|
Kostaldearen aurrealdearen inguruko zonetako landaretzaren analisiak zera erakusten digu: gune horiek izugarri eraldatu direla.
Euskal Herriko itsasertzeko hainbat lekutan landaretza naturala (Atlantikoko kostaldeko baso edo sastrakadiak eta eguteran hazten den Kantauriko artadia) zegoen lekuan, orain larreak eta kanpoko zuhaitzen landaketak (azkar hazten direnak eta etekin handia ematen dutenak) dira nagusi. Landaketa horiek, besteak beste, Monterreyko pinuenak eta eukaliptoenak izaten dira.
Itsasadarren barnealdean, marearen eragina txikiagoa den lekuetan, estuarioko berezko landaretzaren ordez ibaiertzeko landaredia agertzen zaigu. Zona horien ezaugarriak direla-eta (lauak eta zabalak izan ohi dira) preziatuak izaten dira etxebizitzak edo poligono industrialak egiteko eta baita nekazaritzan erabiltzeko ere.
|