Milaka urtetan zehar, naturak bizitza mota mugagabeak sortu ditu bilakaeraren legeei jarraiki: mitxoletak gari zelaietan, zuhaitz erraldoiak oihan tropikaletan, tximeletak hiri parkeetan, gorilak afrikar mendietan, bakteriak Islandiako iturri beroetan, putreak harkaitzetan, bisoi europearra euskal ibaietan, gizakiak mundu guztian zehar....Bizitza mota ezberdinen aberastasunari, ekosistemei eta beren hartu-emanei aniztasun biologiko edo biodibertsitate deritzogu.
Beste era batera esanda, biodibertsitatea antolaketa maila guztietan aurkezten den bizitzaren funtsezko ezaugarri bat da; zeluletatik hasita, komunitate edo paisaia ezberdinetaraino.
- Aniztasun genetikoa espezie bakoitzaren baitan.
- Espezie aniztasuna.
- Ekosistema aniztasuna.
Gizakiaren biziraupena eta ongizatea ahalik eta bizitza modu gehien ezagutu eta babestean datza. Gaixotasunentzat sendagaiak, izurriteentzat kontrol-sistemak, laborantzarako hobekuntzak, elikagai berriak edo hainbat material industrial berri ezezagunak zaizkigu oraindik.
Baina biodibertsitateak hainbat mehatxu ditu ere:
- Nekazaritza ekoizpenaren areagotzea.
- Oihaneztatze monoespezifikoa.
- Lurzoru urbanizatuaren eta garraio azpiegituren etengabeko areagotzea.
- Klima aldaketa.
- Kutsadura.
- Espezie exotikoen sarrera.
- Habitaten zatiketa.
- Baliabideen gehiegizko ustiapena.
- Deforestazioa.
Planetaren aniztasun biologikoa
Munduan bizirik dauden 1.75 milioi espezie ezagutzen ditugun arren, oraindik %10 besterik ez dela identifikatu uste da. Espezie horietatik, 250.000 landareak dira eta 43.000 inguru animali ornodunak; besteak, izaki bizidun txiki edo oso txikiak dira, ornogabeak bezala.
Planetako pertsona guztiek naturarekiko eta ekosistemen zerbitzuekiko menpekotasuna dugu bizitza duin, osasuntsu eta segurua izateko. Baina azkeneko hamarkadetan, gizakiek beren elikagai, ur, materia eta energia beharrak asetzeko, ekosistemetan aldaketa izugarriak eragin dituzte. Honen ondorioz, aniztasun biologikoa historiaren beste edozein garaietan baino gehiago gutxitu da.
Zenbait aurrerapenek, milaka pertsonen bizitza hobetu dute, baina aldi berean, naturak bere zerbitzuak eskaintzeko duen gaitasuna murriztu dute. Baso, mangladi eta hezeguneen desagerpenagatik, esate baterako, aire eta uraren garbiketa, sendagaien hornidura eta klimaren hondamen-ondorioen babestea ahuldu egin da.
Egun, 15.000 baino espezie gehiago daude desagertze mehatxupean: 1.101 ugaztun, 1.213 txori, 293 narrasti, 1.959 ornogabe, 8.321 landare eta 2 liken. Horrez gain, mende honetan hegaztien %12, ugaztunen %25 eta anfibioen %32 galtzeko zorian daudela uste da.
Europako eskualde gutxitan ematen da gure lurrean ematen den paisaia eta ekosistema aniztasuna, bere tamaina txikia kontuan izanik. Hiru mendikatek eskualde oso desberdinak zatitzen dituzte; iparraldean, paisaia berde eta erliebe malkartsuko itsasertzeko zona edo kantauriar eskualdea dugu. Hegoaldean, mediterranear eta submediterranear eskualdeak, non lehorteak nabarmenak izan ohi diren eta kolore berdeak, hori eta arreekin tartekatzen diren.
EAEk, biodibertsitatea babesteko Europar Estrategiari jarraituz, Erkidegoko lurraldearen %10 Natura 2000 sarean babestea aurrikusten du. Jada, Erkidegoko lurraldearen %20 suposatzen duten izaera ezberdinetako 57 naturgune sartu ditu.
EAEn, 3.063 landare eta 399 ornodun ezagutzen dira. Horietatik, 297 espezie desargertzeko mehatxupean daude (152 landare eta 145 animalia), horietatik 20 galzorian.
Monotonoa, anitza, gertukoa
Bai Euskadin eta bai planetako beste lekuetan ematen diren monolaborantza hedadura handiek, biodibertsitateari galera handiak sortzen dizkio. Hau hemen islatzen da:
- Animalia eta landareen espezieen gutxitzean.
- Espezieen nagusitasunean aldaketak.
- Izurriteen areagotzea eta espezie exotikoen sarrera.
- Ongarri eta pestiziden ondorioz, lurzoruaren kutsadura.
- Habitat eta paisaien gutxitzea.
Aitzitik, lurraren erabilera dibertsifikatuak, ekosistema egonkor, iraunkor eta aberastasun biologiko handiagoarekin sortzen du.
Baina ez gaude basa-espezieen babesari buruz ari bakarrik, bertako animalia eta hazien babesak eta tokiko produktuen kontsumoak ere etxeko biodibertsitatea indartzen, eta honekin batera, elikagaien segurtasuna lortzen laguntzen du.
Ezinbestekoa da ere, urrunetik datorrena garraiatuta izan behar duela ikustea (Kaliforniako intxaurrak, Holandako tomateak, Marokoko laranjak, Namibiako legatza, Japoniako txirlak...). Zoritxarrez, produktu hauen prezioek ez dituzte gastuak behar bezala islatzen: garraioak eraginiko ingurumen kostua (energia gastua, airearen kutsadura, berotegi-efektuaren areagotzea....) ez eta produkzio-intentsiboaren ondorio diren ingurumen eta kostu sozialak (soldata txikiak, haurren lana, kutsadura....)
Horregatik, hobe da tokiko produktuak kontsumitzea, modu honetan, kutsadura, baliabideen aurreztea, lurzoruaren babesa eta biodibertsitatearen indartzea lortzen baita.