako hau egin beharko lukete, dagokienaren arabera:

    a)

    Oinarrizko produktuen merkatuaren funtzionamendua hobe ezina izan dadin lortzen saiatzea, beste batzuen artean, merkatuaren gardentasun handiagoaren bidez. Merkatu honetan, oinarrizko hainbat produkturentzako inbertsio planei, ikuspegiei eta merkatuei buruzko iritziak eta informazioa trukatu beharko lirateke. Ikerketa-taldeak sortu beharko lirateke eta produzitzaileen eta kontsumitzaileen artean benetako negoziazioak eraman beharko lirateke aurrera, merkatuaren joerak kontuan hartuko lituzketen nazioarteko akordio bideragarriak eta eragingarriagoak, edo konponketa hitzartuak, lortzeko helburuarekin. Horren inguruan, kakao, kafe, azukre eta egur tropikalen inguruko akordioei kasu berezia egin behar zaie. Oinarrizko produktuen inguruko nazioarteko akordioen eta konponketen garrantzia nabarmendu behar da. Honako auzi hauek ere kontuan izan beharko lirateke: osasuna eta lan-segurtasuna, produkzioarekin harremana duten teknologia eta zerbitzuen transferentzia, oinarrizko produktuen merkaturatzea eta sustapena eta ekologiaren inguruko ardura;

    b)

    Garapen bidean dauden herrialdeen oinarrizko produktuen esportazioen diru-sarreren defizita konpentsatzeko mekanismoak erabiltzen jarraitzea, dibertsifikazioaren aldeko jarduerak sustatzeko;

    c)

    Hala eskatzen duten garapen bidean dauden herrialdeei laguntza ematea, oinarrizko produktuen inguruko politikak egiteko eta aplikatzeko eta oinarrizko produktuen merkatuen inguruko informazioa biltzeko eta erabiltzeko;

    d)

    Garapen bidean dauden herrialdeen jarduerak bultzatzea, esportazio- eta inportazio-merkataritzen eragingarritasuna hobetzeko beharrezkoak diren politika-esparrua eta azpiegiturak era daitezen sustatzeko;

    e)

    Garapen bidean dauden herrialdeen ekimenak sustatzea, nazio, lurralde eta nazioarte mailako dibertsifikazioaren alde. Gauzatzeko bideak

 

d)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 8.500 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

 

e)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Aipatutako lankidetza teknikorako jardueren helburua hauxe da: oinarrizko produktuen inguruko politikak egiteko eta aplikatzeko, nazioen baliabideak antolatzeko eta erabiltzeko eta oinarrizko produktuen merkatuen inguruko informazioa lortzeko eta erabiltzeko nazioen ahalmena sendotzea.

 

 

B. Merkataritzaren eta ingurugiroaren elkarren arteko sostengua sustatzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Ingurugiroari buruzko politikek eta merkataritzari buruzko politikek elkarri lagundu behar diote. Merkataritza-sistema ireki eta multilateralak baliabideak modu eragingarriagoan esleitzeko eta erabiltzeko aukera ematen du eta, ondorioz, produkzioa eta diru-sarrerak areagotzen eta ingurugiroari egindako presioak gutxitzen laguntzen du. Modu honetan ekonomiaren hazkuntzarako eta garapenerako eta ingurugiroaren babesa hobetzeko baliabide osagarriak ematen ditu. Bere aldetik, ingurugiro egokiak hazkuntzari eta merkataritzaren etengabeko hedapenari eusteko beharrezkoak diren baliabide ekologikoak eta beste mota batzuetakoak eragiten ditu.
    Merkatu-sistema ireki eta multilateralak, ingurugiro-politika egokiak lagunduta, eragin positiboa izango luke ingurugiroan, eta garapen jasangarriari lagundu egingo lioke.
  2. Ingurugiroaren esparruan nazioarteko lankidetza areagotzen ari da eta hainbat kasutan ingurugiroari buruzko akordio multilateralen merkataritzaren antolaketak munduko ingurugiroaren arazoei ekiteko aportazioak izan dira. Beraz, honela erabili dituzte merkataritzako neurriak -kasu zehatz batzuetan guztiz beharrezkoak izan direnak- ingurugiroaren babeserako araudiaren eragingarritasuna areagotzeko. Araudi horrek ingurugiroaren degradazioaren oinarrizko zergatiei heldu behar die, merkataritzan justifikaziorik gabeko murrizketen ezarpena ekiditeko. Ingurugiroari buruzko politikak eta merkataritza-politikak bateragarriak izan daitezen bermatzea da helburua eta garapen jasangarriaren prozesua lagun dezaten bermatzea. Hala ere, kontuan hartu behar da garapen bidean dauden herrialdeen baliozko ingurugiro-arauek garapen bidean dauden herrialdeentzako onartezinak diren gastu sozial eta ekonomikoak eragin ditzaketela.

