Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Lurzorua
 

WAI-A

Lurzoruaren azidotzea


ZERGATIAK

Azidotzea lurzoruan H+ ioien kontzentrazioa handitzen denean gertatzen da. Arrazoi ugarirengatik gertatzen da, bai arrazoi naturalengatik (euri-urak katioiak garbitzean, lurzoruaren materia organikoaren deskonposizio mikrobiarra gertatzen denean), bai nekazaritzako jardueren (ongarri azidotzaileak) edo kanpoko poluzioaren ondorioz (euri azidoa).

Oro har, lurzoruaren azidotzea bultzatzen duten lau prozesu aipa daitezke:

  • Prozesu naturalak, adibidez, azido organiko eta karbonikoen disoziazioa euri-uraren ondorioz baseak lixibiatzearekin batera

  • Ongarri nitrogenatuak oker erabiltzea

  • Basoak koniferen bidez berritzea

  • Poluitzaileak atmosferara igorteza, nagusiki energia sortzeko, industriako eta garraioko prozesuen ondorioz

Azken faktore hori da Europa osoan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan baso-eremu handietan lurzoruak azidotzearen arrazoi nagusia. Hiru poluitzaile –sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NOx) eta amoniakoa (NH3)- jotzen dira errudun nagusitzat. Gas horiek hainbat iturritatik igortzen dira, eta atmosferan zehar garraiatzen dira milaka kilometrotan. Lurzoruan kokatzen direnean, haien azidotasuna areagotu egiten da. Lurzoru gehienek azidotasun-maila jakin bat onartzen dute, eta maila hori aldatu egiten da inguruaren arabera. Karga kritikoa gainditu denean, prozesu naturalak eten egiten dira eta horrek sarri ondorio oso larriak izaten ditu, askotan basoak deuseztatu egiten baitira.
 

ERAGINA

Azidotzeak ingurugiroan sorrarazten duen eragin garrantzitsuena lurzoruko konposatu azidoak azaleko nahiz lurpeko uretara lixibiatzea da. Azidotutako lurzoruetatik drainatzen den urak aluminio-kontzentrazio handiak izaten ditu (Van Bremen eta Verstraten, 1991). Elementu horrek eragin kaltegarri ugari izaten ditu azaleko uretan (uretako bizitza narriatu egiten du), bai eta lurpeko uretan ere (akuiferoak poluitu egiten ditu). Beste eragin esanguratsu bat lurzoruen ahalmen iragazle indargetzailea murriztu egiten duela da; ondorioz, azaleko eta lurpeko urak kanpoko eragile kaltegarrien menpe geratzen dira.

Nekazaritzako lurzoruetan emankortasuna murriztu egiten du, materia organikoa degradatu egiten duten fenomenoak gertatzen baitira, eta mantenugaiak galdu egiten dira. Nekazaritzakoak ez diren lurzoruetan, azidotzearen ondorioz landareek bizitasuna galdu egiten dute; hori dela eta, orriak galdu eta hondatu egiten zaizkie, eta azkenik landare-espezieak hil egiten dira. Azkenik, landare-espezieen dibertsitatea galdu egiten da eta lurzoruko organismoetan aldaketak gertatzen dira, espezie azidofiloak ugaltzea errazten baita.
  
LARRITASUNA

Azidotzea eragiten duten atmosferako poluitzaileak murrizteko urrats ugari egin diren arren, azidotzea oraindik ingurugiroko arazo larria da Europako Batasuneko lurzoru-eremu handietan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, eskuartean ditugun datuak euri azidoen eraginari buruz egindako azterketa batekoak dira; datu horiek Depósito contaminante en la Comunidad Autónoma del País Vasco y sus posibles efectos sobre el Pinus radiata D.Don. izeneko argitalpenean jasota daude. (Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia)

 


 

Azken eguneratzea: 2006/02/08