|
Uraren kalitatea zehazteko ibaialden zenbait parametro neurtzen da behaketa eta analitika errazen bidez, adibidez ondorengoak: usaina; aparrik, oliorik edo hildako arrainik dagoen ala ez; pHa; nitritoak eta nitratoak; disolbatutako oxigenoa; eta uraren tenperatura. Horrez gain, ibaiaren hondoko ornogabeen fauna aztertzen da, horixe baita ingurugiro egoera zein den jakiteko adierazle biologiko onenetako bat.
-
PHak soluzioko azidoen kontzentrazioa adierazten du, 1etik 14ra. 7ko pHa neutroa da; 4tik beherakoa, berriz, oso azidoa; eta 10etik gorako pHa oso alkalinoa.
-
Nitritoak oso toxikoak eta kaltegarriak dira arrainentzat (0,5 mg/l-ko kontzentrazioek arazoak eragin ditzakete). Erregai fosilak eta nekazaritzan ongarriak erabiltzearen ondorioz, nitrito kopuruak gora egin du naturan eta batzuetan kopuru kaltegarrietara iritsi da.
-
Nitratoak ezinbestekoak dira landareak hazteko, baina iturriko uretan gizakien kontsumorako gomendatutako gehienezko kopurua 50 mg/l-koa da. Nutriente hauen gehiegizko kopuruak eutrofizazio prozesuak eragiten ditu.
-
Oxigenoa ere funtsezkoa da ibaietako bizitzarako. Uretako oxigeno kopurua zenbait faktoreren baitan dago, hala nola uraren abiadura eta uhertasuna, tenperatura eta ibaira isuritako substantzia oxidakorren kopurua. Ibaiek euren burua arazteko ahalmena dute eta neurri handi batean ahalmen hori berroxigenatzearen baitan dago.
-
Tenperatura: uraren bat-bateko tenperatura aldaketen eragile nagusiak isurketa industrialak, nekazaritzakoak edo urbanoak izaten dira. Tenperatura altuek (adibidez udakoek) arazoak eragiten dituzte: oxigenazio ezaren ondorioz sortutako arazoak larritu, uraren dentsitatea gutxitu eta abar.
-
Ornogabe bentikoek uraren kalitatea zenbaterainokoa den erakusten dute. Izan ere, isurketa jakin batzuk izanez gero, ibaietatik desagertu egin daitezke.
|