|
Euskadik hiru biltzar-gune ditu eta hiru euskal hiriburuetan daude kokatuta. Behar bezala hornituta daude, nazioarteko bilerak egin ahal izateko. Guztien artean 10.000 lagunentzako lekua dutenez, Autonomia Erkidegoa leku paregabea da eskakizun-maila handiko biltzarrak egiteko.
EUROPA JAUREGIA
Gasteizen dago kokatuta, eta 1989an ireki zuten. 2003. urtean zaharberritu egin zuten, barruko eremu argitsuak, zabalak eta abangoardistak dituen eraikin modernoa eta funtzionala egiteko.
Biltzarrak antolatzeko orduan esperientzia handia duenez, egoitza erakargarria da 200-700 lagun arteko estatuko eta nazioarteko biltzarrak eta bilerak egiteko. Horrela, bada, horrelako topaketak lan-giro atseginean eta eraginkorrean garatzen dira. Zazpi areto, bi erakusketa-galeria eta 500 lagunentzako auditorioa ditu.
KURSAAL JAUREGIA
Kursaal Jauregia Donostian dago kokatuta, eta Nazioarteko Zinemaldiko egoitza nagusia da urtero. Beirazko eta altzairuzko kuboa hondartzaren ondoan dago kokatuta, eta Rafael Moneo arkitekto ospetsuak diseinatu zuen. 2.300etik gora lagunentzako bi auditorio ditu eta 10-575 lagunentzako 20 areto desberdin sortzeko aukera eskaintzen du. 1999. urtean ireki zutenetik, Kursaal Jauregiak bi milioitik gora lagun hartu ditu eta 95 milioi euroko eragin ekonomikoa sortu du Gipuzkoako hiriburuan. Horrez gain, 1.265 ekitaldi garatu dira bertan, eta, euretatik, 778 biltzarrak izan dira; eta 488, kultura-arlokoak. Era berean, arkitekturako hiru sari jaso dituela nabarmendu beharra dago: Mies Van der Rohe ospetsua, 2001ean; eta merkatu-estrategia onena duen jauregiaren saria, 2003an, Korean, besteak beste.
EUSKALDUNA JAUREGIA
Bilboko Euskalduna Jauregia Euskadi osoko handiena da, 5.000tik gora lagunentzako lekua duelako, 2.164 eserleku dituen auditorio handi batean eta zenbait ikuskizun aldi beran egiteko aparteko lau aretotan banatuta. Soriano eta Palacios arkitektoek diseinatu zuten eta 1999ko otsailean ireki zuten. Diseinua Euskalduna ontziola zaharrean eraikitako azken itsasontziaren sinboloa da, jauregia ontziolaren lurretan egin zen-eta. Barruko aldea, ordea, 53.000 metro koadroko erabilera anitzeko gune erraldoia da, eta hiriaren erdialdean dago kokatuta. Eszenatoki nagusiak 1.770 metro koadro ditu, eta gaur egun egin daitezkeen asmo handieneko ikuskizunak antolatzeko dago prestatuta.
Euskalduna Jauregiak munduko biltzar-gune onenaren saria jaso zuen 2003. urtean. Ospe handi-handiko saria da, eta, urtero-urtero, Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkarteak (AIPC) ematen du, horrelako zentroek eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea eta prestazioak kontuan hartuta.
|