Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 

I. SAILA: GARRANTZI EKONOMIKO ETA SOZIALA

     


7. ATALA: Giza kokapenen garapen jasangarria sustatzea

Sarrera

  1. Herrialde industrializatuetan, hirien kontsumo-motak munduko ekosistemaren gainean zama handia ezartzen ari dira, eta, bien bitartean, garapen bidean dauden munduko giza kokapenetan lehengai gehiago, energia gehiago eta garapen ekonomiko gehiago behar dute, hain juxtu oinarrizko ekonomia eta gizarte arazoak gainditzeko. Munduko leku askotan, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan, giza kokapenen baldintzak okertzen ari dira sektore horretan egiten diren inbertsio txikien ondorioz; inbertsio horiek herrialde horien baliabideen muga globalen ondorio dira. Azken datuen arabera -etadatu eguneratuak daude hori baieztatu ahal izateko- diru-sarrera gutxi dituzten herrialdeetan, gobernu zentralaren gastuen batez bestekoaren % 5,6 bakarrik bideratu zen etxebizitzarako, aisialdirako, gizarte segurantzarako eta ongizaterako 1/. Babeserako erakundeen gastuak eta nazioarteko finantzazioa ere oso baxuak dira. Esate baterako, dohaintzen bidez finantzatutako Nazio Batuen sistemaren gastu guztien % 1 bakarrik bideratu zuren 1988an giza kokapenetara 2/; bestalde, 1991n hiriaren garapenerako eta uren eta estolderiaren horniketarako Munduko Bankuaren eta Sustapenerako Nazioarteko Elkartearen (SNE) maileguak, hurrenez hurren, % 5,5 eta % 5,4 igo ziren, beren mailegu guztiak kontuan hartuta 3/.

    1/ Ez dago kopuru orokorrik ez barruko gastuen inguruan, ez giza kokapenetara zuzenduta garapenerako asistentzia ofizialen inguruan. Hala ere, 1991ko Munduko Garapenaren inguruko Txosteneko datuek -diru-sarrera gutxi dituzten eta garapen bidean dauden 16 herrialderentzako emanak- adierazten dute gobernu zentralek etxebizitzarako, aisialdirako eta gizarte-segurantzarako eta gizartearen ongizaterako dituzten gastuen kopurua % 5,6koa zela 1989an; kopururik altuena Sri Lankarena zen % 15,1ekin, etxebizitza-programa energetikoa hasi baitu. Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialde industrializatuetan, urte berean, gobernu zentralen etxebizitzako, aisialdirako eta gizarte-segurantzako eta gizartearen ongizaterako kopurua gutxieneko % 29,3ren eta gehiengo % 49,4ren artekoa zen; batez bestekoa, berriz, % 39koa zen (Munduko Bankua, Munduko Garapenaren inguruko Txostena, 1991, munduko garapenari buruzko adierazleak, 11. taula (Washington, D.C., 1991)).


    2/ Ikusi Nazioarteko Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako zuzendari nagusiaren txostena. Txosten honetan Nazio Batuen 1988ko sistemaren operazio-jardueren inguruko aurretiko datu estatistikoak agertzen dira (A/44/324-E/1989/106/Add.4, eranskina).


    3/ Munduko Bankua, Urteko txostena, 1991 (Washington, D.C., 1991).

  2. Bestalde, eskura dagoen informazioak adierazten du giza kokapenen sektorean lankidetza teknikoaren jarduerek inbertsio handiak sortzen dituztela sektore publiko eta pribatuan. Esate baterako, Garapenerako Nazio Batuen Programak 1988an giza kokapenekin harremana duten lankidetza teknikoetan gastatutako dolar bakoitzak 122 dolarreko inbertsio osagarria sortu zuen, GNBPko laguntza-sektore guztien artean altuena 4/.

    4/ GNBP, "GNBPren laguntza jasotzen duten proiektuekin harremana duten inbertsio-konpromisoak, 1988", 1. taula, "Inbertsio-konpromisoen sektoreen arteko banaketa 1988-1989an".

  3. Hau giza kokaguneen sektoreetarako sustatzen den "ikuspegi bultzagilearen" oinarria da. Kanpoko asistentziak, 2000. urterako eta geroko, biztanle guztien -geroz eta gehiago diren langabetuak, hau da diru-sarrerarik gabeko taldea, barne- bizitzeko eta lanerako baldintzak hobetzeko behar diren barruko baliabideak sortzen lagunduko du. Era berean, herrialde guztiek hiriaren garapenaren ingurugiroaren ondorioak onartu egin behar dituzte eta era integratuagoan aurre egin behar diete; horrez gain, hirietako eta nekazaritzako guneetako behartsuen, langabetuen eta geroz eta gehiago diren diru-sarrerarik gabeko pertsonen beharrei lehentasuna eman behar diete.

