|
Kutsaduraren jatorria
Mende honetan petrolioa industria, ibilgailu eta abarrentzako iturri energetiko nagusi bihurtu da. Ekialde Ertaineko eta Ertamerika eta Hegoamerikako zenbait herrialderen diru sarrera iturri nagusia petrolioa da. Leku horietan petrolioa atera eta petroliontzi handietan garraiatzen dute planetaren bazter guztietara.
Petrolioa ateratzen den lekuetan edo garraiatzen den bitartean, batzuetan -zoritxarrez behar baino gehiagotan- petrolio ihesak gertatzen dira: marea beltzak. Marea beltz horiek itsasoan isurtzen den petrolioaren %13 osatzen dute, eta batzuetan izugarrizko hondamen ekologikoak eragiten dituzte.
Petroliontziek izandako istripurik ezagunenetakoak bi hauexek dira: "Torrey Canyon" ontziak 1970ean Mantxako kanalean izandakoa eta "Exxon Valdez" ontziak 1989an Alaskako kostaldearen aurrean hondoa jo eta itsasora 40 milioi litro petrolio isuri zituenekoa.
Itsasora isurtzen den petrolioaren %32 itsasontzien erregai ontziak garbitzerakoan sortzen da. Garbiketa horietan petrolio kopuru txikiagoa isurtzen bada ere, kostaldeko puntu zehatzetan ingurugiro arazoak sor ditzake. Euskal Herriko porturik gehienetan badira itsasontzien olioa jasotzeko edukiontzi bereziak, olioa itsasora isur ez dadin.
Hondakin koipetsu hori beste jatorri batzuetatik ere sor daiteke: industriak, etxeak eta ostalaritzako establezimenduak. Industrietan olioa, oro har, lubrifikatzeko erabiltzen da. Etxeetan eta ostalaritzan, berriz, olioa janaria prestatzeko erabili ondoren hustubideetatik isurtzen da. Horrelako isurketarik ez gertatzeko erabilitako olioa jasotzen duten zerbitzuak daude, gero eta gehiago gainera. Olio hori birziklatu eta berriro erabiltzen da: olio minerala industrian erabiltzen da berriro, eta janaria prestatzeko olioa, berriz, kosmetikoak, xaboiak, animalientzako pentsuak eta abar egiteko erabiltzen da.
Itsasora iristen den petrolioaren %46 jatorriz lurrekoa dela uste da. Hain zuzen ere, ibaiek eta haizeak, kotxeek, makina astunek edo berogailuek sortutako petrolio hondakinak itsasoraino garraiatzen dituzte. Beste %8 petrolio plataformetatik isurtzen da edo itsasora era naturalean iristen da.
|