 

Jarduerak:

 

  1. Gobernuek eta GATT, UNCTAD eta nazioarteko beste hainbat erakundek honako helburuak lortu beharko lituzteke, alde askotako foro egokien bidez:

    a)

    Garapen jasangarriaren mesederako, nazioarteko merkataritza-politikak eta ingurugiro-politikak elkarri lagun diezaieten lortzea;

    b)

    Merkataritzarekin eta ingurugiroarekin harremanetan dauden auziei dagokienean, hala egokituz gero eztabaidak konpontzeko eta kontziliatzeko prozeduren inguruan, GATT, UNCTAD eta nazioarteko beste hainbat erakunderen funtzioa argitzea;

    c)

    Nazioarteko produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzea eta, ingurugiroarekin eta garapenarekin harremana duten auziei aurre egiteari dagokionean, industriak funtzio eraikitzailea izan dezan saiatzea.

 

Jarduerak:

Ingurugiroaren/merkataritzaren eta garapenaren inguruko programa bat egitea.


  1. GATT, UNCTAD eta nazioarteko eta lurraldeko beste hainbat ekonomia-erakundek honako proposamenak eta printzipioak azter ditzaten bultzatu beharko lukete gobernuek, dagozkien agintaldietan eta esparru eskudunetan:

    a)

    Merkataritzaren eta ingurugiroaren arteko harremana hobeto ulertzeko azterketa egokiak egitea, garapen jasangarriaren sustapenerako;

    b)

    Merkataritzaren, garapenaren eta ingurugiroaren alorretan aritzen direnen artean elkarrizketa bultzatzea;

    c)

    Ingurugiroarekin harremana duten neurriak hartzen diren kasuetan, nazioarteko betebeharrekiko beren gardentasuna eta bateragarritasuna bermatzea;

    d)

    Ingurugiroaren arazoen oinarrizko arrazoiei eta garapenari heltzea, merkataritzaren arrazoirik gabeko murrizketek eragingo lituzketen ingurugirorako neurriak ekiditeko moduan;

    e)

    Merkataritzaren murrizketa eta desitxuraketa ingurugiroko arauei eta araudiei dagozkien desberdintasunetatik eratorritako gastuen diferentziak konpentsatzeko neurri gisa erabil ditzaten ekiditen saiatzea, bere aplikazioaren ondorioz distortsio komertzialak eta joera protekzionista sorraraz baitaitezke;

    f)

    Ingurugiroarekin harremana duten araudiek eta arauek, osasun eta segurtasun arauak barne, diskriminaziorako inguru justifika ezin eta arbitrarioa edo merkatuaren murrizketa estalia sor ez ditzaten kontuan izatea;

    g)

    Garapen bidean dauden herrialdeetan ingurugiro- eta merkataritza-politiketan eragina duten faktore bereziak ingurugiro-arauak aplikatzeko eta edozein neurri komertzial erabiltzeko momentuan kontuan har daitezen arduratzea. Nabarmendu beharra dago herrialde aurreratuagoetan baliagarri diren arauak ezegokiak izan daitezkeela eta onartezinak diren gastu sozialak eragin ditzaketela garapen bidean dauden herrialde askotan;

    h)

