|
Ibaietako floran eta faunan argi islatzen da ekosistema urtarren oreka. Espezie aniztasunak (hau da, ibaiaren alboetan edo ibaian sartuta animalia eta landare asko egoteak) inguru kalitate handia adierazten du. Giza jarduera batzuk ekosistementzat kaltegarriak izaten dira eta aniztasun biologikoa gutxitzea eragiten dute, adibidez isurketa industrialek, baso landaketek edo eraikuntzek. Eta hain zuzen ere, ibaialdek jarduera kaltegarri horiek ezagutzen laguntzen du.
Ur-igel arrunta
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez.

Ibaietako fauna oso anitza da: ornogabeek, anfibioek, zenbait narrastik, arrain espezie batzuek, hegazti ikusgarriek eta ura edatera edo janari bila gerturatzen diren ugaztunek osatzen dute.
Gorbatadun sugea
CENEAM-O.A. Parques Nacionales.

Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietako fauna deskribatzerakoan kontuan izan behar da animali multzoak ez direla berdinak goiko ibilguetan edo itsasoratzerakoan, eta uraren kutsadurak ere zuzen-zuzenean eragiten duela ibaietako biztanleengan (horietako batzuk desagertaraztea ere eragin dezake). Horrez gain, zenbait espezie isurialde mediterraneoan baino ez dira azaltzen, karpa eta errutilo hegatsgorria, adibidez.
Igaraba
CENEAM-O.A. Parques Nacionales

Beste ibai batzuetan espezie aloktonoak sartu eta ibaietako berezko fauna aldatu egin da. Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietan sartutako espezie batzuk ornogabeak dira (adibidez karramarro gorria) eta beste batzuk arrainak (zamo arrunta, ortzadar amuarraina edo lutxoa).
Martin arrantzalea
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez
Hain zuzen ere, arrain espezieen bidez ederki ikus daiteke ibaietako animalien komunitateak nola segidatzen diren.

Sorburutik gertu ibaia azkar ibiltzen da eta ura ongi oxigenatuta egoten da. Amuarrainak dira nagusi, eta neurri apalagoan ezkailuak eta mazkar arantzagabeak ere agertzen dira. Isurialde atlantikoan aingirak ere azaltzen dira. Goiko ibilguan behera joanez gero aipatutako espezie guztiak azaltzen dira, baina ezkailua izaten da nagusi.
Ibai-amuarraina
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez.

Erdiko ibilguetan ibaiko ura lasaiago jaisten da eta arrain ugariena loina izaten da; ezkailuak, mazkar arantzagabeak eta barboak ere azaltzen dira. Batzuetan amuarraina desagertu egiten da eta isurialde mediterraneoan sarritan errutilo hegatsgorriak agertzen dira.
Loina
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez.

Beheko ibilguei dagokienez, berriz, isurialde mediterraneoko ibaiak zabalak eta sakonak izaten dira eta barboak izaten dira nagusi; horiekin batera ezkailuak, loinak, mazkar arantzadunak, karpak, blenioak eta mazkar arantzagabeak ere agertzen dira. Isurialde atlantikoan ezaugarri horiek dituzten beheko ibilgu oso gutxi daude eta, gehienetan oso kutsatuta egoten dira. Horregatik, arrainen fauna oso eskasa izaten da.
Mazkar arantzagabea
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez

Iparraldeko ibaien amaieran ibaiko urak eta marearekin iristen den itsasoko urak bat egiten dute eta urak gazikarak izaten dira. Berezko arrain nagusia aingira da eta horrekin batera korrokoiak, arrain arantzadunak eta zapalak ere badaude. Ur gezatako berezko espezieak ere bai, adibidez ezkailuak, loinak edo barboak.
Korrokoia
Instituto de Estudios Territoriales de Bizkaia. Angel Domínguez
|