|
Hotel Carlton
|
| © Archivo del Nacionalismo. Fundación Sabino Arana |
Ajuria Enea Jauregia ez da Eusko Jaurlaritzak historian zehar izan duen lehenengo egoitza. Franko diktadorea buruzagi zuten tropa faxistak 1936ko uztailaren 18an Errepublikaren aginte demokratikoaren kontra altxatu zirenean, Carlton Hotelera eraman zuen lan-gunea lehen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko lehen lehendakari Jose Antonio Agirre Lekube buru zela.
Carlton Hotela Manuel Maria Smith-ek diseinatu zuen 1919an eta ordutik hona Euskadiren historian izan diren gertakari sozial eta kultural garrantzitsu askoren lekuko izan da. Hotel horretan antolatu zuten Agirrek eta bere gobernuak Euskal Gudarostea, Gerra Zibilean borrokatu eta nagusi ziren balore demokratikoak defendatzeko. Gaur egun, Bilboko eraikin enblematikoenetako bat da. Federico Moyua Plazan dago, Bilboko hiri-zabalguneko finantza zentro garrantzitsueneko kaleak batzen diren lekuan, eta monumentu historiko, artistiko eta kultural izendatu du Eusko Jaurlaritzak oraintsu. Xehetasun bakoitzean antzematen da bere balio artistikoa, estilo klasiko finarekin apainduta baitago. Carlton Hotela oso osorik eraberritu zuten 1994an oraingo beharretara egokitzeko.
1937ko ekainean Bilbo erori zenean, Jose Antonio Agirrek eta Eusko Jaurlaritzak Bartzelonara joatea erabaki zuten, Paseo de Gracia-ko 66 zenbakira. Duela gutxi plaka bat jarri dute bertan, katalanez eta euskaraz idatzita, Eusko Jaurlaritza zorigaiztoko hilabete haietan han izan zela gogorarazteko.
Hala ere, Bartzelonako egoitza horretatik Agirre eta Eusko Jaurlaritza erbestealdia prestatzen hasi ziren balizko diasporarentzat, altxamendu faxistaren jazoera negargarrienak gertatzen baziren ere. Horrela bada, Euskadiren kontsulatuak ireki ziren Londresen, Baionan eta Buenos Airesen, baina Parisen erositako eraikina Eusko Jaurlaritzaren erbesteko egoitza ofiziala izango zen.
|