    Akordio multilateraletan garapen bidean dauden herrialdeen partaidetza sustatzea, esaterako, trantsiziorako arau berezien bidez;

    i)

    Herrialde inportatzaileen eskumenekoak ez diren ingurugiroko arazoei aurre egiteko neurri unilateralak ekiditea. Ahal den neurrian, muga-arteko edo munduko ingurugiro arazoak konpontzeko hartu beharreko neurriek nazioartearen adostasunean oinarritu behar dute. Ingurugiroko helburu zehatz batzuk lortzeko bideratuta dauden barruko neurriek neurri komertzialak har daitezela eskatu dezakete, lehenak eragingarriak izan daitezen. Ingurugiro-politikak bete daitezen neurri komertzialak hartzea beharrezkoa izanez gero, printzipio eta arau batzuk aplikatu beharko dira. Hauen artean, besteak beste, printzipio hauek sar daitezke: diskriminazio ezaren printzipioa; hartzea erabakitzen den neurri komertzialak merkataritza helburuak lortzeko adina baino gehiago ezin duela murriztu esaten duen printzipioa; ingurugiroarekin harremana duten neurri komertzialen erabileran gardentasuna bermatzeko eta nazioko araudiak behar bezala jakinarazteko obligazioa eta garapen bidean dauden herrialdeen baldintza bereziak eta garapenerako beharrak kontsideratzeko beharra, hauek nazioarte mailan hitzartutako ingurugiro-helburuak lortzeko bidean aurrera egiten duten neurrian;

    j)

    Behar denean zehaztasun gehiago ezartzea eta GATTen xedapenen eta ingurugiroaren esparruan hartutako hainbat neurri multilateralen arteko harremana argitzea;

    k)

    Merkataritza-politiken formulazioan, negoziazioan eta aplikazioan jendearen parte-hartzea bultzatzea, herrialde bakoitzaren baldintzen arabera gardentasun gehiago izan dadin sustatzeko;

    l)

    Ingurugiro-politikek esparru juridiko eta instituzional egokia eskaini dezaten arduratzea, ingurugiroaren babeserako produkzio-sistemaren aldaketek eta espezializazio komertzialek eragindako behar berriei erantzuteko.

 

 

C. Garapen bidean dauden herrialdeei behar adina finantza-baliabide ematea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Inbertsioa ezinbestekoa da garapen bidean dauden herrialdeek, garapena sostengatzen duen baliabideen oinarria agortu edo hondatu gabe, beren biztanleen gizarte-ongizatea hobetu eta beren oinarrizko beharrez modu jasangarrian arduratu ahal izateko behar duten hazkunde ekonomikoa lortzeko. Garapen jasangarriak inbertsio gehiago eskatzen ditu, eta horretarako kanpoko eta barruko finantza-baliabideak behar dira. Atzerriko inbertsio pribatuak eta erbesteratutako kapitalaren itzulerak inbertsiorako giro egokia eskatzen dute eta finantza-baliabideen iturri garrantzitsuak dira. Garapen bidean dauden herrialde hauetako askok beren finantza-baliabideen transferentzia garbi negatiboa jasan dute hamarkada osoan, eta garai horretan egin beharreko ordainketak, batez ere zorren zerbitzuan, beren diru-sarrerak baino handiagoak izan ziren. Honen ondorio gisa, barruan mugitutako baliabideak atzerrira transferitu behar ziren, garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko herrialdean inbertitu beharrean.
  2. Garapen bidean dauden herrialde askoren kasuan, aurretik atzerriarekiko zorpetzearen arazoari irtenbide iraunkorra eman artean garapena berrindartzeak ez du lekurik izango, garapen bidean dauden herrialde askorentzat kanpoko zorraren karga arazo larria dela kontuan hartuta. Zorren zerbitzuaren ordainketek herrialde horiei eragiten dieten kargak hazkundea bizkortzeko eta pobreziari aurre egiteko ahalmena mugatu egin du erabat eta, era berean, inportazioen, inbertsioen eta kontsumoaren kontraesana eragin du. Atzerriarekiko zorpetzea garapen bidean dauden herrialdeen geldialdi ekonomikoaren faktore garrantzitsu bilakatu da. Etengabe bilakatzen ari den zorraren nazioarteko estrategiaren aplikazio energetiko eta iraunkorraren helburua herrialde zordunen kanpoko finantza-bideragarritasuna berrezartzea da eta hazkundeari eta garapenari berriro ekiteak hazkunde eta garapen jasangarria lortzen lagunduko luke. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da finantza-baliabide osagarriak kontuan hartzea eta baliabide horiek modu eragingarrian erabiltzea, garapen bidean dauden herrialdeen onerako.

