Ingurugiroari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Biltzarra,
Rio de Janeiron 1992ko ekainaren 3tik 14ra bildu ondoren,
1972ko ekainaren 16an Stockholmen onartutako Giza Ingurugiroari buruzko Nazio Batuen Biltzarraren Adierazpena berretsita,
eta adierazpen honetan oinarritzen saiatuta,
Estatuen arteko lankidetzan maila berriak jartzearen bidez, gizarteko funtsezko sektoreen bidez eta
pertsonen bidez mundu mailan aliantza berri eta berdina jartzeko helburuarekin,
guztien interesak errespetatuko diren eta ingurugiroaren sistema osoa eta munduko garapena babestuko dituen nazioarteko akordioa lortzen saiatuta Lurraren natura osoa eta interdependentea, gure etxea, dela onartuta,
Ondorengoa aldarrikatzen dute:
1. printzipioa
Gizakiak garapen jasangarriarekin lotutako arduren zentroa dira. Naturarekin batera bizitza osasuntsua eta produktiboa izateko eskubidea dute.
2. printzipioa
Nazio Batuen gutunaren eta nazioarteko eskubideen printzipioen arabera, estatuek beren baliabideak beren ingurugiroko eta garapeneko politiken arabera ustiatzeko eskubidea dute eta bere jurisdikzioaren barruan eta bere kontrolpean egiten diren jarduerek beste estatuetako edo beren jurisdikzio nazionaletik kanpo dauden guneetako ingurugiroari kalterik ez egiteko ardura dute.
3. printzipioa
Garapenerako eskubidea uneko eta etorkizuneko belaunaldien garapeneko eta ingurugiroko beharrei berdin erantzuteko moduan erabili behar da.
4. printzipioa
Garapen jasangarria lortzeko, ingurugiroa babestea garapeneko prozesuaren zati izango da eta ezingo da bereizita kontuan hartu.
5. printzipioa
Garapen jasangarrirako ezinbesteko baldintza gisa, estatu eta pertsona guztiek pobrezia desagertarazteko lanean elkarlana egin beharko dute, bizitza-mailen arteko desberdintasuna murrizteko eta munduko herrialde gehienen beharrei hobeto erantzuteko.
6. printzipioa
Garapen bidean dauden herrialdeen, bereziki gutxien aurreratuta daudenen eta ingurugiroaren aldetik ahulenak direnen, egoera eta behar bereziei lehentasuna eman beharko litzaieke. Ingurugiroaren eta garapenaren alorretan nazioartean hartzen diren neurrietan ere hartuko dira kontuan herrialde hauen interesak eta beharrak.
7. printzipioa
Estatuek mundu mailako elkartasun espirituarekin egin beharko dute elkarlana, Lurraren osasuna eta ekosistemaren osotasuna kontserbatzeko, babesteko eta berrezartzeko. Munduko ingurugiroaren degradazioa maila desberdinean eragin dutela kontuan hartuta, estatuek ardura komunak baina berezituak dituzte. Nazioarte mailako garapen jasangarria lortzeko bidean, garatutako herrialdeek beren ardura onartzen dute, beren gizarteak ingurugiroan egiten duen presioa nolakoa den ikusita eta eskura dituzten teknologiak eta finantza-baliabideak kontuan hartuta.
8. printzipioa
Jende guztiarentzako garapen jasangarria eta bizi-kalitate hobea lortzeko, estatuek produkzio- eta kontsumo-mota eutsiezinak murriztu eta deuseztatu egin beharko lituzkete eta politika demografiko egokiak sustatu beharko lituzkete.
9. printzipioa
Estatuek garapen jasangarria lortzeko beren gaitasuna sendotzeko elkarlana egin beharko lukete; horretarako, jakinduria zientifikoa areagotu egin beharko lukete, ezagutza zientifikoen eta teknikoen trukearen bidez. Gainera, teknologien –horien artean teknologia berrien eta berritzaileen– garapena, egokitzapena, hedapena eta transferentzia areagotu beharko lukete.
10. printzipioa
Ingurugiroko auziez aritzeko modurik egokiena hiritar interesatu guztiek dagokien mailan parte hartzea izango litzateke. Nazio mailan, pertsona guztiek izan behar dute herri-agintariek ingurugiroari buruz duten informazioa eskuratzeko aukera, baita komunitate horientzako arriskutsuak izan daitezkeen materialei eta jarduerei buruzko informazioa eskuratzeko aukera ere. Horrez gain, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko aukera ere izan behar dute. Estatuek herriaren sentsibilizazioa eta parte-hartzea erraztu eta bultzatu egin beharko lituzkete eta horretarako informazioa guztien eskura jarri beharko lukete. Prozedura judizialetara eta administratiboetara, adibidez kalteen ordainketetara eta baliabide egokietara, sarbide eragingarria ere eskaini beharko litzateke.
11. printzipioa
Estatuek ingurugiroari buruzko lege eragingarriak promulgatu beharko dituzte. Ingurugiroari buruzko araudiek, antolakuntza-helburuek eta lehentasunek aplikatzen direneko ingurugiroaren eta garapenaren egoera islatu behar dute. Herrialde baten aplikatutako araudia ezegokia izan daiteke eta beste herrialde bati, bereziki garapen bidean dauden herrialdeei, gastu sozial eta ekonomiko justifikaezinak eragin dakizkioke.
