Lurzoruan barrena gai poluitzaileak sartzeak honako ondorioak dakartza: lurraren hondamena, lurzoruak bere eginkizunetako batzuk galtzea eta/edo ura poluitzea. Proportzio jakin batzuetatik gora metatzen badira gai poluitzaileak lurzoruan, ondorio txar ugari jaso ditzakete elika-kateak eta, ondorioz, giza osasunak, baita era guztietako ekosistemek eta bestelako natur baliabideek ere.
Tokian tokiko lurzoruaren poluzioa meatzaritzari, industria-instalazioei eta zabortegiei (martxan nahiz itxita daudenei) lotuta egon ohi da. Meatzaritzari dagokionez, hona arrisku aipagarrienak: lohien biltegiratzea, meategietako ur azidoak eta zenbait erreaktibo kimiko erabiltzea. Instalazio industrialak (martxan nahiz itxita daudenak), berriz, lurzoruaren poluzio puntualaren eragile nagusi izaten dira hainbatetan. Lixibiatuak, bestalde, zabortegien inguruko lurzorua eta substratu geologikoa hondatu eta ondoren lurpeko zein lur gaineko uretara pasatzen dira.