 

Jarduerak:

 

  1. Agenda 21en agertzen diren sektoreko eta sektore arteko programak gauzatzeko behar diren baldintza zehatzen inguruko datuak bakoitzari dagokion programa-arloan eta "Finantzaketako baliabideak eta mekanismoak" izenburua duen 33. atalean aipatzen dira.

 

Jarduerak:

a)

Garapenerako laguntza ofizialaren finantzaziorako nazioarteko helburua lortzea:

 

 

  1. 33. atalean aipatzen den bezala, Agenda 21eko programak laguntzeko baliabide berriak eta osagarriak eman beharko lirateke.

 

b)

Zergaren auziaren inguruan aztertzea:

 

 

  1. Banku komertzialek eragindako kanpoko zorrarekin harremanetan, zorraren estrategia berriari esker egiten ari diren aurrerapenak onartu egin dira eta estrategia hori azkarrago aplika dadin ahalegintzen ari dira. Herrialde hauetako batzuek doikuntza egokien konbinazio politikoen edo antzeko neurrien onurak jaso dituzte eta banku komertzialekin egindako zorrak murriztu egin dira. Nazioarteko komunitateak hauxe bultzatzen du:

    a)

    Bankuekin zor handiak dituzten herriek banku komertzialarekin egindako zerga murrizteko neurri analogoak beren hartzekodunekin negoziatzea;

    b)

    Negoziazio horietan arituko diren taldeek herrialde zordunen funts berrien beharra eta epe ertainera zergaren murrizketa behar bezala kontuan hartzea;

    c)

    Zorraren nazioarteko estrategia berrian aktiboki parte hartzen duten erakunde multilateralek banku komertzialei egindako zorrak murrizteko hartutako neurriak laguntzen jarraitzea, finantzazio horren tamaina zergaren estrategiaren ebaluazioaren neurrikoa dela segurtatzeko;

    d)

    Banku hartzekodunek zorraren eta zorraren zerbitzuaren murrizketan parte hartzea;

    e)

    Inbertsio zuzena erakartzera, zorpetze sostengaezinak ekiditera eta erbesteratutako kapitala itzultzea sustatzera bideratutako politikak sendotzea.