Giza kokapenen helburua

  1. Giza kokapenen helburu nagusia bertako bizitzaren kalitate soziala eta ekonomikoa eta ingurugiroaren kalitatea eta bizitzeko eta lanerako guztien baldintzak hobetzea da, bereziki hiriguneetako eta nekazaritzako guneetako behartsuena. Hobekuntza horrek oinarri hau izan behar du: lankidetza teknikoko jarduerak, sektore publikoen eta pribatuen eta komunitateko sektoreen arteko lankidetzak eta komunitateko taldeen eta interes bereziko taldeen -esate baterako, emakumeen, herrialde indigenen, adinduen eta ezinduen- partaidetza. Ikuspegi horiek giza kokapenen estrategien oinarri izan behar dute. Estrategia horiek egiteko garaian, herrialdeek atal honetan agertzen diren zortzi programa-arloen artean lehentasunak finkatu beharko dituzte, plan eta helburu nazionalekin bat eta gizarte- eta kultura-gaitasuna kontuan hartuta. Horrez gain, herrialdeek estrategia horiek talde baztertuetan eta babesgabeetan izango duten eragina zaintzeko neurri egokiak hartu beharko lituzkete, bereziki emakumeen beharrak kontuan hartuta.
  2. Atal honetako programa-arloak hauek dira:

    a)

    Guztientzako etxebizitza egokiak ematea;

    b)

    Giza kokapenen administrazioa hobetzea;

    c)

    Lurraren erabileraren planifikazio eta antolakuntza jasangarria sustatzea;

    d)

    Ingurugiro-azpiegituraren integrazioa sustatzea: ura, saneamendua, drainatzea eta hondakin solidoen kudeaketa;

    e)

    Giza kokapenetan energia- eta garraio-sistema jasangarriak sustatzea;

    f)

    Hondamendietara emanak diren lurraldeetako giza kokapenen planifikazioa eta kudeaketa sustatzea;

    g)

    Eraikuntzaren industrian jarduera jasangarriak sustatzea;

    h)

    Giza baliabideen garapena sustatzea eta giza kokapenen aurrerapenerako gaitasuna areagotzea.

 

Programa-arloak

 

A. Guztientzako etxebizitza egokiak ematea

Ekintzarako oinarriak:

  1. Etxebizitza seguru eta osoa edukitzea ezinbestekoa da pertsonen ongizate fisiko, psikologiko, sozial eta ekonomikorako, eta nazioko eta nazioarteko funtsezko ekintza izan behar du.
    Etxebizitza egokia izateko eskubidea oinarrizko giza eskubidea da eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmenean agertzen da. Hala ere, balioztatuta dagoenaren arabera, gaur egun gutxienez 1.000 milioi pertsonak ez du etxebizitza seguru eta osorik eta nazio eta mundu mailan neurri egokiak hartzen ez badira, kopuru hau asko handituko da mende honen amaierarako eta aurrerago.
  2. Arazo honi aurre egiteko munduko programa nagusietako bat Etxebizitzaren 2000 urtera arteko Munduko Estrategia da, eta 1988ko abenduan onartu zuen Batzar Nagusiak (43/181 ebazpena, eranskina). Babes zabala jaso duen arren, Estrategiak politika eta finantza aldetik babes gehiago behar du mendea amaitzerako guztiei etxebizitza egokia emateko helburua lortu ahal izateko.

Helburuak:

  1. Helburua azkar hazten ari diren herrialdeei eta hirietako eta nekazaritzako guneetako baztertutako behartsuei etxebizitza egokiak ematea da, ingurugiroaren garapenaren eta etxebizitzaren hobekuntzaren ikuspegitik begiratuta ikuspuntu bultzatzaile eta arrazoizkoaren bitartez.

Jarduerak:

  1. Jarduera hauei ekin beharko litzaieke:

    a)

    Guztiek etxebizitzak izateko hartu beharreko lehen neurri gisa, herrialde guztiek beren biztanle behartsuei eta bizilekurik ez dutenei etxebizitzak emateko neurriak hartu beharko lituzkete, eta bitartean, nazioarteko komunitateak eta finantza-erakundeek behartsuei etxebizitza emateko garapen bidean dauden herrialdeen ahalegina babesteko neurriak hartu beharko lituzkete;

    b)

    Herrialde guztiek etxebizitzarako estrategia nazionalak onartu edo sendotu beharko lituzkete, eta estrategia horiek, kasuaren arabera, Etxebizitzaren 2000 urte arteko Munduko Estrategiaren printzipio eta aholkuetan oinarrituta egon beharko lukete. Biztanleak beren etxeen edo lurren utzarazte bidegabeen aurka legez babestu beharko lirateke;

    c)

    Herrialde guztiek, hala dagokienean, hiriko eta nekazaritzako guneetako behartsuentzako, langabetuentzako eta diru-sarrerarik gabekoentzako etxebizitzak lortzeko egindako ahalegina babestu beharko lukete bitarteko hauen bidez: batetik, kodeak eta araudiak onartuz edo aurretik daudenak egokituz, lurrak, finantzazioa eta materialak kostu gutxirekin eskuratzeko aukera errazteko, eta, bestetik, erregularizazioaren sustapen aktiboaren bidez eta kokapen espontaneoen eta hiriko auzo-zuloen hobekuntzaren bidez, hiriko etxebizitzen defizitarentzako konponbide prakmatiko gisa eta berehalako neurri gisa;

    d)

    Herrialde guztiek, hala dagokienean, hiriko eta nekazaritzako guneetako behartsuei etxebizitza eskuratzeko aukera erraztu beharko liekete etxebizitza- eta finantzazio-planak eta beren egoeretara egokitutako mekanismo berritzaileak onartuz eta erabiliz;

    e)

    Herrialde guztiek babestu eta landu beharko lituzkete etxebitzarako estrategia ekologikoki arrazoizkoak nazio, estatu/lurralde eta herri mailan, sektore pribatuaren, sektore publikoaren eta komunitatearen arteko lankidetzaren bidez eta komunitateko erakundeen laguntzarekin;

    f)

    Herrialde guztiek, eta bereziki garapen bidean dauden herrialdeek, hala dagokienean, landetatik hirirako migrazioaren fenomenoaren eraginak gutxitzeko programak egin eta aurrera eraman beharko lituzkete, nekazaritzako bizi-baldintzak hobetuz;

    g)

