Baliabide-galera handia eragiten dute hondakinek, bai materialei bai energiari dagokienez. Hondakin gehiegi sortzeak produkzio-prozesuen eraginkortasun-eza, produktuen iraupen eskasa eta kontsumo-ohitura jasangaitzak adierazten ditu. Gizarteak lehengaiak zenbateko eraginkortasunez erabiltzen dituen erakusten du, hortaz, sortzen den hondakin-kopuruak.
Industria eta etxeetako jarduerek sortzen dituzten hondakinez gain, poluitutako inguruneak garbitzeko lanek ere sortzen dituzte beste batzuk: hondakin-urak tratatzeko lohietakoak, poluitutako lurzoruetakoak... Bestalde, sortzen den hondakin-kopurua hain handia denez, garraiatzen diren merkantzien portzentaje handia da jada hondakinena.
Hondakinetan egoten diren zenbait substantzia arriskutsuk, berriz, kantitate txikitan egonik ere kalte handiak egin ditzakete bai giza osasunean bai ingurumenean.
Europako Batasunak hondakinak kudeatzeko eratutako printzipio-hierarkiak honako honi ematen dio lehentasun nagusia: hondakin gutxiago sortzeari. Horren atzetik datoz hondakin-materialen berrerabilpena eta birziklaketa, energia berreskuratzea eta, azkenik, hondakinen ezabaketa.
|