  2. Zordun ofizial bilateralei dagokienez egindako zorraren arabera, Parisko Elkarteak herrialde pobreenek eta zor gehien dituztenek arnas pixka bat har dezaten baldintza batzuk prestatu zituen; honela, baldintza hauek aplikatzeko hartutako erabakia pozik entzuteko modukoa da. "Trinidadeko baldintzetatik" eratorritako neurriak aplikatzeko uneko ahalegina ere pozik hartzekoa da; neurri hauen arabera, zordunek duten ahalmenaren proportzioan eta herrialde horietako erreforma ekonomikoentzako laguntza osagarri diren eran ordainduko dute. Hartzekodun herrialde batzuek hasitako ekimena ere atsegin handiz hartzekoa da, izan ere, zor bilaterala murrizteko erabakia hartu dute batzuek eta hori egiteko aukera duten herrialdeek antzeko neurriak har ditzaten animatzen dituzte.
  3. Zorraren karga handia duten eta diru-sarrera gutxi dituzten herrialdeek hartutako neurriak goratu dira, izan ere, beren zorraren zerbitzuari erantzuten eta beren kaudimena babesten jarraitzen dute kostu handiz. Beren baliabideetarako beharrei arreta berezia jarri behar zaie. Garapen bidean dauden eta beren zorraren zerbitzuarekin jarraitzeko eta kanpoko finantza-obligazioak betetzeko ahalegin berezia egiten ari diren beste herrialde batzuek ere beharrezko laguntza jaso behar dute.
  4. Zor multilateralarekin harremanetan, beren zorra zerbitzatzeko arazo larriak dituzten eta garapen bidean dauden herrialdeentzako irtenbideak bilatzen jarraitzeko presa handia dago, batez ere beren hartzekodunak ofizialak edo finantza-erakunde multilateralak direnean.
    Bereziki diru-sarrera gutxi duten eta erreforma ekonomikoaren prozesuan dauden herrialdeen kasuan, finantza-erakunde multilateralek emandako laguntza gustura hartzen da. Erakunde hauek ordainketa berrien moduan eman diete laguntza eta beren funtsak baldintza egokietan erabiltzeko aukera eman diete. Ekonomiaren erreformarako Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Bankuak babestutako programak gogo biziz aplikatzen dituzten herrialdeen atzerapenak deuseztatzeko baliabideak sustatzeko, laguntza-taldeak erabiltzen jarraitu beharra dago. Finantza-erakunde multilateralek hartutako neurrien inguruko datuak esker onez hartzen dira, esaterako, SNEri egindako diru-itzulketekin merkataritza-baldintzetan emandako maileguen interesen berfinantzazioa: "bosgarren dimentsioa" izenekoa.

 

Gauzatzeko bideak:

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa

D. Garapen jasangarrira erraztuko duten politika ekonomikoak bultzatzea

Ekintzarako oinarriak:

 

  1. Garapen bidean dauden herriei kalte egiten dien nazioarteko aurkako giroaren eraginez, nazioko baldintzen mobilizazioa eta nazio mailan mobilizatutako baliabideen esleipen eta erabilera eragingarria guztiz garrantzitsuak dira garapen jasangarria sustatzeko. Hainbat herrialdetan honako hauek zuzentzeko politikak behar dira: gastu publikoaren orientazio okerra, aurrekontuetako defizita eta makroekonomiaren beste desoreka batzuk, politika murriztaileak eta kanbio-tasen inguruko desitxuratzeak, inbertsioak eta finantzazioa eta enpresa-jarduerari jarritako oztopoak. Garatutako herrialdeetan politikaren etengabeko erreformak eta doitzeak, aurrezteko tasa egokien barneratzearekin batera, herrialde horietan eta garapen bidean dauden herrialdeetan garapen jasangarriaren trantsizioa laguntzeko baliabideak sortzen lagunduko dute.
  2. Administrazio publiko eragingarri, garbi, zuzen eta arduratsuaren eta eskubide eta aukera pertsonalen arteko harremana bultzatzen duen kudeaketa egokia funtsezkoa da oinarri zabaleko garapen jasangarrirako eta garapenaren maila guztietan ekonomiaren jokabide egokirako. Herrialde guztiek bikoiztu egin behar dute beren ahalegina auzi publiko eta pribatuen kudeaketa eskasari aurre egiteko, baita ustelkeriari aurre egiteko ere; horretarako, fenomeno horren faktore eta eragileak hartu behar dira kontuan.
  3. Garapen bidean dauden herrialde zordun askok zorraren berrantolaketarekin edo mailegu berriekin harremana duten egiturazko doitze-programak gauzatzen dituzte. Programa hauek aurrekontu fiskalaren eta ordainketa-balantzaren kontuen arteko oreka hobetzeko beharrezkoak diren arren, kasu batzuetan aurkako gizarte- eta ingurugiro-eragina sortu dute, baita osasunaren, hezkuntzaren eta ingurugiroaren babeserako sektoreentzako kredituen murrizketa ere. Garrantzitsua da egiturazko doitze-programek ingurugirorako eta garapen jasangarrirako ondorio negatiboak izan ez ditzaten arduratzea, garapen jasangarriaren helburuarekin bateragarri izan daitezen.

