Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. On line Dokumentuak
 
ihitza19




nuestra portada

BIODIBERTSITATEAREN ERAKUSLEIHO
 

Gernikako Institutuak, San Fidel Ikastolak eta Arteagako Montorre Herri Ikastetxeak 2004-2005 ikasturtean hasi ziren Eskolako Agenda 21a ezartzen. Ikastetxeetako parte diren eragile guztiei iristeko formula egokienaren bila, biodibertsitateari buruzko erakusketa antolatzea erabaki zuten.

Gernikako Institutua

Gernikako Institutuan, San Fidel Ikastolarekin eta Arteagako Montorre Herri ikastetxearekin batera, bioaniztasuna modu zabalean landuko zuen erakusketa bat prestatzea otu zitzaien. Paisaiak, ekosistemak, gene barietateak eta kultur aniztasuna landuko zituen erakusketa, besteak beste.

<< Gene aniztasuna lantzeko Euskal Herriko Hazien Sarearekin jarri ziren harremanetan >>

Ez da harritzekoa Urdaibaiko bihotzean dagoen Institutu honek bioaniztasuna gai nagusitzat hautatu izana, aurretik eginda zegoen lanari probetxua atera eta gertu duten errealitatea hobe ezagutzeko aukera eman baitie.

Erakusketa atal ezberdinetan banatu zuten. Horietako bat, Euskal Herriko paisai ezberdinak erakusten zituen argazkietan: mendiak, lautadak, Errege Bardeak, tontor elurtuak, kostaldeak, ibaiak... gure herrian bertan aurki dezakegun paisai aniztasuna islatzen zuen erakusketak. Argazkiak biltzen zituen panelaren azpian ikasleek beren bizilekuaren inguruko paisaia marrazteko edo argazkiz ilustratzeko hutsune zuri bat utzi zuten.

Bestalde, Urdaibaiko ekosistema adierazgarrienak azaltzeko panel batzuk eskegi ziren institutuan eta ekosistema horiek non aurki zitezkeen adierazi ere. Panel hauek ikastetxean kokatu ondoren, esparru hori erakusketak egiteko leku finko bezala uztea adostu zuten.

Gene aniztasuna lantzeko, Euskal Herriko Hazien Sarearekin jarri ziren harremanetan eta hauen laguntzarekin indaba barietate ezberdinak jasotzen zituen erakusketa osatu zuten. Erakusketa honetan irakasle ugarik hartu zuen parte, batzuk erakusketa stand-a apaintzen lagunduz, eta beste batzuk oihalezko otzarak eginez, indaba ezberdinak sartu ahal izateko. Gainera, institutuan ikasten zuten baserri ingurukoei, etxeko haziak ekartzeko gonbitea luzatu zitzaien. Honekin guztiarekin eta Euskal Herriko Hazien Sarekoek utzi zizkieten panelekin, erakusketa polit eta erakargarria eraikitzea lortu zuten.

Azkenik, eta ingurumena eta natur zientzien arteko identifikatze hori saihesteko, bioaniztasun kulturala ere landu zuten. Munduko herri ezberdinetako kulturak, hizkuntzak, musikak, bizimoduak eta abar jorratuz.

Eskolako Agenda 21

Erakusketa honi esker, Eskolako Agenda 21 prozesuarentzat hain funtsezkoa den txertaketa kurrikularra gauzatu ahal izan zuten. Zenbait irakaslek biodibertsitatearen gaia beren klaseetan integratzea posible zela ikusi zuen. Esate baterako, marrazkiko irakasleak, batxilergoko talde batekin paisaia baten marrazki erraldoi bat egin zuen. Musika klasean ere, bioaniztasun kulturalaren erakusketa girotzeko, munduko herrietako musikak CD ezberdinetan grabatu zituzten. Erakusketa ikusten zen heinean, atal bakoitzaren alboan musika-aparatu bat zegoen jatorri ezberdineko doinuekin girotu nahi zuenarentzat. Etikako klasean urte guztian zehar Urdaibai izan zuten ardatz nagusi, ikuspuntu anitzetatik landu zutelarik. DBHko talde batek ere Euskal Herriko Hazien Sareko ordezkariaren tailer bat jaso zuen.