    Herrialde guztiek, hala dagokienean, jendea beste leku batean finkatzeko programak egin eta aurrera eraman beharko lituzkete, norberaren herrialdearen barruan lekualdatutako biztanleen arazo partikularrei aurre egiteko;

    h)

    Herrialde guztiek, hala dagokienean, etxebizitzako estrategia nazionalak aplikatzearen inguruan informazioa bildu eta aplikazio hori zaindu egin beharko lukete, besteak beste, Giza Kokapenen Batzordeak onartutako zaintzako arauak eta Giza Kokapenetarako Nazio Batuen Zentroa (Habitat) eta Munduko Bankua elkarrekin egiten ari diren etxebizitzaren kalitate-adierazleak erabiliz;

    i)

    Alde biko eta alde askotako lankidetza sendotu beharko litzateke, garapen bidean dauden lurraldeetako etxebizitzako estrategia nazionalak gauza daitezen babesteko;

    j)

    Bi urtetik behin, Etxebizitzako 2000 urtera arteko Munduko Estrategian eskatzen denaren arabera, munduko aurrerapenen inguruko txostenak egin beharko lirateke, eta nazio mailako neurriak eta nazioarteko erakundeen eta alde biko emaileen laguntzarako jarduerak barne hartu beharko lituzkete.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 75.000 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango dituen 10.000 milioi inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Izenburu honi dagozkion beharrei buruz atal honetako gainerako programa-arloetan hitz egiten da.

c)

Giza baliabideen kudeaketa eta gaitasuna areagotzea:

 
  1. Garatutako herrialdeek eta finantzazio-erakundeek babes berezia eman beharko liekete garapen bidean dauden herrialdeei, guztientzako -baita diru-sarrerarik gabekoentzako ere- etxebizitza izateko ikuspegi bultzatzailea hartuta, eta honen barruan ikerketa-erakundeak eta gobernuko funtzionarioentzako, profesionalentzako, komunitateko erakundeentzako eta gobernuz kanpoko erakundeentzako trebakuntza-jarduerak sartu beharko lirateke, teknologia egokiak lantzeko tokian tokiko gaitasuna areagotzearen bidez.

 

B. Giza kokapenen administrazioa hobetzea

Ekintzarako oinarriak:

  1. Mendea amaitzen denerako, munduko biztanle gehienak hirietan biziko dira. Hirietako asentamenduek, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetakoek, ingurugiroaren eta garapenaren munduko krisiaren sintomak azalarazten badituzte, nazio-produktu gordinaren % 60 sortzen badute eta admnistrazioaren alorreko lanak behar bezala egiten badituzte, beren produktibitateari eusteko ahalmena garatzeko aukera, beren biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko aukera eta baliabide naturalak era jasangarrian administratzeko aukera izango dute.
  2. Metropoliko gune batzuk hainbat erakunde politiko edo administratibo baino harantzago hedatzen dira (barrutiak eta udalak), hiri-sistema jarraia osatzen duten arren. Kasu askotan, heterogeneotasun politiko honek inguruaren antolakuntzarako programa zabalen aplikazioari kalte egiten dio edo zaildu egiten du.

Helburuak:

  1. Helburua hirietako asentamenduen antolakuntza jasangarria lortzea da, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan, bertako biztanleen, bereziki baztertuen eta babesgabeen, bizi-baldintzak hobetzeko gaitasuna areagotzeko; honela garapen ekonomikoaren helburu nazionalak lortzen laguntzen da.

Jarduerak:

a)

Hiriko administrazioa hobetzea:

 
  1. Kudeaketa sendotzeko dagoen esparrua hauxe da: Garapenerako Nazio Batuen Programaren, Munduko Bankuaren eta Giza Kokapenetarako Nazio Batuen Zentroaren (Habitat) Hiriko Administrazioaren Programa, hau da, garapen bidean dauden herrialdeei hiri-kudeaketako arazoei aurre egiten laguntzeko aurrez adostutako munduaren ahalegina. Interesa duten herrialde guztietara hedatu beharko litzateke 1993-2000 urteen artean. Hala dagokienean, nazioko planekin, helburuekin eta lehentasunekin bat eta gobernuz kanpoko erakundeen eta tokian tokiko agintarien ordezkarien languntzarekin, herrialde guztiek jarduera hauei ekin beharko lietekete, nazio, estatu/lurralde eta herri mailan, dagokien programen eta erakundeen laguntzarekin:

    a)

    Hiri-kudeaketarako lurren antolakuntza, hiri-antolakuntza, azpiegitura- eta finantza-kudeaketa eta herri-administrazio alorretan arauak onartzea eta aplikatzea;

    b)

    Hiriko guneetan pobrezia gutxitzeko ahaleginak bizkortzea, esate baterako neurri hauen bidez:

    i)

    Hiriko guneetako behartsuentzat lana sortzea, bereziki emakumeentzako, hiriko azpiegiturak eta zerbitzuak sortuz, hobetuz eta kontserbatuz eta egituratu gabeko sektoreetan -hala nola, konponketetan, birziklatzeetan, zerbitzuetan eta saltoki txikietan- jarduera ekonomikoak bultzatuz;

    ii)

    Hiriko guneetako biztanle behartsuenei laguntza zehatzak ematea, beste gauza batzuen artean gosea eta etxebizitza falta gutxitzeko azpiegitura sozialak sortuz eta komunitate mailan zerbitzu egokiak emanez;

    iii)