 

Jarduerak:

 

  1. Herrialde bakoitzaren baldintza zehatzen arabera, beharrezkoa da garapen jasangarrirako baliabideen planifikazio eta erabilera eragingarria bultzatuko duten, baliabideen prezioak jartzeko garaian gizarte- eta ingurugiro-gastuak eta enpresa-jarduerak sustatuko dituzten eta merkataritzaren eta inbertsioen inguruko desitxuratzeen arrazoiak deuseztatuko dituzten politika ekonomikoaren erreformak finkatzea .

 

Jarduerak:

a)

Kudeaketarekin harremana duten jarduerak:

 

Ekonomia-politika eragingarriak sustatzea

 

  1. Herrialde industrializatuek eta honetarako baldintza egokiak dituzten herrialdeek honako atal hauetan areagotu beharko lukete beren ahalegina:

    a)

    Nazioarteko ekonomiaren giro egonkorra eta aurreikusi daitekeena sustatzea, batez ere monetaren egonkortasunaren, interesen benetako tasen eta oinarrizko kanbio-tasen gorabeheraren ingurukoa;

    b)

    Aurrezkiak bultzatzea eta defizit fiskala murriztea;

    c)

    Politiken koordinazio-prozesuetan garapen bidean dauden herrialdeen interesak eta kezkak kontuan hartuko direla ziurtatzea, munduko ekonomian alde batera daudelako gutxien aurreratuta dauden herrialdeen ahalegina babesteko neurri positiboak sustatzeko beharra barne;

    d)

    Komeni diren politika nazional makroekonomiko eta egiturazkoei ekitea, hazkunde ez inflazionistak sustatzeko, beren kanpoko desoreka nagusiak murrizteko eta beren ekonomien doitze-ahalmena areagotzeko.

  2. Garapen bidean dauden herrialdeek beren ahalegina areagotzeko aukera kontuan hartu behar lukete, ondorengo helburuak lortzeko politika ekonomiko eragingarriak aplikatzeko:

    a)

    Beharrezko moneta- eta zerga-dizplinari eustea, prezioen egonkortasuna eta ordainketa-balantzaren oreka sustatzeko;

    b)

    Errealitatearekin bat datozen kanbio-tasak bermatzea;

    c)

    Nazio mailan aurrezkiak eta inbertsioak areagotzea eta inbertsioen errentagarritasuna hobetzea.

  3. Zehazki, herrialde guztiek baliabideak eragingarritasun gehiagorekin esleitzeko aukera emango luketen eta munduko ekonomiaren inguruko aldaketek eskainitako aukerak hobekien aprobetxatuko lituzteketen politikak landu beharko lituzkete. Hala dagokienean, eta nazioko estrategiak eta helburuak kontuan hartuta, herrialdeek hauxe egin beharko lukete:

    a)

    Progresuari inefizientzia burokratikoak, oztopo administratiboek, beharrezkoak ez diren kontrolek eta merkatuaren baldintzen hutsegiteek eragindako oztopoak deuseztatzea;

    b)

    Administrazioan eta erabakiak hartzeko unean gardentasuna sustatzea;

    c)