12. printzipioa
Estatuek nazioarteko ekonomia-sistema lagungarria eta irekia sustatzeko elkarlana egin beharko lukete; sistema horrek herrialde guztien hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria eragin beharko lituzke, ingurugiro degradazioko arazoei hobeto aurre egiteko. Ingurugiroko helburuak dituzten merkataritza politikoko neurriek ez lukete bazterketa arbitrarioa edo justifikaezina eragin behar eta, era berean, ez lukete nazioarteko merkataritzaren murrizketa eragin behar. Herrialde inportatzailearen jurisdikziotik kanpo gertatutako ingurugiroko arazoei erantzuteko alde bakarreko neurriak hartzea ekidin beharko litzateke. Mugaz haraindiko eta mundu mailako arazoak konpontzeko neurriak, ahal den neurrian, nazioarteko adostasunean oinarritu beharko lirateke.
13. printzipioa
Kutsaduraren eta ingurugiroko beste kalteen biktimen arduren eta kalte-ordainen inguruan estatuek legeria nazionalak garatu beharko dituzte. Estatuek, halaber, beren jurisdikzioaren barruan edo beren jurisdikziotik kanpo beren kontrolpean egindako jarduerek eragindako ingurugiroko aurkako kalteen ardurei eta kalte-ordainei buruz nazioarteko lege berriak egiteko era zabalagoan eta erabakigarriagoan egin beharko lukete elkarlana.
14. printzipioa
Estatuek eragingarritasunez egin beharko lukete elkarlana beste estatu batek ingurugiroaren degradazio larria eragiten duten edo giza osasunarentzako kaltegarriak diren jarduerak eta sustatziak berrezartzean eta transferitzean atzera eginarazteko edo hori ekiditeko.
15. printzipioa
Ingurugiroa babesteko, estatuek arretaren irizpidea beren gaitasunen arabera aplikatu beharko dute. Kalte larria edo atzeraezina eraginez gero, ziurtasun zientifikoaren falta ez da erabiliko arrazoi gisa ingurugiroaren degradazioa ekiditeko neurri ekonomikoak hartzeko garaian.
16. printzipioa
Nazio mailako agintariek ingurugiroko gastuak eta bitarteko ekonomikoen erabilera barnera daitezen sustatu beharko lukete. Horretarako, kutsatzen duenak, hasiera batean, kutsaduraren gastuei berak aurre egin behar diela esaten duen printzipioa eta interes publikoa kontuan hartu beharko lirateke, eta nazioarteko merkataritzari eta inbertsioei kalterik ez egiteko moduan egin beharko litzakete.
17. printzipioa
Ingurugiro-inpaktuaren inguruko ebaluazioak egin beharko dira, nazio mailako bitarteko gisa, seguru asko ingurugiroan inpaktu negatiboa izango duen eta nazioko agintari eskudunen erabakiekin lotuta dagoen edozein jardueraren inguruan.
18. printzipioa
Hondamendi natural batek edo larrialdi-egoera batek beste estaturen baten ingurugiroari kalte egin badiezaioke hondamendia jasan duen edo larrialdi-egoeran dagoen estatuak beste estatuari horren berri emango dio. Nazioarteko komunitateak ahal duen guztia egin beharko du kalteak jasaten dituzten estatuei laguntzeko.
19. printzipioa
Estatuek informazio egokia emango diete eta aurretik eta era egokian jakinaraziko diete mugaz haraindiko ingurugiroko aurkako efektuak sor ditzaketen jardueren eragina jasan dezaketen estatuei eta garaiz eta fede onez estatu horiei kontsulta egin beharko diete.
20. printzipioa
Emakumeek lan garrantzitsua egiten dute ingurugiroaren antolaketan eta garapenean. Horrenbestez, garapen jasangarria lortzeko ezinbestekoa da berek aintzat hartzea.
21. printzipioa
Munduko gazteen sormena, ideiak eta balioa mugiarazi egin beharko lirateke, garapen jasangarria lotzeko mundu mailan elkartasuna lortzeko eta guztiontzako etorkizun hobea segurtatzeko.
22. printzipioa
Herrialde indigenek eta beren komunitateek eta tokian tokiko beste komunitateek funtsezko lana dute ingurugiroaren antolaketan eta garapenean, beren ezagutza eta jarduera tradizionalak direla eta. Estatuek beren identitatea, kultura eta interesak behar bezala onartu eta babestu beharko lituzkete eta ahal duten guztia egin beharko lukete garapen jasangarria lortzeko lanean parte-hartzea izan dezaten.
23. printzipioa
Zapalkuntza, menderatzea eta okupazioa jasaten dituzten herrialdeen ingurugiroa eta baliabide naturalak babestu egin behar dira.
24. printzipioa
Gerra, definizioz, garapen jasangarriaren etsaia da. Ondorioz, estatuek ingurugiroa babesten dituzten nazioarteko eskubideen xedapenak errespetatu egin behar dituzte gatazka armatuen garaian eta, behar denaren arabera, ondoren garapenean lagundu egin behar dute.
25. printzipioa
Bakea, garapena eta ingurugiroaren babesa elkarrekiko menpekoak dira eta ezin dira bereizi.
26. printzipioa
Estatu guztiek ingurugiroari buruzko eztabaida guztiak era baketsuan konpondu behar dituzte, Nazio Batuen gutunean adierazten diren bideak jarraituta.
27. printzipioa
Adierazpen honetako printzipioak aplikatzeko garaian eta garapen jasangarriaren alorrean nazioarteko eskubideen ondorengo garapenean, estatuek eta pertsonek fede onez eta elkartasun espirituarekin egin beharko dute elkarlana.
|