    Komunitatean oinarritutako indigenen erakundeak, boluntarioen erakunde pribatuak eta gobernuz kanpoko hainbat erakunde mota sor daitezen bultzatzea; bereziki, pobrezia gutxitzen eta diru-sarrera gutxiko familien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten erakundeak sor daitezen bultzatzea;

    c)

    Auzi ekologikoei eta sozialei aurre egiteko hirigintzako estrategia berritzaileak onartzea, honakoaren bidez:

    i)

    Diru-laguntzak murriztuz eta diru-sarrera gehiago dituzten biztanleei ematen zaizkien ingurugiro-zerbitzuei eta kalitate handiko beste hainbat zerbitzuri (esate baterako, uraren horniketa, saneamendua, zakarren bilketa, bideak eta telekomunikazioak) dagozkien gastuak berreskuratuz;

    ii)

    Azpiegituren mailan hobetuz eta hiriko gune pobreenetan zerbitzuak emanez;

    d)

    Bizi-kalitatea eta ingurugiroaren kalitatea hobetzeko tokian tokiko estrategiak lantzea; estrategia horietan lurren erabileraren eta antolakuntzaren inguruko erabakiak eta sektore publikoaren eta pribatuaren inbertsioak sartu beharko dira eta giza baliabideak eta baliabide materialak mugiarazi beharko dira, honela giza osasuna babestuko duten lanbide ekologikoki arrazoizkoak sortzeko.

b)

Hiriko datuen sistemak sendotzea:

 
  1. 1993-2000 urteen artean herrialde guztiek, dagokien kasuetan, enpresa-sektorearen parte-hartze aktiboarekin, hainbat hiritan proiektu esperimentalak gauzatu beharko lituzkete hiriko datuak biltzeko, analisia egiteko eta ondoren hedatzeko, ingurugiroan sortutako eraginei buruzko analisiak barne, herri, estatu/lurralde, nazio eta nazioarte mailan, eta hirien inguruko datuak kudeatzeko gaitasuna sortu beharko lukete 5/. Nazio Batuen Habitat, NBIP eta GNBP erakundeek laguntza teknikoa eta datuak kudeatzeko sistemen ereduak eskaini ditzakete.

    5/ Mota honetako programa esperimental bat, Hirien inguruko Datuen Programa, jadanik martxan da Giza Kokapenetarako Nazio Batuen Zentroan (Habitat), eta programa honen helburua datuak biltzeko, lantzeko eta errekuperatzeko ordenagailuko programak sortzea eta bertan parte hartzen duten hiriei ematea da, ondoren herri, nazio eta nazioarte mailan trukeak egiteko eta hedatzeko.

c)

Tarteko hirien garapena sustatzea:

 
  1. Garapen bidean dauden herrialdeetako hiri-aglomerazio handietako presioa arintzeko, tarteko hirien garapenerako estrategiak eta politikak onartu behar dira, honako bi helburu hauekin: batetik, nekazaritzako guneetako langabetuentzako lanerako aukerak sortzeko eta, bestetik, nekazaritzako guneetan oinarritutako ekonomia-jarduerak sortzeko. Hala ere, ezinbestekoa da hiriko guneen antolakuntza arrazoizkoa, hirien hazkuntza neurrigabeak baliabideen degradazioa lur gehiagotara zabal ez dezan eta gune irekiak, laborantzarako lurrak eta ingurabide berdeak urbanizatzeko presioak areagotu ez daitezen.
  2. Beraz, hala dagokienean, herrialde guztiek hirigintzako prozesu eta politika guztiak aztertu beharko lituzkete hazkundeak ingurugiroan duen eragina ebaluatzeko eta hazten ari diren hiri ertainen beharretara, baliabideen gaitasunera eta ezaugarrietara egokitutako hirigintza- eta kudeaketa-irizpideak aplikatzeko. Kasuaren arabera, nekazaritzako bizimodutik hiriko bizimodurako aldaketa errazteko jardueretan eta asentamendu motetan ere jarri beharko lukete arreta. Horrez gain, maila txikiko jarduera ekonomikoen garapena sustatu beharko lukete, bereziki elikagaien produkzioa, herrietan diru-sarrerak sortzeko eta baztertuen dauden nekazaritzako guneen tarteetan ondasunak eta zerbitzuak sortzeko.
  3. Hiri guztiek, bereziki garapen jasangarriaren inguruko arazo larriak dituztenek, nazioko legeekin, arauekin eta araudiekin bat, arazo horiei aurre egiteko eta beren garapena era jasangarrian bideratzeko programak egin eta sendotu beharko lituzkete. Ahalegin horiek babesteko nazioarteko ekimen batzuk badaude Habitaten Hiri jasangarrien programan eta OMEren Hiri osasuntsuen programan, eta areagotu egin beharko lirateke. Munduko Bankuaren, garapenaren lurraldeko bankuen, alde biko erakundeen eta konprometitutako aldeen, bereziki nazioarteko eta nazioko herri-agintarien ordezkarien beste ekimen batzuk ere sendotu eta koordinatu beharko lirateke. Kasuaren arabera, hiriek ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Partaidetza-irizpidea instituzionalizatzea, hiriaren garapenean parte hartzen dutenen (sektore publikoa, sektore pribatua eta komunitateak), bereziki emakumeen eta herrialde indigenen, arteko elkarrizketa etengabea oinarri duen hiriko garapen jasangarrirako;

    b)