    Sektore pribatua suspertzea eta enpresa-jarduera sustatzea, enpresak sortzeko eta merkatuetara sartzeko erakundeen oztopoak deuseztatuz. Garapen bidean dauden herrialde askotan enpresak sortzea eta funtzionamenduan jartzea konplikatu, garestitu eta mantsotu egiten duten murrizketak, arauak eta betebeharrak erraztea edo deuseztatzea izango litzateke funtsezko helburua;

    d)

    Oinarri ekologiko arrazoizko eta jasangarriaren gaineko hazkunde ekonomikorako eta dibertsifikaziorako beharrezko inbertsioak eta azpiegiturak sustatzea eta babestea;

    e)

    Tresna ekonomiko egokien jarduera onartzea, merkatuko mekanismoak barne, garapen jasangarriaren eta oinarrizko beharrak asetzearen inguruko helburuekin bat;

    f)

    Erregimen fiskalen eta finantza-sektore eragingarrien funtzionamendua sustatzea;

    g)

    Eskala txikiko enpresek -nekazaritza-enpresek, beste mota batzuetakoek- eta herrialde indigenek eta tokian tokiko komunitateek garapen jasangarriaren helburua lortzeko bete-betean lagun dezaten aukerak sortzea;

    h)

    Esportazioen aurkako eta inportazioen ordezkapen inefizientearen aldeko jarrerak deuseztatzea eta kanpoko inbertsioen korronteen onurak eskuratzen laguntzen duten politikak ezartzea, helburu sozialen eta ekonomikoen eta garapen nazionalaren esparruan;

    i)

    Barruko merkaturako produkzioaren eta esportatzeko produkzioaren arteko oreka optimoa erraztuko duen inguru ekonomiko nazionala sor dadin sustatzea.

 

b)

Lankidetza eta koordinazioa nazioarte eta lurralde mailan:

 

 

  1. Garatutako herrialdeetako gobernuek, zuzenean edo nazioarteko eta lurraldeko erakundeen bitartekaritzarekin egiteko aukera duten herrialdeetakoek eta nazioarteko finantza-erakunde nagusiek garapen bidean dauden herrialdeei laguntza tekniko gehiago emateko ahalegina areagotu egin beharko lukete. Laguntza hori honetarako izango litzateke:

    a)

    Nazioaren politika ekonomiko lantzeko eta aplikatzeko ahalmena areagotzeko, hala eskatuko balitz;

    b)

    Erregimen fiskal, kontabilitate-sistema eta finantza-sektore eragingarriak sortzeko eta funtzionamenduan jartzeko;

    c)

    Enpresa-jarduera sustatzeko.

  2. Finantza-erakundeek eta garapen-erakundeek beren politikak eta programak aztertzen jarraitu beharko lukete, garapen jasangarriaren helburua kontuan hartuta.
  3. Aspaldidanik onartuta dago garapen bidean dauden herrialdeen arteko ekonomia-lankidetza biziagoa ahaleginen osagai garrantzitsua dela, hazkunde ekonomikoa eta ahalmen teknologikoa sustatzeko eta garapenean dagoen munduko garapena bizkortzeko.
    Ondorioz, nazioarteko komunitateak garapen bidean dauden herrialdeen ahalegina bultzatu eta babesten jarraitu beharko luke, beren arteko ekonomia-lankidetza sustatzeko.

 

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 

 

  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 50 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

 

b)

Gaitasuna areagotzea:

 

 

  1. Aipatu berri diren garapen bidean dauden herrialdeen politiken aldaketek nazioen ahalegin handiak eskatzen dituzte, administrazio publikoaren, banku zentralaren, administrazio fiskalaren, aurrezkien erakundeen eta finantza-merkatuen esparruan ahalmena areagotzeko.
  2. Atal honetan definitutako lau programa-arloak praktikan jartzeko egiten diren ahalegin bereziak ingurugiroaren eta garapenaren arazoari begira justifikatzen dira, bereziki gutxien aurreratutako herrialdeek aurre egin behar dieten arazoen bidez.

 

 

Azken eguneratzea: 2011/05/18