Espezie nagusia: ametza. Quercus pyrenaica
Espezie elkartuak: gorostia, elorri zuria, pagoa, otea eta txilarrak.
Txoko ekologikoa: atxikipen urriko lurretan finkatzen dira eskuarki ameztiak, hezetasun gutxiko onbrokliman (600-900 mm) hareharrizko substratuen gainean.
Kontserbazio egoera: Euskal Herrian ameztia ez da ugaria; Kantaurialdeko isurialdean, batik bat, bakanak dira, mendi silizeoetako gailur eta egutera batzuetan daudelarik. Araban dautza kontserbazio egoera bikainean basorik zabalenak Gorbeia, Elgea eta Izkiko mendietan, hareazko substratuetan.
Elkarte fitosoziologikoak: Melampyro pratensis - Querceto pyrenaicae S. eta Festuco heterophyllae-Querceto pyrenaicae S.
Deskribapena
Iberiar Penintsulan, ametza zuhaitz mediterranearra da, eta ñabardura kontinentalak ditu, mendebalde osoan hedaturik egoteak egiaztatzen duen bezala. Nolanahi ere, eremu eurosiberiarrean ordezkari bikainak ditu, betiere lehortasun handiko baldintza edafotopografikoetan: hegoaldera begira, hareadun substratuetan, etab. Bertan ugaltzen diren lore klaseak eta basoaren hurrengo endekapen etapak harizti azidofiloen tankerakoak dira eta, areago, bi espezieek elkar hibridatzea ere ohiko kontua da. Amezti ale bikainenak Araban daudelarik, Izkiko Parke Naturalekoak denetan zabalenak dira. Izaera hareatsuko lur silizeoak Euskal Herriko isurialde mediterranearrean bakanak direnez, amezti mediterranear on-onak Arreoko Lakuaren inguruneetan dagoen Añanako diapiroaren inguruetan bakar-bakarrik daude.
Aurkibidera itzuli
|