    Hiriko ingurugiroa hobetzea, horretarako antolakuntza soziala eta ingurugiroaren kontzientzia sustatuz, honakoaren bitartez: beharrezkoak diren zerbitzu publikoak zehazteko tokian tokiko komunitateen parte-hartzearen bidez, hiriko azpiegituraren horniduraren bidez, zerbitzu publikoak hobetzearen bidez eta eraikuntza zaharrak, esparru historikoak eta beste hainbat elementu kultural babestearen eta birgaitzearen bidez. Gainera, "lan berde"en programak sustatu beharko lirateke, batetik, beren kasa aurrera egiten duten giza garapeneko jarduerak eta, bestetik, sektore egituratuetan eta egituratu gabeetan diru-sarrera gutxiko hiriko biztanleei lanerako aukerak sortzeko;

    c)

    Herriko gobernu-organoen ahalmena sendotzea, hiriaren hazkuntza azkarrarekin eta arrazoizkoarekin lotzen diren garapenaren eta ingurugiroaren arazo ugariei modu eragingarriagoan aurre egiteko, hirien mota askotako beharrak barne hartzen dituen eta hirigintzako jarduera ekologikoki arrazoizkoetan oinarritzen diren planifikaziorako irizpide zabalagoen bidez;

    d)

    Nazioarteko "hiri jasangarrien sarean" parte hartzea, esperientziak trukatzeko eta nazioko eta nazioarteko teknika- eta finantza-laguntzak mugiarazteko;

    e)

    Ekologikoki arrazoizkoak eta kulturalki sentiberak diren programak egin daitezen sustatzea, hiriko eta nekazaritzako kokapenen garapen jasangarrirako estrategia gisa eta hiriko garapena deszentralizatzeko eta lurraldeen arteko desadostasunak murrizteko era gisa;

    f)

    Dagokien nazioarteko erakundeen laguntzarekin, ingurugiroaren kalitatea hobetzeko herri-ekimenentzako baliabideak sustatzeko mekanismoak ezartzea;

    g)

    Talde komunitarioak, gobernuz kanpoko erakundeak eta partikularrak prestatzea, beren ingurua antolatzeko eta hobetzeko aginpidea eta ardurak har ditzaten, ingurugiroaren arretaren kontzeptua hartzen duten partaidetza-bitartekoen, -tekniken eta -irizpideen bitartez.

  4. Herrialde guztietako hiriek beren arteko lankidetza sendotu egin beharko lukete, esparru honetan ari diren gobernuz kanpoko erakundeen laguntzarekin, esate baterako erakunde hauen laguntzarekin: Herri mailako Agintarien Nazioarteko Batasuna International (ANBI), Ingurugiroaren alorreko ekimen lokaletarako nazioarteko kontseilua (ICLEI) eta Senidetutako hirien mundu mailako federazioa.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 100.000 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emando dituen 15.000 milioi inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Giza baliabideen kudeaketa eta gaitasuna areagotzea:

 
  1. Garapen bidean dauden herrialdeek, nazioarteko lankidetza egokiarekin, hiriko administratzaileen eta teknikarien eta eurekin lotura duten beste talde batzuen trebakuntzan eta heziketan arreta jartzeko aukera aztertu beharko lukete. Talde honek hiriaren hazkuntza eta garapen ekologikoki arrazoizkoa arrakastaz administratzeko ahalmena izan beharko luke eta beste hiri batzuetako esperientzia berritzaileak aztertzeko eta egokitzeko behar adina ezagutza tekniko eduki beharko luke. Horretarako, hezkuntza-mota guztiak erabili beharko lirateke, bai eskolako irakaskuntza, bai hedabideen erabilera, bai ikasketa praktikoen aukera.
  2. Gainera, garapen bidean dauden herrialdeek trebakuntza eta ikerketa teknologikoak sustatu beharko lituzkete, hondakinen murrizketaren, uraren kalitatearen, energia aurreztearen, arriskurik gabeko produktu kimikoen produkzioaren eta gutxiago kutsatzen duen garraioaren alorretan, emaileen, gobernuz kanpoko erakundeen eta enpresa pribatuen ahalegin bateratuaren bidez.
  3. Aurreko paragrafoetan iradokitzen den bezala, garapen bidean dauden herrialdeek, laguntzarekin, garatutako gaitasuna sortzeko jardueretan pertsonen eta talde funtzionalen trebakuntza sartzeaz gain, konponketa instituzionalak, administrazioko jarduerak, erakundeen arteko loturak, informazio-korronteak eta kontsulta-prozesuak sartuko lukete.
  4. Horrez gain, Hiriko Administrazioaren Programak eta antzeko nazioarteko jarduerek, alde biko eta alde askotako erakundeekin lankidetzan, partaidetza-egitura sortzeko ahaleginean garapen bidean dauden herrialdeei babesa ematen jarraitu behar lukete, sektore pribatuaren, gobernuz kanpoko erakundeen eta behartsuen, bereziki emakumeen eta desabantaila duten pertsonen, giza baliabideak mugiaraziz.

