Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

euskadi.net

Hemen Zaude:
  1. Hasiera
 

Hezeguneen Mundu-mailako Eguna Txingudin

2012(e)ko Otsailak 01

Bihar, otsailaren 2an, Hezeguneen Mundu-mailako Eguna ospatuko da, Irango Ramsarreko hirian 1971n Hezeguneen gaineko Konbentzioa izenpetu zen egunarekin bat eginez.

Aurten, konbentzioaren 41. urteurrenean, Hezeguneen Mundu-mailako Eguna "Hezeguneetako turismoa: egundoko esperientzia" gaiari eskaintzea erabaki du Ramsarreko Konbentzioak.

Nazioartean Garrantzia duten Hezeguneen Zerrendan sartuta dauden mundu-mailako 1.911 hezeguneetatik, sei dira Euskal Autonomia Erkidegokoak: Urdaibai, Txingudi, Guardiako urmaelak, Uribarri Ganboako urtegiaren buztanak , Salburua eta Gesaltza Añana - Caicedoko aintzira.

Eusko Jaurlaritzatik, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak eguneratu egin nahi izan dituzte ur gezako hezeguneen kudeaketan eta maneiuan aplikatutako ekologia zuzentzen duten oinarriak, eta Natura-gune babestuetako ur gezaren ekologia biltzarra antolatu dute, otsailaren 8, 9 eta 10erako, Irungo Plaiaundi Parke Ekologikoan.

Biltzarrari otsailaren 8an emango dio hasiera Eusko Jaurlaritzako Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu andreak, eta arlo horretako 60 espezialista baino gehiago bilduko dira. Honako arlo hauekin lotutako gaiak landuko dituzte: aldaketa globala eta uretako espezieen zikloa hondatzea, ur gezako sistemen kudeaketan eta maneiuan aplikatutako ekologia; ingurumen-adierazleak; uraren ekologia ikertzeko erronka berriak eta espezie exotiko inbaditzaileak.

Biltzarra gure erkidegoko beste hezegune baterako bisita gidatu batekin amaituko da: Gesaltza Añanako diapiroa.