Espezie nagusia: erkametza. Quercus faginea
Espezie elkartuak: elorri zuria, elorri beltza, ihar frantsesa, ezpela eta marmaratila.
Txoko ekologikoa: erkameztiak kareharri edo margazko substratuen gaineko lur joria eta hezetasun ez handiegiko onbroklima nahi izaten du.
Kontserbazio egoera: egun erkameztiak okupatzen duen azalera txikia dela esan daiteke, iraganean zuenaren aldean: Arabako Lautadaren eta inguruetako mendi-hegien parte handi bat, zoruak kareharri edo margazko substratua duen alderdietan. Erkameztiek okupatzen zuten azalera soro eta bazkaleku gisa egokitzeko baliatu zuten, baso zirenak zuhaizti bihurtuz. Egun ez daude ongi kontserbatuak.
Elkarte fitosoziologikoak: Pulmonario longifoliae-Querceto faginea S. eta Spiraeo obovatae - Querceto faginea S.
Deskribapena
Erkameztien EAEko azalera, grosso modo, isurialdeen banalerroko mendien eta Kantabriar Mendikatearen artean dauden lur jorietan zabaltzen delarik, bi serietako arbolak daude: bata eurosiberiarra, bestea mediterranearra.
Erkamezti eurosiberiarrek beren inguru osoan duten arantzadi eta sasiak gerora kare-txilarrek ordezkatuko dituzte. Erkameztiko lurra freskoa da, ura dezente atxikitzen duena, putzuak osatzeraino iristen ez bada ere. Horrek nekazaritzan jarduteko baldintza aproposak ematen dituenez, horrelako basoen galera ondorioztatu du. Erkameztien aldaki bat isuri atlantikoan dugu, Aiarako haranean. Bertan erkametza eta genero bereko beste hainbat espezie sarri hibridatzen direlarik, ondoriozko basoak trinkoak dira liana eta gainerako landare igokariak ugari-ugari egokitzen direlako. Erkamezti mediterranearrak askozaz ere soilagoak izaten dira. Horietan, uda parteko lehorteak biri-belar, heleboro eta beste hainbat landareren hedapena mugatzen du; gaiuba, ipurua edota ote zuria, ordea, ugari-ugariak dira ordezkapen etapetan. Erkamezti horietako gehienak gaztaroan daude, bai aresti arte bestelako erabilerek okupatutako lurretan etorri direlako, bai behin eta berriz suaren eraginak nozitu dituztelako.
Aurkibidera itzuli
|