 

C. Lurraren erabileraren planifikazio eta antolakuntza jasangarria sustatzea

Ekintzarako oinarriak:

  1. Lurren baliabideak eskuratzeko aukera ingurugiroari kalte gutxi egiten dioten bizitza-mota jasangarrientzako ezinbesteko osagaia da. Lurreko baliabideak bizitza-sistemen (gizakien bizitza-sistemaren) oinarri dira eta lurrak, energia, ura eta giza jarduera guztiak egiteko aukera ematen dute. Azkar hazten diren hiriguneetan lurrak eskuratzea geroz eta zailagoa da, industriaren, etxebitzaren, merkataritzarekin, nekazaritzaren, lurren jabetzaren egituraren eta gune irekiak izateko beharraren eskaera dela eta. Horrez gain, hiriko lurren kostuaren igoerak behartsuei lur egokiak eskuratzeko aukera eragozten die. Nekazaritzako guneetan, jarduera eutsiezin batzuek hondatu egiten dute ingurugiroa eta pobretutako nekazaritzako lurren errendimendua gutxitu egiten dute. Jarduera horiek, esate baterako, bazterreko lurren ustiapena, merkataritza interesengatik ekologiaren aldetik ahulak diren guneen eta basoen inbasioa eta lurrik gabeko nekazaritzako herrialdeen inbasioa dira.

Helburuak:

  1. Helburua giza kokapenen garapenerako lurren beharra asetzea da, planifikazio fisikoaren eta lurraren erabilera ekologikoki arrazoizkoaren bidez familia guztiek lurrak edukitzeko aukera izateko eta, hala dagokienean, lurraren herriaren eta taldeen jabetza eta kudeaketa bultzatzeko 6/. Arreta berezia jarri beharko litzaieke ekonomia eta kultura aldetik emakumeek eta herrialde indigenek dituzten beharrei.

    6/ Horretarako lurreko baliabideen antolakuntzarako politika integratuak behar dira, eta Agenda 21eko 10. atala gai honen ingurukoa da (Lurreko baliabideak planifikatzeko eta antolatzeko ikuspegi integratua).

Jarduerak:

  1. Garapen bidean dauden herrialde guztiek, hala dagokienean, lurreko baliabideen inbentario nazional osoa egiteko aukera aztertu beharko lukete, lurren informazio-sistema ezartzeko. Informazio-sistema horretan lurrak baliabideen erabilera egokienaren arabera sailkaturik egongo lirateke eta, babeserako neurri bereziak hartu ahal izateko, ekologiaren aldetik ahulak diren eta hondamenerako aukera gehiago dituzten guneak bereizita egongo lirateke.
  2. Ondoren, herrialde guztiek lurren baliabideak antolatzeko plan nazionalak egin beharko lituzkete, esate baterako, baliabide horien garapenerako eta erabilerarako gida. Horretarako ondorengoa egin beharko lukete:

    a)

    Hala dagokienean, hiriaren garapenaren politika publiko ekologikoki arrazoizkoa, lurren erabilera, etxebizitza eta hiriaren zabalkuntzaren antolaketa bideratzeko lege nazionala promulgatzea;

    b)

    Hala dagokienean, garapenerako taldearen beharrak aseko dituen lurren merkatu eragingarriak sortzea, beste gauza batzuen artean lurren erregistro-sistemak hobetuz eta salerosketen prozedurak erraztuz;

    c)

    Pizgarri fiskalak sortzea eta lurren erabilera kontrolatzeko neurriak hartzea, ikuspegi ekologikotik lurren baliabide mugatuen erabilera arrazionalagoa egiteko planifikazirako konponbideak barne;

    d)

    Sektore pribatuaren eta publikoaren eta komunitateen arteko elkarteak bultzatzea, lurren baliabideen antolakuntzaren inguruan, giza kokapenen garapenerako;

    e)

    Hiriko eta nekazaritzako kokapenetan komunitatean oinarritutako lurren baliabideen babeserako jarduerak sendotzea;

    f)

    Erabiltzaile guztiek -bereziki herrialde indigenek, emakumeek, tokian tokiko komunitateek, hiriko guneetako diru-sarrera gutxi dituzten biztanleek eta nekazaritza geuneetako behartsuek- lurrak edukitzeko aukera izan dezaten lurrak edukitzeko era egokiak ezartzea;

    g)

    Hiriko eta nekazaritzako guneetako behartsuek lurrak izan ditzaten ahaleginak sustatzea, etxebizitza seguruak eta osasungarriak eraikitzeko, lortzeko edo hobetzeko lurrak eta azpiegitura-zerbitzuak erosteko mailegu-programak barne;

    h)

    Lurren antolakuntzarako jarduera hobeak gautzatzeko babesa ematea; hauen barruan nekazaritzarako, industriarako, garraiorako, hiriaren garapenerako, gune berdeetarako, erreserbetarako eta beste ezinbesteko behar batzuetarako lurren behar lehiakorrak egongo lirateke;

    i)

    Politikak aurrera eramateko ardura dutenek ekologiaren aldetik ahulak diren guneetan planifikatu gabeko kokaguneak egitearen ondorio negatiboak uler ditzaten bultzatzea eta helburu hori duten lurren erabileraren eta beharrezko kokaguneen inguruko nazio- eta herri-politika egokiak uler ditzaten bultzatzea.

  3. Nazioarte mailan, alde biko eta alde askotako erakundeek eta programek Lurreko baliabideak antolatzeko jardueren munduko koordinazioa hobetu egin beharko lukete; esate baterako, GNBP, FAO, garapenerako lurraldeetako bankuak, interesa duten erakundeak eta GNBP/Munduko Bankua/Habitat programa bateratua daude honen barruan. Horrez gain, garapen bidean dauden herrialdeetan aplika daitezkeen lurren antolakuntzako jarduera jasangarrien esperientzien transferentzia sustatzeko neurriak hartu beharko lituzkete.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 3.000 milioi dolarrekoa izango dela balioztatu du, nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango dituen 300 milioi inguru barne. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Herrialde guztiei, bereziki garapen bidean dauden herrialdeei, bakarka edo lurraldeko edo azpilurraldeko zati gisa, lurren baliabideak antolatzeko teknika modernoez baliatzeko aukera erraztu beharko litzaieke; teknika horien artean, besteak beste, hauek egongo lirateke: informazio geografikoa eskuratzeko sistemak, satelite bidez ateratako argazkien bilduma eta urruneko behaketako beste teknika batzuk.