indaba barietate ezberdinen erakusketa

Bioaniztasunaren erakusketak arrakasta itzela izan zuen, bai institutu barruko zein kanpoko makina bat pertsona pasa baitzen erakusketa ikustera. Institutuan, mintegi buru erakusketak bidea ireki die etorkizunean lan egiteko, urte guztian zehar erakusketan parte hartu zuten ikasle eta irakasleekin Ingurumen Batzordea eratzeko parada eman baitie.

Aurten, Ingurumen Batzorde honek indarberriturik ekin dio ikasturteari eta aurrekoan hasitako hainbat ekintza amaitzea eta beste berri batzuk martxan jartzea du buruan. Epe laburrera, joan den urtean kalkulatutako Aztarna Ekologikoari jarraipena ematea erabaki dute. Orduan, ikastetxeko eta irakasleen aztarna kalkulatu bazuten, aurten gelaz-gela ikasleen aztarna kalkulatzea gustatuko litzaieke. Kontsumo gaiak ere landu nahi dituzte eta bioaniztasunaren egitasmoarekin jarraitzearren, Bioaniztasunaren Astea antolatzea gustatuko litzaieke, ekintza guztiak aste berean biltzeko helburuarekin. Beste ikastetxeekin batera lan egiteko orduan, hiru dira finkatu dituzten ildoak: Aztarna Ekologikoa, kultur aniztasuna eta berdeguneak

<< Erakusketa honi esker Eskolako Agenda 21 prozesuarentzat hain funtsezkoa den txertaketa kurrikularra gauzatu ahal izan zuten >>

Baina ekintza jakin hauetaz gain, Gernikako Institutuan garbi dutena zera da: Eskolako Agenda 21aren erronkarik handiena institutuko eragile guztiek prozesu honen helburuak bereganatzea, hauekin identifikatzea eta egitasmoan inplikatzea; eta horretarako pausoka-pausoka jarraituko dute lanean ikasturte honetan.




Kultur aniztasuna, aberastasun iturri

Kultur Aniztasun panela

Gernikako Institutuan, Euskadiko beste hainbat institutuetan bezala, etorkinen kopurua asko igo da denbora laburrean. Gernikako eskola honetan, gaur egun Hegoamerika, Maroko, Errumania, Boli Kosta, Hego Korea eta beste hainbat jatorritako ikasleak daude. Hau arazo bat izan ezik, aberastasun iturri ere badela ulertarazteko, biodibertsitatearen erakusketaren baitan, kultura aniztasunari atal berezi bat gorde zioten. Institutuko etorkinei gonbitea luzatu zitzaien beraien herriko argazki esanguratsu bat aukeratu eta honekin batera beren ama-hizkuntzan idatzi bat egiteko. Batzuk institutuko “bitxiak” balira bezala aurkeztearen beldur ziren arren, beste askok ondo hartu zuten gonbitea eta gustura parte hartu zuten ekintza honetan. Esate baterako, Boli Kostako Anitak, bere txikitako eskolako argazkia eraman zuen eta bere jatorriko herriaren bizimodua zein ezberdina den ikusi ahal izan zuten.

 



BESTE ESPERIENTZIA INTERESGARRI BATZUK

Laudioko La Milagrosakoen igandeko plana

 
 

Laudioko La Milagrosa ikastetxeko gazteak ez dira, antza, nahikoa asetzen astelehenetik ostiralera bitartean ikasitakoarekin. Irakasle talde baten eskutik, zenbait asteburutan irtenaldiak antolatu izan dituzte inguruko mendi eta naturguneetara. Pasa den ikasturtean zehar Ganekogorta, Santa Marina, Orduñako Ama Birjina, Pagasarri eta Amurriotik gertu dagoen Babio menditxora antolatu zituzten txangoak. Igande goizeko plan hauetan ikasle mordoak hartzen du parte, batez-beste hogeita hamar lagunek.

