Oso normala izaten da zenbait animaliak sufritzen duen eraso eta minaren aurrean kontrako jarrera erakustea. Bereziki, urrutikoak edota estetikoki edo kulturalki “erakargarriak” badira –elefanteak edota orangutanak, kasu–. Baina inguruan ditugun eta ohikoagoak zaizkigun beste animalia espezie askok bizi dituzten egoera lazgarriak eta erasoak oharkabean pasatzen dira sarri.

Halako gehiegikeriak salatzen dituzten taldeen artean, bada EAEn kokatzen denik, ATEA kasu. Hamar urte baino gehiagoz lanean diharduen erakunde honek sentsibilizazio lanera gidatu ditu bere ahaleginak azken urteetan. Bereziki gugandik oso gertu gertatzen diren eta askotan hain agerikoak ez diren animalien kontrako bortizkeriak salatzea, alegia. Ikusgarri diren zezenketen edota larru berokien kontrako kanpainez gain, mahai askotara iritsi arte oilasko, txekor eta bestelako animaliek jasan behar izaten duten tratu eta prozesu ankerraren kontrako kanpainak egin ohi dituzte ere, adibidez. Izan ere, talde honen arauetako bat da animalia guztiek edozein pertsona bezainbat sufritzen dutela. Ondorioz, pertsonenganako eskatzen den tratu duin berbera munduko beste animalia espezie guztiei ematea eskatzen du talde honek.
ATEAk EAEko hiru lurraldeetan ordezkaritzak ditu, eta lekuaren araberako talde-dinamika ezberdina jarraitu ohi du, beharren edo esku-artean duten proiektuaren arabera. Bide luzea egin duen elkartea denez, denbora honetan bildutako esperientzia eta dokumentazioa ere oparoa da. Talde honen asmo eta ideiekin bat bazatoz eta bere ekintzetan parte-hartu nahi izanez gero, sartu www.ateaweb.com webgunean edota deitu ondoko telefonoetara:
Araban: 651 70 77 62
Gipuzkoan: 676 05 13 75
Bizkaian: 677 91 62 06