c)

Giza baliabideen kudeaketa eta gaitasuna areagotzea:

 
  1. Lurren baliabideen planifikazio eta kudeaketa jasangarrian, herrialde guztiek ingurugiroari buruzko trebakuntza-jarduerak antolatu beharko lituzkete eta garapen bidean dauden herrialdeei lagundu beharko liekete, babeserako eta finantzatzeko nazioarteko herrialdeen bidez. Honen helburua honakoa izango litzateke:

    a)

    Irakaskuntzaren alorrean, nazioko, estatuko/lurraldeko eta herrietako erakundeen hezkuntzarako eta ikerketarako ahalmena sendotzea, lurren antolaketako profesionalak eta teknikariak trebatzeko;

    b)

    Lurren auziez arduratzen diren gobernuko ministerioen eta organismoen azterketa erraztea, batetik, lurren baliabideen antolakuntzarako mekanismo eragingarriagoak eratzeko eta, bestetik, aldian-aldian, langileak lurren baliabideak antolatzeko dauden teknika eguneratuetara ohitu daitezen, lanean administratzaileentzat eta langileentzat errepasorako ikastaroak antolatzeko;

    c)

    Hala egokituz gero, organismo horiei ekipo modernoak ematea, esate baterako, ordenagailuak eta ordenagailuetako programak eta ikuskapenerako ekipoak;

    d)

    Aurretik dauden programak sendotzea eta nazioartean eta lurraldeen artean lurren antolakuntzari buruzko informazioa eta esperientzia trukatzeko ekimenak sustatzea, lurraren antolaketa-zientzien eta antzeko jardueren inguruko elkarte profesionalak sortuz; esate baterako ikastaro praktikoak eta mintegiak.

D. Ingurugiro-azpiegituren integrazioa sustatzea: ura, saneamendua, drainatzea eta hondakin solidoen kudeaketa

Ekintzarako oinarriak:

  1. Baliabide hidrikoekin, airearen kalitatearekin eta saneamendurako eta hondakinen kudeaketarako ingurugiro-azpiegitura izatearekin harremana duten parametro asko daude, eta parametro horiek hiriko garapenaren jasangarritasuna definitzen dute. Erabiltzaileen dentsitatea dela eta, urbanizazioak, ongi administratzen bada, ingurugiro-azpiegitura jasangarria sortzeko aukera bikainak eskaintzen ditu, prezioak finkatzeko politiken eta irakaskuntza-programa egokien bidez; ekonomiaren eta ingurugiroaren aldetik arrazionalak diren sarbide-mekanismo zuzenen bidez ere izan daiteke. Hala ere, garapen bidean dauden herrialde gehienetan oro har dagoen osasun txarra eta ekidin zitekeen urteko heriotza-tasa handia ingurugiro-azpiegituraren eskasiaren edo gabeziaren ondorio izan daitezke. Herrialde horietan baldintzak okertu besterik ezin daitezke egin, beharrak geroz eta handiagoak baitira eta gobernuek behar bezala erantzuteko duten ahalmena gainditu egiten baitute.
  2. Giza kokapenetan, bereziki hiriko eta nekazaritzako gune behartsuetan, azpiegitura ekologikoki arrazionalaren horniketarako ikuspegi integratua garapen jasangarrirako inbertsioa da eta bizi kalitatea hobetu, produktibitatea handitu, osasuna hobetu eta medikuntza terapeutikorako eta pobrezia arintzeko inbertsioen karga murriztu egin ditzake.
  3. Jarduera gehienen kudeaketa ikuspegi integratuaren bidez hobetuko litzateke eta jarduera horiek Agenda 21en agertzen dira, ondorengo ataletan: 6 (Giza osasuna babestea eta sustatzea), 9 (Atmosfera babestea), 18 (Ur gezatako baliabideen kalitatea babestea eta hornitzea) eta 21 (Hondakin solidoen kudeaketa ekologikoki arrazoizkoa eta estoldetako urekin lotura duten auziak) ataletan.

Jarduerak:

  1. Helburua 2025. urterako kokaleku guztietan ingurugiro-azpiegituren instalazio egokiak izan daitezen segurtatzea da. Helburu hori lortzeko, garapen bidean dauden herrialde guztiek 2000 urterako beren nazio-estrategietan azpiegitura eta planifikazio ekologikoaren integrazio hobea segurtatzeko beharrezkoak diren giza baliabideen, tekniken eta finantzen alorreko gaitasuna sendotzeko programak sartu beharko lituzkete.

