Lurzorua lehengai ez-berriztagarrien iturria da; alde batetik, eraikuntzarako ezinbesteko garrantzia duten mineral ez-metalikoen iturria da (harria, marmola, kareharria, igeltsua, arbelak, hareak). Beste aldetik, mineral metalikoen iturria ere bada (blenda, galena, siderita, pirita) eta, azkenik, baita ikatza bezalako erregai fosilen iturria ere. Hobien ustiapen arrazional eta jasangarriak lurzoruko baliabideak babesten laguntzen du.
Bizkaian meatze-inguru nagusia batez ere Enkartazioetan kokatu zen. Zeru zabaleko ustiapenak ziren, nagusiki helburua industria siderurgikoa zuten burdina-mineralenak. Gipuzkoan ez dago meatze-inguru zehatzik, ustiategi barreiatuak dira eta gehienetan mineral-zainak ustiatzen dira. Arditurri meatzea zaharra izateagatik nabarmendu behar da, erromatarrek jada ustiatzen baitzuten. Araban meatze-ustiategi garrantzitsuak egon dira, eta aipagarriena Gesaltzakoa da, desberdina delako.
Gaur egun meatze-ustiategi hauek instalazio inaktiboak dira, baina haien inguruan erauzketa-jardueraren arrasto ugari geratu dira, eta arrasto horiek higadurako prozesu garrantzitsuak, poluzio hidrikoa eta ingurugiroaren eta sistema biotikoen degradazioa sorraraz ditzakete.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan zeru zabaleko mineral ez-metalikoen meatze-ustiapenek, hau da, harrobiek garrantzi handia izan dute. Instalazio horietako asko oraindik martxan daude. Horrek ingurugiroan izan dezakeen eragina da ingurune naturala deuseztatu egiten dela, eta ondorio deigarriena paisaiaren deuseztatzea da.
|