Laudioko La Milagrosako ikasle taldea

Ekimenaren arduradun den Asier Berazaren hitzetan, ekimen honen helburua anitza da: “lehenik eta behin haur eta gazte hauek naturara gerturatzea; modu honetan natura ezagutu eta errespetatzen ikasi dezaten bilatzen dugu.” Horretarako, bisitatzen dituzten lekuetan inongo hondakinik ez uzten irakasten diete. Eta ez hori bakarrik, bidean topatzen dituzten zakarrak biltzen baitituzte ere. Gainera, txangoa aprobetxatuz, natur zientzietako irakasleak azalpenak eman eta gazteen zalantzak argitzen ditu. Eta Berazak azpimarratzen duen bezala, euskal giroan harremanak lantzea ere bada irteera hauen xedea.

Aurten, gainera, Laudioko Goikogane mendi-taldearekin elkartu dira irteeera hauek antolatzeko. Honezkero Gasteizko Eskibel medira eta Okina eta Puroneko haitzartetara irteerak antolatu dituzte eta, aurrera begira, beste bi edo hiru ibilaldi hitzartu dituzte jada.



BESTE ESPERIENTZIA INTERESGARRI BATZUK

Biodibertsitatea, adingabekoentzat ere bai

 
 

Biodibertsitateak dituen adierazpen anitzetara gerturatzeko eta hauek aztertzeko gutxieneko adin bat beharrezkoa den ustearen kontra, hona hemen Aulestiko Urregarai Ikastetxe Publikoan haur hezkuntzakoekin garatu duten ekimena.

Urregarai ikastetxeko ikasleak irakurtzen

Guztia loreen gaineko aipamen inozo batetik abiatu zen, udaberria zela-eta “lore asko” zeudela zioen haur baten zurrumurrutik. Haritik tiraka hasi eta mintzaldia lore bilketa egiteko irteera antolatu batean amaitu zen. Helburua, hurrengo asteetan loreak ardatz izango zituzten ariketa ezberdinak osatzea.

Bilketaren aurretik ipuin eta antzerki txiki baten bidez, loreen gaira gerturaketa egin ondoren, denek desiratutako eguna iritsi zen, irteerarena. Bilketa oparoa izan zen, izan ere, bederatzi espezie ezberdinetako loreak jaso baitzituzten. Bildutako loreak prentsatu eta lehortzen jarri aurretik euren arteko ezberdintasunak aztertu eta klasifikatu zituzten ikastetxeko liburu batzuen laguntzaz. Honakoa izan zen, irakasle arduradunen hitzetan, lanik zailena.

«Ekimen honen arrakasta ikasleek euren ikas-prozesuaren protagonista izan direlako lortu da»

Informazioaren bilketa eta horma-irudi handi batean islatzearen lana haurren argibideei jarraiki egin zen. Irakasleen ustez, ekimen honen arrakasta, neurri handi batean, ikasleek euren irakas- prosezuaren protagonista izan direlako lortu da.

Azkenik, informazio bilketa guztia ordenagailuetan sartzeko orduan, irakasleak hirugarren zikloko haurrei laguntza eskatu zien. Hauek, “irakurle aitabitxi” moduko esperientzian parte- hartu ohi dute txikienekin. Hauen bidez, irakurketa bultzatzeko, ipuin eta antzeko lanak irakurtzen dizkiete hiru urtekoei. Loreen inguruko informazioa ordenadoreetan sartzea, antzeko lana izan zen. Baina irakurketara zuzendua egon beharrean, idazketa zuen oinarri.

Emaitza ezin-hobea izan zen: haurren inplikazio maila hain izan zen handia, bildutako informazio guztiarekin musikaz –nola ez, Vivaldiren “Lau Urtaroak”— lagundutako proiekzio bat antolatu zutela Ikastetxe Egunaren jaialdian.

Azken eguneratzea: 2006/07/31