Jarduerak:

  1. Herrialde guztiek giza kokapenen azpiegituren alde ekologikoak ebaluatu beharko lituzkete, guztiek hondakinak kudeatzeko helburu nazional jasangarriak ezarri beharko lituzkete eta guztiek ingurugiroa, giza osasuna eta bizi-kalitatea babesteko teknologia ekologikoki arrazionala erabili beharko lukete. Alde biko eta alde askotako organismoen laguntzarekin, kokapenetako azpiegiturak eta programa ekologikoak sendotu beharko lirateke; programa ekologiko hauek planifikazioan, garapenean, kontserbazioan eta ingurugiro-azpiegituren (uren horniketa, saneamendua, drainatzea, hondakin solidoen kudeaketa) kudeaketan giza kokapenen irizpide integratua bultzatzera bideratuta egon beharko lukete. Organismo horien arteko koordinazioa eta tokian tokiko agintarien, sektore pribatuaren eta talde komunitarioen nazioarteko eta nazioko ordezkarien laguntza berdin-berdin sendotu beharko lirateke. Ahal den neurrian, ingurugiro-azpiegiturak sortzen parte hartzen duten organismo guztien jarduerek ekosistemetan edo metropoli-guneetan oinarritutako kokapenen planteamendua islatu beharko lukete eta beren barruan, programen jardueren artean, ikuskapena, ikerketa aplikatua, beharrezko egituren sorkuntza, teknologia egokien transmisioa eta lankidetza teknikoa sartu beharko lirateke.
  2. Nazio eta herri mailan laguntza eman beharko litzaieke garapen bidean dauden herrialdeei, uraren horniketarako, energiarako, saneamendurako, drainatze-lanerako eta hondakin solidoen kudeaketarako irizpide integratuak onar ditzaten. Bestalde, kanpoko finantza-erakundeek irizpide horiek aplikatu egingo direla ziurtatu beharko lukete, bereziki, komunitatearen bizi-baldintzak eta baliabideak barne hartzen dituzten araudietan eta arauetan oinarritu ez diren planifikatu gabeko kokapenetan ingurugiro-azpiegiturak hobetzeko.
  3. Herrialde guztiek, hala dagokienean, ingurugiro-azpiegiturak sortzeko ondorengo irizpideak onartu beharko lituzkete:

    a)

    Ahal den neurrian, ingurugiro-kalteak murrizteko edo ekiditeko politikak onartzea;

    b)

    Erabaki guztiak ingurugiroan izandako eraginen ebaluazioetan oinarrituta egon daitezen begiratzea eta ondorio ekologiko guztien gastuak kontuan har ditzaten begiratzea;

    c)

    Tokian tokiko jarduerekin bat datorren garapena sustatzea eta tokian tokiko baldintzetarako egokiak diren teknologiak onartzea;

    d)

    Azpiegitura-zerbitzuen benetako gastuak errekuperatzeko politikak sustatzea eta, era berean, etxe guztiei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko planteamendu egokiak (diru-laguntzak barne) izateko beharra onartzea;

    e)

    Hainbat herriri eragiten dieten arazo ekologikoak konpontzeko konponbide bateratuak aurkitzea.

  4. Dagoeneko badauden programen inguruko informazioa interesa duten herrialdeen eta herri-erakundeen artean hedatzeko aukera erraztu eta sustatu beharko litzateke.

Gauzatzeko bideak:

a)

Gastuen finantzazioa eta ebaluazioa:

 
  1. Biltzarreko idazkaritzak programa hau aurrera eramateko jarduerak gauzatzeko urteko (1993-2000) batez besteko gastua 65 milioi ingurukoa izango dela balioztatu du, eta nazioarteko komunitateak dohaintza moduan edo mesede moduan emango ditu. Kalkulu horiek adierazleak eta gutxi gorabeherakoak dira eta gobernuek ez dituzte aztertu. Benetako gastuak eta finantza-baldintzak, emakidunak ez direnak barne, beste batzuen artean gobernuek gauzatzeko aukeratutako estrategien eta berariazko programen araberakoak izango dira.

b)

Bitarteko zientifikoak eta teknologiak:

 
  1. Ahal den neurrian, dagoeneko badauden programetako bitarteko zientifikoak eta teknologikoak koordinatu egin beharko lirateke. Horretarako ondorengoa egin beharko litzateke:

    a)

    Ingurugiro-azpiegituren programetako eta proiektuetako politika integratuen alorrean ikerketak bizkortzea; ikerketa hauek gastuen araberako etekinen eta ingurugiroan sortutako eragin orokorren analisian oinarrituta egon beharko lukete;

    b)

    "Benetako eskaera" ebaluatzeko moduak sustatzea, teknologiak aukeratzeko irizpide gisa ingurugiroaren eta garapenaren inguruko informazioa erabiliz.

    c)

    Giza baliabideen garapena eta gaitasuna areagotzea.

  2. Finantza-erakundeen laguntzarekin eta babesarekin, herrialde guztiek, hala dagokienean, herriaren trebakuntza- eta partaidetza-programak antolatu beharko lituzkete. Programa horien helburua honakoa izango litzateke:

    a)

    Hedabideekiko jendearen pertzepzioa, ikuspegiak eta ingurugiro-azpiegituren instalazioen horniketen onurak areagotzea, bereziki, herrialde indigenen, emakumeen, diru-sarrera gutxi dituztenen eta behartsuen artean;

    b)

    Azpiegituren zerbitzu integratuen planifikazioaren inguruko eta baliabideen -ekologikoki arrazionalak eta sozialki onartzekoak diren baliabideen- erabilera eragingarrirako sistemen kontserbazioaren inguruko ezagutza teknikoa duten profesionalen taldea prestatzea;

    c)

    Tokian tokiko agintarien eta administratzaileen gaitasuna sendotzea, tokian tokiko komunitateekin eta sektore pribatuarekin batera azpiegitura-zerbitzu egokien prestazio integraturako;

    d)

    Baliabide juridiko eta araudi egokiak onartzea, elkarrekiko diru-laguntzen konponketak barne, ingurugiro-azpiegiturarentzako behar adina onura eta ekonomikoki eskuragarri diren onurak herriko talde baztertuei, bereziki behartsuei, eskaintzeko.

 

 

 

Azken eguneratzea: 2011/05/18