Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Lurzorua
 

WAI-A

Lurzoruaren trinkotzea


ZERGATIAK

Nekazaritzako makina astunek sorturiko eragin errepikakor eta metagarriaren ondorioz eta gehiegizko artzaintzaren ondorioz sortzen da, lurzoruak hezetasun handia duenean. Ez da nekazaritzako lurzoruetan bakarrik gertatzen, eraikinak eta jende asko ibiltzen den aisialdiko eremuak dauden lekuetan ere gerta daiteke.

Bi trinkotze-mota nagusi daude: sakonera txikian gertatzen dena, edo sakonera handiagoan gertatzen dena, zorupean. Lehena lurra ereiteko prestatzeko faseetan gertatzen da gehienbat, ongarriak eta pestizidak erabiltzen baitira. Zorupeko trinkotzea uztan zehar erabilitako makina astunek eragiten dute, bai eta ardatz astunak dituzten ahalmen handiko tankeen bidez animalia-jatorriko hondakin organikoak barreiatzeak ere. Lurzorua trinkotzea nekazaritzako produktibitatearentzat arriskurik handiena izan daiteke.

Klima idor eta erdi-idorrek berezko duten haizeak eragindako higadura ia beti lurzoruaren landare-estalkia murriztearen ondorioa izaten da, bai gehiegizko artzaintzagatik, bai landaredia etxeko nahiz nekazaritzako erabileratarako deuseztatu delako.

ERAGINA

Trinkotzeak lurzoruaren jarduera biokimiko eta mikrobiologikoa aldatu egiten ditu. Sortzen den eragin fisiko handiena porositatea murriztea da, horren ondorioz landareen sustraiek aire eta ur gutxiago eskuratzen baitituzte. Era berean, sustraiek zailtasun handiagoa dute lurzoruan sartzeko eta ez dituzte behar adina mantenugai eskuratzen. Ondorioz, jarduera biologikoa nabarmen mugatzen da. Trinkotzearen beste eragin bat isurketaren areagotzea da, euri-ura iragazteko ahalmena murriztu egiten baitu. Horregatik, urak higadura eragiteko arriskua handitu egiten da, lurzoruak azaleko geruzak galdu egiten ditu eta, ondorioz, mantenugaiak ere galdu egiten dira.

Fenomeno horren ondorioz uzten produktibitatea galtzeari buruzko gutxi gorabeherako kalkuluak egin dira, eta lurzoruaren azala trinkotzearen kasuan % 13ra iristen da; zorupeko trinkotzeak, aldiz, % 5 eta % 35 bitarteko galerak eragin ditzake.

LARRITASUNA

Batez ere produktibitate handiko lurzoruei eta asko mekanizatutako nekazaritzako lurzoruei edo ganadu-dentsitate handiko zelai hezeei eragiten die. Giza jarduerak eragindako lurzoruen degradazioaren mundu-maparen arabera (Oldeman et al. 1991), 33 milioi hektarea inguruk, hau da, Europako azaleraren % 4ak, trinkotzea jasateko arriskua du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako lurzoruetako trinkotzeak garrantzi berezia du Araban, han nekazaritza intentsiboagoa baita. Geroz eta makina astunagoak erabiltzen direnez, arazo hori etorkizunean larriagotu egingo da. Euskal Autonomia Erkidego osoan beste arazo garrantzitsu bat ere badago: bizitegiak edo industriak eraikitzeko azalera zigilatzeak eragiten duen lurzoruaren trinkotzea. Zenbait inguruetako dentsitate geografiko handiak zigilatutako lurzoru-portzentaje handiak eragiten ditu; horietan, lurzoruaren baldintza naturalak erabat narriatu dira. Zorupearen trinkotzeari dagokionez, berariazko neurketa-aparatu gabe hautematea zaila denez, degradazio-mota honek erasandako eremua gutxietsi egin ohi da.

NEURRIAK

Lurzoruaren azala trinkotzea erraz konpontzen da lurzorua era egokian lanberritzen bada eta, urte pare baten buruan desagertu ere egin daiteke, prozesu biologikoei euren bidea egiten uzten bazaie. Zorupearen trinkotzea, hala ere, iraunkorragoa da eta ezin da erraz konpondu, egungo teknikek ez baitute epe luzerako irtenbiderik eskaintzen.

Aplikatu beharreko neurri onena prebentzioa da. Nekazaritzako lurzoruetan trinkotzea batez ere makina astunek eragiten dutenez, makina horien ardatz- eta gurpil-kopurua areagotuz, pneumatikoen zabalera handituz eta haien presioa murriztuz eragotzi daiteke (Hakanson eta Petelkau, 1994). Ibilgailu txikiagoak eta arinagoak erabiltzea ez da onuragarria, sarriago pasa behar baitira, eta horrek lortu nahi denaren aurkako emaitza izan dezake. Aplikatu beharreko beste prebentzio-neurri bat nekazaritzako lanak planifikatzea da, adibidez, hezetasun handia dagoenean makina astunak ez erabiltzea.

Eraikuntzak direla eta azalera zigilatzeak dakarren arazoari dagokionez, orain dela ez asko gaur egun inaktibo dauden industria-jarduerak (industria-aurriak) egin ziren eremuei arreta berezia eman behar zaie, oraindik azalera alferrik zigilatuta baitute.


 

Azken eguneratzea: 2006/02/07