Lurzoruaren higaduraren definizioa ondorengo hau izan daiteke: faktore batzuek eraginda, lur azalak dituen osagaien galera, bat-batekoa edo etengabekoa.
Natur eragile nagusiak euria eta haizea dira, higadura hidrikoaz eta eolikoaz ari gara kasu horietan. Lurrazaletik dabilela, urak higadura sor dezake, laminarra zein errekastoetakoa deritzona; lurraren barrualdeko ebakiduretatik dabilela, ura bildu egiten da eta lubaki edo sakanetako higadura eragiten du; ibaietatik dabilela, ordea, arroetako higadura sortzen du. Higadura bat-batekoa bada lurzoruaren profilean ura geratzen delako, eta higadurak eragindakoa handia bada, lurra dena batera mugitzen dela esango dugu.
Euskal Autonomia Erkidegoko higaduraren mapak urak eragindako higadura laminarra ebaluatzen du. Higadura horren eragilea euri-ura da, eta lurzoruko partikulak astiro-astiro desagerrarazten ditu, baina eragina epe laburrean ez da agerikoa izango.
Euri-ura hegaletatik dabilela, ur-jarioa sortzen da. Ur-emari horrek partikulak arrastaka daramatza eta poliki-poliki desagerrarazten ditu. Ur-jarioa puntu zehatz batean biltzen denean eta hortik aurrera ubide naturaletik doanean, higadura ez da laminarra izango.

Higadura laminarra iragartzea eta zenbatekoa den jakitea oso inportantea da, horretaz ez baikara ohartzen higadura larria den arte. Lurzoruan eragina nabarmena denean, higadura handiagoa izan da eta horrek eragingo ditu gerora lubaki edo sakanak. Higadura laminarra iragartzeak prebentzio arloko politikak ezartzeko aukera ematen du. Hala, lurzoru baliabidea ez da galduko degradazioaren aztarnak agerikoak ez direnean.
|