1/2006 LEGEA, ekainaren 23koa, Urarena
Legeak lehenengo artikuluan dioen bezala, hurrengo hauek ditu helburu:
a. Funtsezko ingurumeneko helburuak, uraren eta bere inguruko erabilera eta zainketa-araudia, arau-hausteak eta zigorrak zehaztea.
b. Uraren arloko indarreko legeak ezartzen dituen jardueren kudeaketaren arduraduna Uraren Euskal Agentzia izaera pribatuko erakundea sortzea.
c. Uraren eta ur-lanen arloko plangintza eta zerga-sistemak ezartzea.
d. Ur-arazketa, saneamendu eta ur-hornikuntzarako araudi orokorra zehaztea.
Hitz batean, lege honen helburua EAEn politika europarra betearazteko beharrezko diren baliabideak xedatzea da. Izan ere, parte hartzen duten erakunde desberdinek esparru arau-emaile egokiaz zuzkitzeko.
Legeak zio-agerpen eta bederatzi kapitulu ditu 63 artikulutan banandurik. Hortaz gain, sei xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor eta bi azken xedapen ditu legeak.
Uraren Euskal Agentzia
Lege honen inguruan sortuko den Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailera atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa izatea du helburu. Agentzia honen barruan 1994tik, transferentzia egin zenetik, hain zuzen, egungo Uren Zuzendaritzak honen inguruko ekintzak burutzen zituen EAEn gai honi buruzko lege-egitura eza baitzegoen.
Honela, Uraren Euskal Agentziak hemendik aurrera uraren administrazioan eta kudeaketan foru-administrazioaren eta administrazio autonomikoaren eskumenak erakunde horretan koordinatzea eta bateratzea izango ditu jardunbideen artean. Lege honek, honela, Lurralde Historikoen Legea aldaraziko du, arbitraje batzordeak dioenari jarraituz, hots; zuzeneko aldaketak, berariazkoak eta funtsezkoak bakarrik eginez.
Izan ere, Agentzia honek, lege honi esker, tresna berriak izango ditu. Horien artean hurrengo hauek izango dira;batetik, uraren zerga ekologikoaren gainean egituratutako ekonomia – eta finantza-erregimena, eta bestetik, Estatuaren Arautegi Orokorraren bidez gaur egungoak baino arau eraginkorragoak ezarriko dituen diziplina hidrauliko, emakida eta baimen erregimena.
Agentzia hurrengo organoekin egituratzen da: Administrazio-kontseilua, Zuzendaritza-batzordea, Uraren Batzordea eta Zuzendaritza.
Esparru-zuzentarauaren ezartzearen ondorioak
Esparru-zuzentarau honen derrigorrezko ezarpenak izugarrizko aldaketak dakartza plangintza-hidrologikorako jarraitzen diren irizpideetan; horien artean, “arro hidrologikoa” aintzat hartzea kudeaketa planifikatzeko subjektu gisa, orain arte desberdintzen ziren ibaiaren eta itsasertzaren ordez.
Hortaz gain, administrazio eskudun guztiek uraren prezioan gastu guztiak ingurumenkoa barne, sartzea dakar. Uraren kontsumo mota guztiak kuantifikaturik egon behar du- kontadorearen edota beste edozein sistemaren bidez- eta uraren fakturak erantsi beharko ditu hurrengo datuak; ur-zerbitzuak dakartzan gastu guztiak, ur-hornidurarako sareen eta ur-azpiegituren ustiapena, mantentze-lanak eta inbertsioek dakartzaten kostuak eta azkenik, europar-zuzentarauak sortzen duen kontzeptu berria, ingurumen-kostua deritzona. Uraren kontsumo guztiak kuantifikatu beharra berria da. Hortaz, kontsumitzaile guztiek kontadore bat – edo beste kuantifikazio-sistema bat- jarri beharko dute lege berri hau indarrean sartzen den momentutik urtebeteko epe batean. Berritasun honek ura ibaitik edota iturritik zuzenean hartzen zuten lantegiek eta nekazariek orain arte izan dituzten emakiden titularrak zirenek kaltetzen ditu.
Gaur egun, ur-hornitzaile guztiek –partzuergoak eta mankomunitateak- ez dizkiote erabiltzaileari atxikitzen ur-hornidurak sortzen dituen kostu gehienak. Hortaz, herri edota eskualdearen arabera, uraren prezioa desberdina da. Lege honen onarpenaren ondoren kideko kontzeptuak ezarriko direnez gero, tarifa guztiak homogeneizatuz joango dira. Beraz, ziur aski gertatuko den tarifa igoerak, orain arte ez baitziren kostu guztiak jasotzen, lagunduko die udalei eta toki administrazioei kalitate irizpide hobeekin aurre egiten ur-hornikuntza eta saneamenduko sare guztien mantentze lanei. Zuzentarauaren – eta euskal legearen- filosofiak dio ura baliabide mugatua dela eta ur-erabiltzaileek kostu guztiak ordaindu behar dituztela.
Hortaz gain, azpiegitura-kostuez gainera kontzeptu berri bat agertzen da zerga ekologikoa deritzona, uraren erauzketak ingurumenari dakarzkion ingurumen-kostuak konpentsatzeko. Izan ere, industria erabilerarako eta etxeko kontsumorako uraren desbideratzeak ingurumen-inpaktuak dakartza; horien artean, lur-zoruaren gazitasuna, ur-emariaren kutsadura eta kontsumoa dela-eta ibaien narriapena. Zerga ekologiko berri honen helburua -0.006 euro metro kubikogatik- ondorio horien guztien inguru-berreskurapen lanak diruz laguntzekoa da. Zerga hau, Espainian eta EAEn berria izan arren, orain dela urte batzuk Europako hainbat herrialdetan aplikaturik dute eta zuzentaraua behin indarrean sarturik (2010 baino lehen) Europar Erkidego guztientzat nahitaezkoa izango da.
|